BILBO. Gainera, abenduaren 11tik 20ra ospatuko den jaialdi bilbotarra "Meru" film estatubatuarrarekin hasiko du bere zortzigarren edizioa, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Jaialdiak joan den maiatzean zabaldu zuen izena emateko epea, eta, 133 pelikularekin, iaz baino hamar gehiago jaso ditu, "jaialdiak profesionalen artean duen harrera onaren erakusle".

Gainera, kontinente guztietako 22 herrialdetatik heldu dira lanak, Espainia izanik film gehien bialdu dituena, 27rekin, eta Amerikako Estatu Batuak bigarrena, 24rekin. Azkenean, esan bezala, 13 herrialdetako 43 film proiektatuko dira sail ofizialean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, iaz ez bezala, jaialdiaren nahietako bat beteko da aurtengo edizioan, "bertako produkzioa sustatzea eta euskarari garrantzia ematea, beti ere kalitateari eutsita".

Hori dela eta, Euskadin ekoitzitako lau pelikula aukeratu dira eta horietatik bik euskara dute jatorrizko hizkuntza.