Aurrera egiteko, atzera begiratu behar omen da. Iragana arakatu, sakonera begiratu. Begien aurrean dugun gauza orok konplexutasun handia izaten dute, historia eta istorio bat, eta B aldea ezagutzea askotan aberasgarria izaten da. Ibon Salaberria arkitektoaren klaseek horretara bideratu ninduten askotan, elementu, programa edo gertakariak zalantzan jartzera. Kritiko izatera, aurrean dugunarekin eta egiten dugunarekin. Berriki berari irakurritako hitzek mahai gainean jarri dute berriz ere gaia: zer da arkitektura?

Erpin eta ñabardura askoko erantzun konplexua izanik bestelako galdera batzuk bururatzen zaizkit kontzeptu hau definitzen hasterakoan. Zer eragiten dute arkitekturek gure egunerokotasunean? Kontziente gara hauen potentzialtasunaz? Zergatik eraikitzen dugu? Eta horrenbeste? Zer helbururekin? Handitasuna eta boterea adierazteko erabiltzen dira? Nondik eraikitzen ditugu? Leku batek definitzen du arkitektura? Edo arkitektura batek baldintzatzen du tokia? Arkitektura egitean eta planteatzean, nondik jarduten gara? Zer berreskuratu dezakegu iraganetik?

Behin baino gehiagotan idatzi dut arkitektura normatiboetatik at kokatzen eta jorratzen direla arkitektura interesgarriak, hau da, erdigune / zentro / hegemonikotik / folkloretik kanpo. Espazialki eta tenporalki aldirietan kokatu daiteke eraikin hau, nahiz eta egun ekida turistikoa ere baden.

Eraikina "Gipuzkoa sakonean" kokatzen da, donostiar (eta ingurukoentzako) benetako periferia batean. Oñatin, urrun. Hala ere, arkitektura erlijioso eta berezi honek eskema asko apurtu zituen.

Arantzazuko basilika Francisco Javier Sáenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek eraiki zuten, aurreko basilikaren gainean eraikin berria altxatzeko premisa zutelarik.

Lehiaketan parte hartu zuten hamalau proiektuen artean kalifikazio altuena lortu zuten eta epaimahaiak honela definitu zuen proposamena: "nahiz eta Euskal Herrian zabaldutako arkitektura tradizionaletik aldentzen da, arkitektura erlijioso modernoaren korrontearen baitakoa da". Eta egia da, izaera erlijioso sakona du eta aldi berean benetan da modernoa.

Proiektuak nahitaez, inguru geografikoari eta elizak bete beharreko funtzioen eskakizunei erantzuna eman behar zien, erromes kopuru handiari erantzuna emateko prestatuz. Horren emaitza izan zen itxura gogorreko eta sendoko ekida, inguruan dituen mendiei keinu bat eginez eta baldintza meteorologikoei aurre egiteko planteatuz.

Barrura sartzean eta bertan egotean sentsazioa guztiz kontrakoa da. Argi naturalaren jolasketarekin guztiz babestuta eta goxo sentiarazten da bisitaria. Hori lortzeko lehen harria 1950eko irailaren 9an ezarri zen eta hasieran erritmo azkarrean eraikitzen hasi arren, gertaera ezberdinek prozesua izugarri moteldu zuten, ateak 1955ean zabaldu arte.

Proposamena garairako aurreratua izanik, polemikak bere protagonismoa izan zuen hasieratik. Lehen buruhaustea basilika berriaren arkitekturak eskema tradizionalekin bat egiten ez zuelako izan zen. Horren harira, lehiaketan parte hartu zuten arkitektoek kritika negatiboak egiten zizkieten, eta hedabideetan oihartzuna izan zuen eztabaidak.

Beste tira-bira bat behin basilika berria eraikita zegoenean gertatu zen, dekorazioko zenbait artelanek elizaren arte klasikoaren arauekin bat egiten ez zutelako.

Eraikineko elementuak garaiko gizonezko artista esanguratsuek egin zituzten: Jorge Oteiza arduratuko zen eskulturez, Nestor Basterretxea kriptako pinturez, Carlos Pascual de Lara absideez, Javier Álvarez de Eulate beirateez eta Eduardo Chillida ateez. Zentsuratik libratu ziren Chillida eta Álvarez de Eulate, eta horrenbestez arazorik gabe amaitu ahal izan zituzten beraien lanak.

Besteak aldiz, Oteizak, Larak eta Basterretxeak justifikazio-memoria aurkeztu behar izan zioten Elizari. Denbora asko pasa ostean debekuak bere horretan gelditu ziren. Hala ere, Oteizaren apostoluak errepidean botata egon ziren hamalau urtez, eta Basterretxeak kriptako margoak 1985ean amaitu zituen.

Garai hartarako proiektu periferikoa izan zen, eta bereziki interesgarria. Indar eta balore tektoniko handiko eraikina da. Hala ere, Elizaren modernizazio propaganda elementutzat hartu daiteke eraikina, edo bere burua garbitzeko beste behin arkitektura erabiltzearen adibide bat.

Argi esan daitekeena da euskal testuingurura aurreratu zela erakina, edo arkitektoak aurreratu zirela. Euren lana azpimarratzeaz gain Sáenz de Oizaren hitz hauek erreskatatu beharrean gaude egun: "Ondo desberdindu behar da zer den benetako aberastasuna, handitasuna eta edertasuna eta zer tokian tokiko inguruarekin eta gaiarekin zerikusirik ez duen handikeria". Arantza hau kentzeko prest?