ZEANURI- Ikaragarri gaztea bada ere, Gorbeia Suzien probak egundoko sona hartu du azken boladan. Orain dela hiru urte jaio zen Gorbeialdea ezagutarazi eta sustatzeko helburu nagusiarekin, baina harago doan dimentsioa hartu du kirol ikuspegi batetik. Korrikalarien izena emateko epea zabaldu eta zortzi egunera amaitu ziren dorsalak eta Europa osoko kirolariak bilduko dira bihar Zeanuriko irteeran. Guztira, 550 korrikalarik eta 350 oinezkok gozatu eta sufrituko dute asteburu honetan lasterketa eder eta gogor honetan. Eta Arratiako herriek benetan eskertuko dute hitzordu honen dinamismoak inguruan utziko duen guztia.
Izan ere, proba nagusiaz gain, asteazkenean abian jarri zen egitarau zabal bat prestatu dute aurten antolatzaileek. Besteak beste, gaur arratsaldean Denis Urubko mendizale handiaren hitzaldi bat izango da, bihar mila pertsonarentzako bazkari herrikoia antolatu dute eta adin guztiko jendearentzako ekitaldiak izango dira (tirolinatik break dancer batzuen performance bateraino). Igandean izango den umeen lasteketarekin amaituko da bost eguneko egitaraua.
Inguruko hotel, taberna eta dendetan igarriko dute “lasterketa bat baino gehiago den” hitzordu hau. “Asteburu garrantzitsua da eta herriak pozik daude probarekin. Taberna batzuek probagatik irekitzen dute eta, esate baterako, mila pertsonarentzako izango den bazkarirako jakiak inguruko dendetan erosi ditugu, azpimarratu du lasterketa zuzendari Gotzon Idirinek.
Balneario Areatza Hoteletik eragin hau baieztatzen dute. “Ditugun 65 logeletatik, 20 inguru proban parte hartuko dutenek erreserbatu dituzte. Lehen urtean gutxiago igarri zen lasterketaren eragina, baina azken bietan asko sumatu da. Gehienek, gainera, bi gau egingo dituzte. Eskertzen dira horrelako ekimenak”, azpimarratzen du hoteleko zuzendari Iker Mintegik.
Lasterketari dagokienez, probak aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Hiru kategoria daude: senior, junior eta kadete. Horrekin batera, oinezkoek erabaki dezakete martxa luzea (26 km) eta laburraren artean (22 km). Ibilibide hauetako partaideak goizeko 7.30etan abiatuko dira, eta lasterketa nagusiko korrikalariak 9.15etan izango dira irteeran. Hauen artean munduko lasterkari onenetako asko izango dira, benetako ikuskizuna ematen Gorbeialdeko maldetan. - A. Goyoaga