Historian zehar herritarren eta familien osasuna eta bizi-kalitatea mantentzeko ezinbesteko lana izan da latsariena. Emakume langile horien memoria berreskuratzeko eta euren lan gogorra balioan jartzeko helburuarekin, Latsariak dokumentala ondu du Con Ciencia y Arte elkarteak. Garbiketa lanetan aritzen ziren hamahiru andreren testigantzak jaso dituzte, eta ikus-entzunezkoak Bilboko errealitatea ardatz duen arren, Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere biltzen ditu.

Estibaliz Maguregi, Argenis Mesa, Marta Brancas eta Irune Lauzirikak osatzen dute Con Ciencia y Arte kolektiboa eta bakoitza arlo ezberdin batez arduratzen dela kontatu du Maguregik. Marta Brancas historialariak jada bazituen latsarien eta latsarrien gaiari buruzko ikerketa batzuk eginda eta gutxika piezak lotuz joan ziren.

Pena handiz, konturatu ziren Bilbon jada ez zela latsarririk geratzen, baina ikertutakoen bidez Nafarroako Bakedano herrira iritsi ziren eta bertan oraindik bat zegoela deskubritu zuten. Latsarrian lanean aritu ziren bi andre aurkitu zituzten, "oraindik ere horretan aritzen direnak", eta testigantza horietatik tira eginez hasi ziren gehiagoren bila.

Historikoki inork ukitu gabeko arlo bat izatea motibazioa izan zen dokumentalaren sortzaileentzat eta gainera, "emakumeentzat benetan garrantzitsua izatea", Estibaliz Maguregi zuzendariak azaldu duenez.

"Oso gai inportantea zela konturatu ginen, benetan guztiz emakumeena zen espazio bat zelako latsarria, eta hori asko interesatzen zitzaigun. Leku bat ia inork ez zuena kontutan hartzen, ia ezezaguna dena askorentzat, ogibide isila izan da. Oso ohikoa zen gainera, gaur egun garbigailuak ditugu baina garai hartan latsariak arduratzen ziren garbiketaz".

Isila baina ezinbestekoa

Baina nortzuk ziren latsariak? Izan ere, ez da hainbeste denbora igaro etxeetan garbigailuak jarri zituztenetik. "Dokumentalean gure amonen adinekoak elkarrizketatu ditugu, bi belaunaldi atzerago joan gara. Orokorrean, 80 urte inguruko emakumeak dira, eta pare bat gazteagoak", adierazi du zuzendariak.

Elkarrizketatu dituzten andreetako batzuek etxeetan egiten zuten lan, eta latsarrira arropak garbitzera joatea zen euren zereginetako bat. Hura zen gaixotasunak eta zikinkeriak garbitzeko modu bakarra, beraz, higienerako benetan garrantzitsua zen latsarien lana, "ez zegoen beste modurik jendea kalera garbi joan zedin".

Beste emakume asko diru extra bat ateratzeko aritzen ziren lan horretan. Adibidez, Norvegiako marinelak Bilbora etortzen zirenean eta itsasontziren bat konpondu beharra zegoenez aldi baterako geratu behar zirenean, latsariei ematen zizkieten arropak, garbitzeko. Horrela diru bat ateratzen zuten emakumeek. "Dokumentalerako testigantza bat lortu dugu non kontatzen duen bere amak Norvegiako marinelei arropak garbitzen zizkiela diruaren truke".

Dokumentalak Bilboko errealitatea du ardatz batez ere, baina Euskal Herriko beste toki batzuetako kontakizunak ere agertzen direla aurreratu du Maguregik. "Ikuspegi orokorra Bilbokoa den arren, latsarri ezberdinetako emakumeak lortu ditugunez, esperientziak ere anitzak dira".

Hamahiru emakumek euren bizipenak kontatzen dituzte: Ángela Álvaro, Teresa Ayo, Mercedes Carreiras, Felisa Gabikagogeaskoa, Amaia Loizaga, Milagros Moja, Pili Moja, Rosi Mugira, Mari Cruz Pajares, Teresa Puertas, Carmen Salinas, Carmen San Martín eta Josefina Urra.

"Oso emakume gutxi gelditzen dira. Adibidez, Bilbon bi emakume Tres Pilareseko latsarrian eta Urazurrutian aritzen ziren, eta leku horietatik kontatuko dituzte euren esperientziak. Beste bat Olabeagako latsarrikoa, hori da Teresa, norvegiarra. Monte Caramelo eta Masustegi auzoetakoak ere badaude, horiek ere Bilbora etorri behar ziren. Monte Carameloko latsaria galiziarra da eta ikuspuntu hori ematen du. Gero, Nafarroako Bakedanokoa dugu€".

Kolektibo izaera

Ez zen behar samurra latsariena, baldintza gogorretan aritzen ziren, baina Maguregiren esanetan nahiz eta momentu txarrak pasatu, pozik gogoratzen dute latsarrietan egon izana. "Askok oso ondo pasatzen zela oroitzen dute, momentu latzak pasatu izanagatik ere, umorea egoten zela. Dualitate horrek harritu egin nau, baita emakumeen indarrak ere".

Testigantza aberatsak eta bakarrak jaso dituzte Latsariak dokumentalean, kolektibo batenak. "Argi izan dugu hasieratik, interesa genuen emakumeen espazio bat zelako, baina kolektibo zentzu horrekin ere bai; jakintza elkarbanatzen zuten, latsarien arteko laguntza, prestutasuna zegoen, konexioa".

PROIEKZIOAK

Otsailak 25: Gernika (Astra)

Martxoak 4: Bilbo (Xake espazioa)

Martxoak 17: Bilbo (Barrainkua Abandoko Zentro Zibikoa)

Martxoak 26: Bilbo (Buiako Zentro Zibikoa)

Apirilak 1: Bilbo (Masustegiko Zentro Zibikoa)

Maiatzak 14: Bakedano (Nafarroa)