Hango eta hemengo aizkoren irudiak biltzen pasa ditu urteak Sahatsa Jauregi (Itaparica, Bahia, 1984) artistak, eskultura pieza noiz bihurtzeko zain. Babestu sorkuntza laguntzeko programari esker sortu zaio aukera. Urnietan familiako aizkora tailerrean egonaldia egin, eta Jose Ramon aizkoragilearen laguntzaz ondu ditu burdinazko 10 pieza eta aizkora moldeekin osatutako hamaikagarrena. Aizkorarik ageri ez duen 'Aizkora' erakusketa ondu du eskulturagileak. Lehen kolpean ageri den aizkoren moldeekin sortutako pieza parez pare duela kontatu dizkigu erakusketak sortutako buruhausteak eta pozak.

'Aizkora' erakusketa aurkeztu berri duzu Bilboko Azkuna Zentroan. Zer barnebiltzen du?

Ikerketa lan baten azken partea da, eta bi ataletan bereizita dago. Alde batetik, pieza batzuk egin ditudanak nire familiakoa den aizkora tailer batean, Urnietan, Jose Ramon aizkoragilearen laguntzaz. Nik baneraman denbora aizkoren inguruan ikertzen, biltzen eta iruditegi hori lantzen; baneukan gogoa zubi moduko bat egiteko bere praktikaren eta nire praktikaren artean.

Erakusketa bi atal oso nabarmenetan bereizita ageri da: moldeak, lan prozesuak, batetik, eta burdinazko piezak, bestetik. Zergatik hautu hau?

Badaude pieza batzuk abiatzen direnak tresna konkretu horretatik eta ekartzen ditudanak bere lan metodologikoetatik eta aplikatzen ditudanak nire interes propioetara. Baina, gero, hilabete hauetan egon naizenean tailerrean ere bai aurkitu nintzen molde batzuekin erabiltzen zituenak bere garaian aizkorak egiteko eta dagoeneko apartatuta zeuzkanak. Moldeekin lan egiteko gogoa ere baneukan. Orduan, hasi nintzen pentsatzen nola egin nezakeen pieza bat erabiliko zituenak molde horiek; baina, beste alde batetik, erantzungo ziona arazo praktiko logiko bati: molde horretatik ateratzen den material guzti horrek bilketa eta garraioa. Askotan eskulturan gabiltzanok horrelako erabakiak hartu behar ditugu, gure piezen forma finalak baldintzatuta daude arazo praktiko horiengatik. Pentsatu nuen desegingo zen pieza bat egitea, eta bakarrik hemen existituko zena.

Eskultura du oinarri erakusketak, eta, oro har, diziplina horretan mugitzen zara. Eroso zaude eskultura lantzen?

Eskultura mundura aldaketa nahiko modu naturalean gertatu zen unibertsitatea bukatu nuenean, eta geroztik, nahiz eta lan prozesuan beste teknika batzuk eraman izan ditudan, eduki dut hautu pertsonal gisa eskultura bakarrik erakustearena eta hor egitea ibilbide ahalik eta garatuena aspektu horretan. Horretan, eta horren inguruan hedatu daitezkeen eszenografia eta anbientazioetan. Hau da, pertsona (ikuslea edo musikaria), objektua eta espazioa. Hiru elementu horien artean mugitzea izan da nire hautua.

Kasu honetan hiru elementu horiek nola uztartu dira?

Beste eszenografia lan batzuetan subjektuak askoz ere leku zentralagoa dauka; esate baterako, musikariei egin izan diedanean. Hemengoa da ikuslea; kontrolatzen ez duzun hori. Espazioari dagokionez, gauzak lekuan nola kokatzen diren asko hausnartu dut. Interesatzen zitzaidan lehenengo kolpean pieza handi bat egotea eta hurbildu ahala erakusketa gauzak erakusten joatea.

Piezak egin eta gero sortu zen erakusteko aukera?

Ez. Erakusketa dago antolatua Babestu bekaren barruan, eta aurkeztu nintzenean baneramatzan urte asko aizkoren irudiak biltzen eta aizkoren informazioa jasotzen. Hau izan zen aukera bat eskulturara salto egiteko eta Jose Ramonekin lanean hasteko. Hasieratik banekien pieza hauek hemen erakutsiak izango zirela, nahiz eta ez jakin zeintzuk ez zein leku hartuko zuten.

'Aizkora' izenburu, aizkora objektu, aizkora inspirazio iturri. Zergatik?

Badago lotura biografiko oso ebidente bat, lotura bat, hasieratik dagoena. Baina nahi izan diot aizkorari begiratu Jose Ramonek egiten dituen tresna horietatik harago eta ikusi iruditegi horretan zein leku hartzen duen, nola irudikatzen den Hernani bezalako herri batean hazi garenontzat aizkoraren iruditeria kartelgintzan, pegatinagintzan, pintadetan izan da elementu konkretu bat erreiteratiboki behin eta berriz azaldu dena.

Aipatu duzu zure prozesuen berezko ezaugarri den irudi bilketa. Oraingoan ere horrela izan da.

