LEHEN eleberria kaleratu du Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970) idazleak: Krakovia. Duela hamar urte bizitako gertakari bat du oinarrian istorioak. Protagonistak izterreko zauri sakon baten ondorioz ospitalean igaro beharko ditu egun batzuk eta bertan egoerari eta beldurrei aurre egiteko umoreaz baliatuko da.
Kazetari eta idazle izanik ez duzu lehen liburua, baina bai lehen eleberria.
-Istorio bat duzunean, idazterakoan, forma bat eman behar diozu, forma hori batzuetan modu batera egokitzen da eta besteetan beste batera. Kasu honetan, nobela gisa egokitu da. Halaber, kontatu nahi nuena ezin zen kontatu poema gisa, ez kronika, ezta ipuin edo narrazio labur bezala. Horregatik, idazketak berak eraman nau nobela bihurtzera; baina, inongo gorespenik gabe.
Emakume bat ospitale bateko logelan, ezleku batean bizirauten. Zer gehiago dakar 'Krakovia' eleberriak?
-Krakovia-k niri duela hamar urte pasatu zitzaidan gertakari batean dauka oinarria. Liseriketa astun eta mantsoa behar izan dut jakiteko zer egin behar nuen istorio horrekin, orduan pentsatu nuen egokia zitekeela unibertso paralelo bat sortzea zeinetan ni ez naizen ni bat dagoen eta ni ez naizen horrek har-tzen dituen nik hartu nituen eta hartu ez nituen erabakiak. Antz handia daukagu baina ezberdinak ere bagara.
Barne bidaia bat hasten du protagonistak.
-Erietxe batera zauri sakon batekin sartzen den emakume bat da, oso ondo ez dakiena nola sartu den. 'Kra' baten kronika da. Desintegrazio baten kontakizuna, baina aldi berean baita birsortze baten kontakizuna ere. Protagonistak 'krak' egiten du eta egoera horretan bi aukera ditu: etsitzea edo aurrera egitea. Aurrera egitea erabakitzen du, horregatik gorakada edo superbibentzia baten kronika da.
Diozunez, eleberria da arkitektura egiterakoan hala egokitu delako. Zein egitura du?
-Nobelak bi estruktura ditu, bi tenpo. Batetik dauzka hasiera eta amaiera izan zitezkeenak, aldagarriak, ez baitu inporta zein den hasiera eta zein amaiera. Normalean bizi dugun errealitatearekin oso lotua dagoen denbora da, kronologikoki antolatua. Oso bizia. Nobelaren gorputza bestalde, beste denbora batean egiten da, hots, ez da existitzen denbora, ematen du momentu batean ez dagoela denborarik. Ospitale baten barruan ez galdu egiten da denboraren pertzepzioa. Horregatik nahi nuen nobelaren gorputzean islatzea denboraren astuntasun hori.
Egoera gordina umorez kontatzeko hautua, zer dela eta?
-Umore desberdinak daude, umore beltz handia dago, zeina protagonistak bere hausnarketekin egiten duena, bere barne bizitzari begiratzean sentitzen duena. Hain zuzen, konturatzen da umore hori egiten zaiola baliagarri galbahe gisa. Gertatzen zaion guztiari buelta emateko eta bizirauteari eusteko. Bestetik, ironia asko dago, batez ere jendearekin duen elkarrizketetan. Hor ikusten da baduela egoerari buelta emateko gogoa eta bide batez samurtzekoa. Txiste surrealista asko ere badaude, egoeraz baliatuta sortutakoak. Ospitaleetan umore eta surrealismorako bide asko egoten da.
Umoretik gehiago du ahultasunetik baino?
-Onartu behar da edozein momentutan gerta dakizukeela edozein lazgarritasun eta horrek erakutsiko dizu zein gogorra den bizitza, zein zaurgarriak garen eta zein erraz suntsi gai-tzaketen. Nobela honek ere erakusten du ahulak garela, baina era berean umorea ezinbestekoa dela eta guzti horren gainetik gizakia bizirauteko sortutako izaki bat dela. Gauza guztien gainetik biziraun behar duela, momenturik okerrenetan bere barrutik ateratzen den sena hori dela. Protagonista biluzik badago ere aurrera ateratzen da.
Surrealismoaren eta dramatismoaren arteko uztarketa bat dela esan daiteke, beraz.
-Drama asko dauka istorioak. Baina daukan umorea eta surrealismoa nabarmenduko nuke. Ezinegonetan gauza gutxi egin daitezke eta surrealismoa bada ihesbide bat munduari begiratzeko.
Minaren lanketa bat dago. Ze ekarpen egiten du?
-Protagonistak batetik buruarekin sentitzen du eta bestetik gorputzarekin. Min ezberdin bi dira, burua arinago doa eta garrantzia handiagoa ematen zaio. Era berean, beldurra ere ager-tzen da. Min asko dago beldurrarekin lotutakoa. Bestetik, gorputzaren mina dago, zauri baten garbiketak dakar-tzan minak. Umoreak hain zuzen horretarako balio dio, min hori nolabaiteko galbahetik pasatzeko, konturatzen baita ezin duela mina kontrolatu. Gelditzen zaion bide bakarra bere burua kontrolatzea da.
Fikzioak errealitatetik edaten duen heinean. Nolakoa izan da ariketa hau egiteko prozesua? Zein zen zure helburua?
-Hamar urtek denboran distantzia nahikoa ematen du gauzak beste perspektiba batetik ikusteko, eta ikusi nuen bazegoela istorio bat. Bizi garen zurrunbilo honetan gauzak arin ahazten ditugu, baina azkenean idazlea baliatzen da gertatzen zaizkion gauzez istorioak muntatzeko eta literatura egiteko. Literarioki baliagarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Are gehiago, nobela honekin nire bizitzako istorio bat artxibatzen dut. Beldurra dut hemendik hamar urtera zer gogoratuko dudan gertatu zen hari buruz, duela hamar urte gertatutakoa edo orain idatzi dudana.