Trilogia baten amaiera bezala aurkeztu zuen Gernika-Lumoko Dientes de Luna musika taldeak bere azken lana (Medusa), taldearen bilakaera agerian utzita eta beldurrak bazter batean lagata. Eszenatokiz eszenatoki aritzeko sasoia da beraientzat; apirilaren 8an, esaterako, Madrilera eramango dute beraien musika gerturatzen direnen gozamenerako. Emanaldien atzean lan eta burukomin ugari izaten diren arren, emozioz betetakoak direla argi dute Aimar Cidek (abeslaria eta gitarra jotzailea) eta gainontzeko kideek.

'Utopista' 2018an, 'Atmosfera' 2019an, eta 'Medusa' 2021ean. Urte bakoitzean disko bat ateratzea zen asmoa, baina ez zen posible izan. Kolpe handia izan al zen zuentzat?

Hala bizi izan genuen hasieran, baina ez diskoagatik, baizik eta prestatuta geneukan guztiagatik. Diskoko abestiak kaleratzeko prest genituen arren, hiru urte eman ditugu berau prestatzen. Konfinamendua iritsi zen asteburu berean bi kontzertu garrantzitsu genituen. Bertan behera utzi behar izan genituen kontzertu pilo bat eta horrek bai eman zigun pena handia. Hasierako helburua hiru urtetan hiru disko ateratzea izan zen, eta horregatik pena sentitu genuen, baina, beste alde batetik, denbora hori "diskoa hobetzeko" baliatu genuen.

Diskoa kaleratu ez arren, ez zineten geldirik egon.

Konfinamendu garaian kontzertuak ematen jarraitu genuen; guk musika horrela ulertzen dugulako, aurrera egin nahi dugulako. Kontzertuak eman genituen eta single eta abesti berriak atera genituen, jakinik ere, beharbada, ez genuela edukiko nahi genuen oihartzuna. Alde batetik, guregatik egin genuen aurrera, ez genuelako sentitu nahi gure lana bazter batean geratuko zenik, baina, batez ere, jendeagatik jarraitu genuen; etxean sartuta geunden guztiok, eta polita izan zen sare sozialetatik zabaldu zena, zuzenekoak ere oso politak izan ziren. Jendeak hori baino gehiago merezi zuen, gehiago zor genion. Eta gu aktibo egote horrek jendeari on egingo ziola pentsatu genuen.

"Disko honekin transmititu nahi izan dugu gure bizitza nola aldatu den eta nola baztertu ditugun beldurrak"

'Medusa' aitzakia perfektua izan zen taula gainera igotzeko.

Azaroan kaleratu genuen diskoa, oraindik ere egoera oso egonkorra ez zenean. Baina Medusa-ren momentua orduantxe zela argi geneukan; beste urtebete itxarongo bagenu, Medusa urrun izango genuke. Guk beti jokatu izan dugu horrela; momentuan nahi duguna egiten, bihotzari jaramon egiten. Beste talde batzuk dena neurtuta izaten dute: zer, noiz eta nola atera gauza bakoitza, baina guk ez dakigu neurtzen, gogoa izanez gero, aurrera egiten dugu.

Otsailean hasi zenuten 'Medusa'-ren bira. Nolakoa izaten ari da?

Oso ona izaten ari da; ez genuen halakorik espero. Gaur egun kontzertu ugari ditugu eta berri oso ona da hori, talde asko baitago. Zentzu horretan, buxadura polita dago; jotzeko leku bat lortzea ez da gauza erraza, eta hori oso berri ona da musika eta kulturarentzat. Ezin gara kexatu, kontzertu nahikotxo izan ditugulako otsailetik gaur egunera arte, eta aurrerantzean ere hala izango dela espero dugulako. Medusa diskoari eman dioten harrera, gainera, ezin hobea izan da eta oso pozik gaude.

Hara eta hona zabiltzate; datorren astean Madrilen duzue hitzordua.

Ez da lehen aldia Madrilen jotzen duguna, eta orain arte, behintzat, harrera polita izan dugu. Geroz eta abesti gehiago sortzen ditugu euskaraz, eta geroz eta jende gehiago gerturatzen da Madrilera, eta hori asko eskertzen dugu.

Oraingoan, abesti batzuk euskaraz eta besteak gazteleraz sortu dituzue. Badaukazue bata edo besterako joerarik?

Ez dakigu hurrengo diskoko abestiak euskaraz ala gazteleraz izango diren; ez daukagu asmo zehatzik. Abestiek beraiek ere askotan eskatzen dizuete modu batera edo bestera egitea. Utopista diskoarekin Dientes de Lunaren identitatea sortu genuen. Aurretik baditugu beste bi disko ere, eta horietan gure musika eraginak zeintzuk diren nabari daitezke. Baina Utopista-rekin esan genuen: hau da Dientes de Luna dena. Eta identitatea sortzearekin batera, gure hizkuntza sartu behar genuen. Ateratzen zaiguna eta benetan nahi duguna egiten dugu guk. Hala ateratzen dira abestiak eta hala izaten jarraituko du, pentsatu gabe euskaraz edo gazteleraz egiten ari garen.

Letra gabeko abesti bat ere baduzue: 'Medusa'. Batzuetan, hitzik ez da behar zerbait esateko, ezta?