Bai, hori da. Egon da ibilbide natural bat; ni aurkitzen joan izan naizen irudi horiek, eta baita ere bidali dizkidatenak. Nire inguruan denek asoziatzen naute aizkorekin. Bilaketa bibliografiko ere egin dut: Lazkaoko Benediktarrengana ere jo dut aizkoren irudien bila. Hausnartu nuen historikoki aizkorak zein leku eduki duen bai gatazka garai guztian, baita gatazka ondorengo irudi gabeziako garai hauetan ere, non irudikapen barroko hori guztiz geratu den. Bat-batean dago hutsunea, zuloa. Eta hor aizkora, zer? Non geratzen da? Aizkorak zer leku sinboliko jokatzen du? Gehienbat lotuta aizkora ehorztearen asoziazio sinbolikoari. Oso esanguratsua da armagabetzea eta urtebetera egiten diren ekitaldi publikoak direla oso pobreak irudi aldetik. Armagabetze berak ez dauka irudirik.

Orduan zure lotura izan da nola aizkora lotu den gure herrian borroka armatuarekin. Beste loturarik ere badago, ezta? Baserri mundua, herri kirolak, tradizioa, enbor mozketa...

Nik egin dudana izan da instrumentu hori jarri erdian eta hasi begiradak jaurtitzen eta ikusi zenbat lekutatik irakurri daitekeen. Kirolarena eta desafioena bada nolabait ukitzea tokatu izan zaidan zerbait, nahiz eta asoziazio hori agian pertsonalki ez zait hainbeste interesatzen. Bestetik, sinbolikoki aizkora beti egon da baserriaren babesarekin erlazionatuta. Barandiaranek aztertu zuen, baserri askotan Gipuzkoan batez ere, jartzen zela aizkora bat gora begira tximistak mozteko. Irudi poetiko polita da.

Prozesuak esperotako fruituak eman ditu?

Nik pentsatzen nuen: bilduko ditut irudiak eta hemendik aterako diren irudi estimulanteak eta hortik abiatuta eskulturak egingo ditut. Baina hor ere egon da frustrazio momentu bat, dezepzio une bat. Benediktarren artxibo erraldoira joan nintzen eta esan zidaten: "Zer nahi duzu?". Esan nien: "aizkoren irudiak". Espero nuen bertara joan eta erakutsiko zidatela horrelako aukera abaniko bat infinitu eta aberasgarria. Erantzuna hurrengoa izan zen: "14.000 kartel ikusi ditut eta bakarrik daude ETA-ren anagrama eta Negu Gorriak-en logotipoa". Konturatu nintzen irudi bera errepikatu dela behin eta berriz. Mezu politikoaren menpe dagoen irudi sinbolikoa beti da berdina; errepikapena da bere existentziaren logika eta bere bizitzeko arrazoia. Horrek niri eskulturan lantzea gustatzen zaidanarekin zerikusi gutxi dauka. Behar izan dut itxi artxiboa eta behin tailerrean beste prozesu mota batzuk eman non sorkuntzak eta desbideraketek leku gehiago zeukaten.

Noiz bilakatu zen aizkora tresna burdinazko artelan?

Metalarekin lanean nenbilela aizkoraren ahora joan nintzen mozten, lixatzen. Egon zen momentu bat bidea argitu zidana. Aizkora forjatzen ari nintzela, hartu zuen horrelako begietako eyeliner forma. Figurazio horretatik jarraitzeko gogoa piztu zitzaidan, eta horrek eraman ninduen aurreko erakusketako metalezko materiala ekartzera eta elkarketa horretan uste dut gorputz bat hartu dutela pieza guztiek.

Hasi zinenean pentsatu zenuen amaierako forma hauetakoren batean edo zu zeu harritu zara nola eraldatu den aizkoraren irudia?

Nola begiratu dezaket aizkora bat dagoeneko ezagutzen dudan irudi hori bueltan jaso gabe? Hori zen galdera.

Dezepzioa piztu izanda ere, oso aspaldiko eta erraietako zerbait izan da aizkorak artelanetarako hizpide hartzea.

Bai. Jose Ramonen lanaren eta nire lanaren artean zubi batzuk ikusi nahi nituen, baina berez egiten dugun lana guztiz kontrakoa da. Jose Ramonen lana da behin eta berriz ezaguna denaren gainean egitea eta berregitea eta pieza perfektu hori lortzea. Aldiz, nire lanak bilatzen ditu aurretik ezagutzen ez ziren edo hor zeudela ez zenekien formak. Baina badago zerbait asko interesatzen zaidana Jose Ramonen tailerretik: kanpoan dituen eskulturak, erabiltzen dituen souvenir-ak bezeroei oparitzeko, oparitutako aizkora berezi bat... Hor berak objektuarekin daukan erlazio horretan, ez hain funtzionala baina kapritxozkoa, horrekin bai sartu naiteke gehiago.

Zer du prozesu honek berezitik?

Mugatu izana material batera. Landu izan dudan eskultura egiteko modua izan da objektu ezberdinak eta jada existitzen ziren objektu aurkituen arteko elkarteka eta engranajea. Eta, bestetik, aspektu historiko antropologikoa txertatzea.

Zuk zeuk sortu duzu aberastasuna, zuk transformatu.

Niri gustatzen zait lagun batek esan zidana: moldeen piezak irudikatzen duela egiteko modu arkaikoa, tradizionala, eta beste piezek daukatela umore puntu bat. Disfrazekin lotuagoa. Zilegiztatu dut nire burua desbideraketa honen bidez. Natorren lekua hain izanda zurruna, gogorra, pisutsua, zaratatsua... arintze ariketa bat izan, eta perbertsio txiki bat proposatzea bezala. Anbiziozkoa irudi lezake, baina izan da jokoa eta umorea txertatzea seriotasun handiko artxibo zein tailer testuinguruetan.