Ze eragin dute musika tresnek musikariarengan? Eta bestelako materialek? Anplifikadoreek? Efektuek? Grabazio tresnek? Non jaio den? Denak baldintzatzen du musikaren azken emaitza. Hala ere, azkenaldiko autotune eta bestelako teknologien inguruko eztabaida zentzugabeak ez du amaierarik. Gaurkoan Soinutopian disko soil eta esku hartze gabekoak gomendatzen saiatuko naiz. Naturaren soinuarenak, biomusika. Edo fauna eta floraren eraginarekin zerikusi handia dutenak, behintzat. Gure planetak igortzen dituen soinuen ikerketa amaigabea da, hala landa grabazioak, soundscapinga (soinu paisaiak) edota mugimendu sismikoen diskoak ere aurki daitezke gaur egun.

Adibidez, soinumapa.net egitasmo irekia Euskal Herriko soinuei buruzko xehetasunez beteriko mapa egiteko eratu zen. Horrela, ez bakarrik lurrarenak, baizik eta gizartearen soinuak bilduz. Arratsalde pasa merezi du web orriak, soinua ere errealitatearen parte garrantzitsua baita. Soinu esperimentu bitxiek izan dezaketen interesaz gaindi, lau musika lan hauek nahiko bitxiak dira, eta anekdotatik at gure bilduma edo playlistetan lekua irabazi dezaketenak. Baina, hara! Hauek ere norbaitek grabatu omen ditu intentzio eta ahalmen jakin baten pean€ Ba al dago natura bere hutsean entzuterik, zuzenean ez bada? Behin hausnarketarako bidea irekita, ekin diezaiogun konplexurik gabe lau disko zoragarri hauen dastatzeari.

"Mother Earth's Plantasia" Mort Garson (1976)

Kasu, disko hau psikoaktiboa da eta menpekotasuna sortzen du! Musika elektronikoan aitzindari izan zen Mort Garson artista kanadarrak eskarmentu handia zuen Moog sintetizadorearekin. Disko tematiko asko egin zituen horrela, hala nola zodiakoaren zeinuei dedikatutako bana; emaztearen lorezaintza zaletasunak eraginda landareei eskainitako lan bat konposatu zuen arte: Plantasia.

Sintetizadorez eta erritmo kutxez osatutako lan instrumental eder hau Los Angeleseko landare denda batean promozio gisa oparitzen zuten, beraz ez zuen harrera handirik izan interneten kultuzko bihurtu zen arte, eta Sacred Bones zigiluak 2019an binilo edizioa argitaratu du.

Oso bitxia da zelan lore bakoitzari dedikatutako abestiak imajinazio handiz eta ezaugarriz janzten dituen, eta diskoaren azalak entzutera bultzatzeko beste guztia ematen du: bikote bat landare bati besarkatuta, musika gustura entzuten eta Lur musika beroa landareentzat€eta landareak maite dituzten pertsonentzat azpititulua.

"Catalogue d'oiseaux" Olivier Messiaen (1958)

Messiaen konpositore frantziarrak hamarkadak eman zituen txorien txioei adi. Baina 1952an Jacques Delamain naturistaren eraginez, soinuak transkribatzeari eta entzunaldiaren leku eta datak izkiriatzera ekin zion. Hala, 1958an estreinatu zen pianorako pieza sorta hauen konposiziorako, 77 hegaztiren kantuak erabili zituen.

Baina hau ez da lan dokumentala, ez dira grabazioak edo txorien "ahotsak" erabiltzen direnak; baizik eta haien "konposatzeko" era Olivier Messiaen musikariaren inspirazio gisa. Edo haien komunikatzeko era soila, giza belarriek musika konposatua bihurtutakoa.

Pianoan jotzeko zazpi partitura liburuetan zehar hontz, bele edota enaren kantek sortzen dituzten melodia jostalari eta tupusteko erritmoak interpretatu daitezke. Egun, ia hiru orduko disko bilduma hirukoitzean lortu daiteke, piano jotzaile ezberdinek interpretatua.

"Now the animals have a voice" Caninus (2004)

Grindcorean berez dira txerri kurrinken antzerako ahotsak ohiko. Baina 2003an Most Precious Blood taldeko bi kidek eratutako Caninus taldeak harago eraman zuen kontzeptua, haien grindcore formazioan bi pitbull abesten jarrita.

Basil eta Budgie deitzen ziren txakurrak, eta jabeen taldean abestearekin pozarren zeuden, baina grabazioak egitera mugatu ziren, zuzenekoa animalientzako jasangaitza izango zelakoan. Hiru disko argitaratu zituzten horrela, lehenengoa "Now animals have a voice" titulu subertsibodun hau. Papagaio bat abeslaritzat duen "Hatebeak death metal" taldearekin ere partekatu zuten lan bat 2011n Basil txakurra hil zenean proiektua bukatu zuten arte.

Abesti eta irudi bikainak utzi dituzte, grindcore zaleentzat txantxa baino gehiago direnak. Esaterako "No dogs, no masters" abestitzarra. Hauek Youtubeko iruzkin hoberenak: "Pitbull abeslariak baino letra sakonagoak" edo "Azkenik! Gustatzen zaidan pitbullen kanta bat".

"Songs of the Humpback Whale" Roger Payne (1970)

Lan hau aro garaikideko disko edo dokumentaziorik politenetakoa da, eta aukeraketa honetan Voyaguer urrezko diskoan (bai, espaziora bidali zen hura, estralurtarrek biniloak entzuteko gailua edukiko dutelakoan) agertzearen ohorea duen bakarra. Roger Payne bio akustikoa, baleen ehiza zela-eta kezkatua, errusiar urpekontziak entzuteko hidrofono baten grabazioetan arakatzen hasi zen. Eta han aurkitu zituen baleen kantuen lehen grabazioak, gerora bere emaztearekin nahita errepikatu zituenak.

Konkordun bale har gehienak abesten zutela deskubritu zuten, eta baita abestiok urtetik urtera aldatzen direla, aurreko kantak betiko ahaztuta. Hain da hunkigarria animalien kantua diskoak arrakasta handia izan zuela berehala, eta gainera bale ehizaren inguruko sentsibilizazioa bultzatu zuen, debekua ahalbidetuz. Gaur egun ambient musikan new age esoterismoaren kutsaduraz itsasoko soinuen milaka disko egingo dira, baina bat ere ez hau baino interesgarri eta ederragorik.