Medusa azkenean trilogia baten amaiera izan da, eta hiru disko hauetan planetako elementuak adierazi nahi izan ditugu, modu batera edo bestera: Utopista diskoarekin lurra; Atmosfera airea; sua kontzertuetan egongo zela ulertzen genuen; eta, azkenik, Medusa lanarekin amaiera bat irudikatzen genuen. Amaiera horrek uretan izan behar zuen, uretatik gatozelako eta nork daki uretan amaituko ote dugun. Hala ere, diskoari berari ere uraren ukitua eman nahi genion, eta orduan pentsatu genuen ura burura zekartzan abesti bat sortzea. Horregatik erabaki genuen abesti instrumental bat sortzea, eta nik uste dut bilatzen genuena lortu dugula.

Ura da bizirauteko behar duguna. Zein da Dientes de Lunaren ura?

Guk behar duguna da benetan guk nahi duguna egitea da gure ura. Gaur egun ez gara jendeak pentsatzen duen horretan pentsatzen hasten, gure ura hori da, indarra ematen diguna hori da: gure pentsatzeko modua lehenestea, gainontzekoen iritziari garrantzia handirik eman gabe. Gure barrura begiratzea eta barruan dugun hori kanpora ateratzea guk nahi dugun moduan.

Zer dakar zuen azken diskoak?

Utopista lanarekin hasi genuen Dientes de Lunaren aldaketa, eta orduan hasitako etapa hori bukatu nahi izan dugu Medusa-rekin. Identitatea sortu dugu: Dientes de Luna rocka da, baina rocka bere adar askorekin. Azken urte hauetan Dientes de Lunaren taldekide kopurua handitu egin da, eta horrekin batera, aire freskoa ere eman diogu. Musika estilo ezberdinak ere sartu ditugu. Medusa-rekin nabari da bilakaera bat egon dela; oinarrian betiko rocka dagoela, baina aire freskoa ere baduela.

Garrantzia handia ematen diezue letrei. Batzuetan, zuek esaten duzuena ez da entzuleak ulertzen duena izango€

Guk bizi ditugun gauzak kontatzen ditugu, baina guri gertatzen zaizkigunak jendeari ere gertatuko zaizkio. Nik, esaterako, ez dut gertatzen zaidana kontatu nahi, nik nahi dudana da jendeak pentsatzea berari zer gertatzen zaion, eta bere egitea kantuak; beharbada, gauza bera bizi izan dugu baina modu ezberdinean, nahiz eta min bera izan iturri ezberdinetatik iritsi daitekeelako. Hori guretzat aberasgarria da. Aurreko baten kanta bat idatzi nuen beste pertsona batengan pentsatzen, eta ohartu nintzen, agian, abesti hori niretzako kantatuta ere egon zitekeela. Besteengan sortu nahi nuen eragin hori nigan sortu nuen.

Kritikarako tartea ere bada diskoan€

Hala da, bai. Guk pandemia guretzako erabili dugu; gure lanak hobetzeko eta identifikazio handiagoa izateko egiten dugun horrekin. Beste batzuk, ostera, gure sektore berean, beraien ospea handitzeko aprobetxatu dute. Pandemia oso ona izan dela esan duenik ere izan da; baliteke berarentzat abesti berri bat kaleratzeko aukera ona izan izana, baina ezin daiteke esan halako egoera bat ona izan denik. Nork bere estiloa du, baina guk ez dugu begi onez ikusten nork bere kantak saltzea, eta gaur egun Euskal Herrian hori gertatzen ari da; artistak beraien lana edo beraien abestiak saltzen hasiak dira. Zilegi da, baina guk ez dugu hautu hori egiten, egiten duguna bihotzez egiten baitugu. Azken finean, marioneta batzuk marioneta batzuetatik sortzen dugu euskal musika eta euskal kultura: musikariok marionetak gara, eta entzuleak ere marioneta izaten hasten dira. Ikuspegi horri egiten diogu kritika, esaterako, Marea abestian.

"Ez dut gertatzen zaidana kontatu nahi, nahi dudana da jendeak kantuak bere egitea"

Nolako harrera izaten ari da 'Medusa' diskoa?

Oso pozik gaude, harrera ona izaten ari da. Jendea gogoz dago, eta hasi gara, pixkanaka ikuspegi kritikoa ere bereganatzen. Hasieran, konfinamendutik bueltan, guztia zen ikaragarria. Singlea aukeratzerako orduan, esaterako, sei taldekideon artean ere ez ginen ados jartzen, kide bakoitzak abesti bat zuelako gustukoen single bezala aurkezteko. Seinale ona da hori, abesti indartsuak ikusten genituelako. Egun ere, singleak kaleratzen jarraitzen dugu.

Zalantzak zalantza, 'Maldita' aukeratu zenuten diskoa aurkezteko lehen abesti bezala.

Maldita izan zen diskoa aurkezteko kaleratu genuen lehen abestia, eta, era berean, azken momentuan egindako abestia ere izan zen. Lehenengo izan genuen ideia izan zen, baina burukomin asko sorrarazi zizkigun. Kanta horren letrekin liburu bat idatzi genuen ia-ia; 20 aldiz edo sortu genuen abesti hori€ Baina azkenean, hain zen gure poza emaitza ikusita, lehen singlea izatea erabaki genuela.

Disko honekin zer da transmititu nahi izan duzuena?

Taldekideen bizitzetan aldaketa asko izan dira azken urte hauetan, eta horri lotuta, gure filosofia transmititzen dugu; nola aldatu den gure bizitza, zer ikasi dugun, eta, batez ere, nola baztertu ditugun beldurrak.

Eta beldur gabe taula gaineratuko zarete aurrerantzean ere. Non izango du entzuleak zuekin gozatzeko aukera?

Apirilaren 8an Madrilen izango gara, 29an Zornotzan eta 30ean Arrasaten. Maiatzean Ortuellara joango gara, eta uda parterako ere ari gara mugitzen.