Euskal eskulturagintzan geometria abstraktua edota nolabaiteko egitura zurruna gailendu izan ohi da. Aitzitik, "Nortasuna + zeramikan gorpuztutako hitzak" erakusketak zeramika garaikidearen bitartez buztinaren biguntasunetik nortasunaz hausnartzea bultzatzen du. Hain zuzen, euskal literatura izan da bi esparruak, zeramika eta nortasuna, batu dituen zubia. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean ikus daiteke euskal poemetan oinarritutako zeramika piezen bilduma otsailaren 27ra arte.

Euskal Keramikagile Garaikideak elkarteko zortzi zeramikagilek parte hartu dute erakusketan. Ines Gonzalez de Zarate, Txaro Marañon, Ramon Berraondo, Maite Salutregi, Loli Pinedo, Koro Martinez, Jabier Berasategi eta Jone Urain artistak beste hainbeste euskal idazleren testuetatik abiatu dira beraien artelanak sortzerakoan.

Hori horrela, Karmele Jaio, Itxaro Borda, Joseba Sarrionandia, Anari, Uxue Alberdi, Jose Luis Otamendi, Bernart Etxepare, Goizalde Landabaso, Xabier Lete, Mikel Laboa, Tere Irastorza edota Bitoriano Gandiagaren hitzen materializazio prozesu ezberdinak aurki daitezke euskal nortasunari modu anitzetan erantzuten dioten lanetan.

Belaunaldiartekotasuna lantzeaz gain, euskara da "Nortasuna +" erakusketaren erdiguneko ardatza. Hain zuzen, Txaro Marañon artistak azaldu duenez identitatearen inguruan talde hausnarketa bat burutu behar izan zutenean erabaki zuten euskal nortasunaz hitz egiteko euskarari erreparatu behar zietela, hots, euskara zela ezaugarri nabarmenena.

Hala, euskal literaturan sakontzen hasi ziren gerora eskultura bihurtu asmoz. Bere kasuan, esaterako, Itxaro Borda eta Joseba Sarrionandiaren poema bana izan ditu oinarri buztinezko pieza sortzeko.

Uxue Ruiz de Arkaute Euskararen Etxeko arduradunak azpimarratu duenez, buztinetik harago doa "Nortasuna +" erakusketa. Erakusketak bere osotasunean baduela koherentzia, baina aldi berean gela eta artista bakoitzaren lekuan entitate ezberdin bat usaindu daitekeela dio.

"Denak oso sendo daude bere zeramikaren hautuan baina ibilbide luzeko artistak dira eta nabari da badakitela zeramikari mila ertz ateratzen. Harritzekoa da zenbat gauza ezberdin eskatu ahal zaizkion zeramikari". Hain zuzen, ardatz bera konpartitu eta kontzeptu kuratorial komun bat daukaten arren bakoitzak besteari aitortzen dio bere lana bere askatasunean bere kabuz egiteko aukera, Ruiz de Arkauteren arabera.

"Bakoitza bere tailerrean aritu da helburu komun baten bila lan egiten. Ondorioz, oso pieza ezberdinak dira beraien artean eta oso forma anitzak eman dizkiete baina abiapuntua berdina izanda, euritako beraren barnean daudela ere nabaritzen da", azaldu du.

Balioan jarriz

Bestalde, sektorearen egoerari erreparatuz, Marañonek azpimarratu du zeramika ibilbide luzeko adierazpena bada ere, Euskal Herrian espazio falta duela eta hain zuzen, EKG kolektiboaren helburua zeramika garaikidearen ezagutza zabaltzea dela. Horregatik, halako erakusketak egungo zeramika garaikidea ezagutzeko erakustoki polita direla uste du.

"Zeramika tradizioan oso errotua dagoen zerbait izanik garaikiderako saltoa kostatu izan zaio, neurri batean horregatik sortu zen elkartea duela 14 urte, zeramikarekin zenbat gauza lor daitezkeen ikusarazteko", azpimarratu du.

Halaber, dioenez, buztina osagai berezia da hainbat gauza egiteko, zeramikaren aukerak oso zabalak dira eta ondorioz zeramikarekiko ikuspuntua aldatu egiten da halako erakusketekin.

Zeramikaren teknikaren lanketatik ateratako emaitza harrigarria azpimarratu nahi izan du Oihanederreko arduradunak eta pozik dago erantzunarekin. "Erakusketa bezala oso erraza izan da funtzionarazten eta arrakastatsua ari da izaten".

Marañon ere bat etorri da. "Erakusketa oso ondo geratu da, are gehiago Montehermoso bezalako jauregi batean. Erritmo biziko erakusketa da, eta sortzaile eta lanen gisara interes ezberdineko ikusleak batzen ditu".

Urtarrilaren 28an egin zuten irekiera ekitaldia eta otsailaren 27a bitarte bisitatu ahalko da erakusketa Montehermoso jauregian. Asteartetik ostiralera arratsaldez, igandetan goizez eta larunbatetan goiz zein arratsaldez. Halaber, erakusketak iraun bitartean hainbat ekintza osagarri antolatu dituzte.

Hilaren 17an eta 20an adibidez, Xabier Amurizak eta Irati Jimenezek euskal literaturarekin loturiko hitzaldiak eskainiko dituzte, hurrenez hurren. Modu berean, artistek beraiek egingo dituzten hiru bisita gidatu ere antolatu dituzte.

Aukeretako bat gaur 12:00etan eta hurrengoa hilaren 24an arratsaldeko zazpietan. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea. Otsailaren 27ko itxiera ekitaldian bestalde, GARATU 2021 programako partaidek egindako erakusketaren inguruko dokumentala proiektatuko dute.