Mary Shelleyk 1818an sortutako liburua oinarri hartuta, gutuna idatzi dio Ana Galarragak Victor Frankensteini, hainbat beldur, kezka eta zalantza paperera ekarrita. Osasun-krisiak eragindako itxialdian, Galarragak ez zuen liburutegiko eleberriak maileguan hartzeko aukerarik, eta etxean dituen liburuak bigarren edo hirugarren aldiz irakurtzen hasi zen. Horietako bat da Mary Shelley idazlearen Frankenstein izenekoa. Istorioak Victor Frankenstein zientzialari suitzarra du protagonista, eta gorpu zatiekin izaki bizidun bat sortu zuela kontatzen du. Antza, beldurgarria zen izakiaren itxura, eta munstrotzat hartuta, baztertu egin zuen sortzaileak.

"Gaur egun bizi dugun garaiarekin paralelismoa egiteko asmoz idatzi nuen gutuna", azaldu du, eleberrian alderdi zientifikotik azaltzen diren kezkak gaur egun ere badaudela iritzita. Horrez gain, Zientzia fikzio feminista Zarautz izeneko taldean aritu zela aipatu du, hainbat eleberriren irakurketa feminista egiten, Arrate Hidalgok gidatuta. Frankenstein bera izan zen taldean aztertutako liburutariko bat. Galarragak ezin izan zuen bertaratu, eta irakurketa egiteko gogotsu gelditu zen.

"Zilegi ote da bizitzara itzularaztea? Jainkoa izatera jolasteak zigorrik ote dakar?". Galarragak planteatzen dituen galderen adibidea dira aipatutako biak. Kezka etiko eta filosofikoak partekatzen ditu gutunean, baita bazterkeriari eta botereari buruzkoak ere: "Ahalmena izateak eskubidea ematen dizu ahal horiek guztiak erabiltzeko?".

NOR DA MUNSTROA?

Horrez gain, norberak hartutako arduren gaineko galdera ere egiten dio Victor Frankensteini: "Aurreikusi gabeko ondorioak daudenean, norena da ardura?". Orainaldira ekarrita, klima-larrialdiarekin lotu daitekeela dio zientzialariak. Eta, baita hausnarketara garamatzan beste hau ere: "Nor da munstroa?".

Shelleyren istorioak kontatzen duenez, Victor Frankensteinek munstroa sortu zuen, baina egin izanagatik, bere buruarekin erabat torturatuta bizi zela azaldu du Galarragak: "Nor da munstroa, desberdina dena edo horren gaineko ardura duena? Ez ote da Victor bera munstroa?". Azken galdera hau migratzaileen gaiarekin ere erabil daitekeela dio: "Demonizatzen ditugu, baina, agian, gu gara munstroak, guk tratatzen ditugulako desberdin, eta horrek ondorioak dakartza".

EGILEAREN AITORTZA

Feminismoaren gaineko kezka ere ageri du testuak. Izan ere, lehenengo argitalpenean sinadurarik gabe argitaratu zen, eta Mary Shelleyren senarrari egotzi zioten egiletza. Beranduago onartu zioten berari, eta liburuak arrakasta izugarria izan zuen (hainbat moldaketa izan ditu, zinemetara heldu da€). Galarragak dioenez, bestalde, liburuak balio handia badu ere, egilea ez da aitortu "inondik inora ere", eta gizonezkoa izan balitz, beste errekonozimendu bat izango lukeela dio. Izan ere, idatzitako eleberritik moldaketa asko egin dira, eta ez da erabat errespetatu Shelleyk sortutako pertsonaia eta istorioa.

Hori dela eta, emanaldia amaitzerakoan poema bat errezitatzen du Galarragak, Miren Agur Meabe idazlearen 'Mary Shelley eta bere piano gardena', hain zuzen ere. Dioenez, errezitaldirako propio sortutako poema dela dirudi, hala ez den arren: "Aldarrikapen bat da, Mary Shelley bera ere ezberdina izan zelako. Bere garaiko emakume modura egitea egokitzen zitzaionetik atera zen, eta ordainarazi egin zioten, munstroari gertatzen zaion bezala".

GALDERA BERRIAK

Agerikoa denez, emanaldia sortzearen helburua pentsaraztea dela aipatu du Galarragak, filosofiaren ildotik. Testua ez da batere kategorikoa, eta azaldu du asmoa galdera berriak sorraraztea dela, erantzunak ematea baino. Gogoeta eragitea gustatuko litzaioke emanaldiaren bitartez: "Agerian jarri nahi dut gure espeziearen kezkak eta mamuak berdinak direla lehen eta orain, eta beti harri berarekin egiten dugula estropezu". Horrez gain, hitzarekin gozaraztea ere da xedeetako bat, eta horretarako baliatu ditu Petti musikariaren hitzak ere.

Literatura eta musika uztartzen ditu ordubeteko iraupena duen emanaldiak. Petti musikariaren laguntzaz sortu du Galarragak, hitzak eta abestiak partekatuz. Dena den, ez da txandakako zerbait, zientzialariak azaldu duenez, emanaldia oso ondo josita baitago. Izaera oso bat du, eta berak kantuetan parte hartzen duen modura, Pettik ere errezitaldian esku hartzen du. Idatzitako gutuna bera da emanaldian zehar errezitatzen duena, izan ere, Mary Shelleyk idatzitako liburua ere gutun bat da.

(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren jaialdian estreinatu zuten emanaldia, urtarrilean. Ordutik, beste hainbat lekutan izan dira, eta Zarautzen dute hurrengo zita. Maiatzaren 28an eskainiko dute errezitaldi musikatua, Literaturia Jaialdian. Galarragari ilusio berezia egiten dio emanaldia bertan egiteak, izan, ere, aurreneko urteetan jaialdiaren koordinatzaile izandakoa baita bera.