BILBAO. Raikkonenek 18 garaipen, 62 podium eta 16 'pole position' lortu ditu 1 Formulan. "Bere esperientziak eta garaipenek datorren urtean aurrerapausoa ematen lagunduko diote taldeari. 32 urteko finlandiarraren konpromisoa konfiantzazko botoa da Lotus Renault GPrentzat, datozen denboraldietarako taldearen ausardia eta filosofia berria erakutsiz", dio oharrak.

Gidari finlandiarra "oso pozik" agertu da automobilismoaren maila nagusira bueltatzeagatik. "Lotus Renault GPri eskertu behar diot aukera hau eman izana. Rallyen Munduko Txapelketan egin dudan denbora oso baliagarria izan da nire pilotu ibilbidearentzat, baina esan behar dut 1 Formularekiko dudan gosea asegaitza izan dela azkenaldian", aitortu du.

Sauber, McLaren-Mercedes eta Ferrari taldeetan aritu den gidari beteranoak esan du Lotus Renault GPrekin fitxatzeko erabakia "erraza" izan dela. "Txundituta geratu naiz taldeak duen anbizioarekin. Orain egiteko garrantzitsua izan nahi dut taldea irteeretako aurreko postuetan egon dadin laguntzeko", adierazi du.

Bestalde, Genni Capitaleko presidente eta taldeko jabea den Gerard Lopezek aitortu du Lotus Renault GPk "ziklo berria" hasi behar duela eta gidari finlandiarra fitxatu izana goratu du. "Kimik 1 Formulara gurekin itzultzeko hartu duen erabakia, etorkizunean lehiakide serioagoa egingo gaituen hainbat berriren arteko lehena da", aipatu du.

Gainera, espainiar jatorriko enpresaburu luxenburgotarrak aitortu du "munduko txapeldun batekin lan egiteko" irrikitan daudela, aurki "maila gorenean" lehiatuko baita. "Talde guztiaren izenean, ongietorria egin nahi diot Kimiri Enstonera, 1 Formulara beti hurbilketa gizatiarra egiteagatik ezaguna den lekura", esan du.