Nork bere burua maitatzeko gonbita

Bere bigarren diskoa kaleratu berri du Afrika Bibang musikariak: 'Ispiluaren aurrean'. Soul eta R&b estiloko lau abestiz osatuta dago, eta gizartearen autoestimu faltaren gaineko gogoeta egiten du

15.11.2021 | 10:32
"Ispiluaren aurrean" jarri da Afrika lan honetan.

Musikak "dena" eman diola dio Afrika Bibang bizkaitarrak (Algorta, 1975): "Daukadan guztia eman dit, esperien-tzia ona eta txarrak". Izan ere, orain dela urte asko abiatu zuen bere musikari ibilbidea. Zehazki, Bilboko Santutxu auzoko Ke no falte taldean hasi zen koroak egiten, 90eko hamarkada hasieran. Geroztik hainbat proiektutan aritu da, besteak beste, Etsaiak, Fermin Muguruza eta Calima.

2004an ekin zion bere bakarlari lanari, eta Entzun izeneko proiektua plazaratu zuen, Metak diskoetxearen babesarekin eta hainbat musikariren kolaborazioekin: Sorkun, Fermin Muguruza, Xabier Solano€

2005ean Euskal Herritik Ibiza eta Bartzelonara mugitu zen, ordutik musikari lanetan aritu da munduko hainbat herrialdetan: Japonia, Polonia, Britainia Handia, Libano, Frantzia, New York, Alemania€ 2018an egin zuen buelta Getxora (Bizkaia), eta handik urtebetera bakarkako lehen diskoa, Nomada, kaleratu zuen. Orduko Soul eta R&b estiloei eutsiz, Ispiluaren aurrean plazaratu berri du 2021eko udazkenean.

EMAKUMEA AHALDUNTZEKO DISKOA

Lau abestiz osatutako lana da Ispiluaren aurrean. Bilboko Huracan 29 estudioetan grabatu, eta Brightoneko (Britainia Handia) QM estudioan nahastu eta masterizatu dute. Ekoizpenari dagokionez, aurreko lanetan bezala, Israel Monzoncillorekin (Rock Lee) elkarlanean aritu da Bibang.

Abeslariak berak idatzi ditu lau kantetako letrak, azaldu duenez, bere esperientzia propioetan oinarritu da horiek sortzerako orduan.

Singleak diskoaren izen bera darama, 2021eko ekainean eman zuen ezagutzera, eta gizartean dagoen autoestimu faltaren gaineko gogoeta egiten du. Izan ere, besteekin konparatzeko joera dagoela azpimarratu du Bibangek: "Gero eta ohikoagoak dira filtroak sare sozialetan, gure burua besteekin konparatzera ohituta gaude, guapoagoak izan nahi dugu, Beyonce izan nahi dugu, eta gutaz ahazten gara". Hala, ispiluaren aurreran ipini eta nork bere burua onartzeko eta maitatzeko gonbita egiten du musikariak: "Ulertu behar dugu agian ez garela Beyonce, baina gauza politak ditugula. Bizitza bakarra da eta motza gainera, hortaz, garenarekin disfrutatzen ikasi behar dugu".

Diskoaren bigarren kantak, aldiz, On my own izena du eta "autonomia sentimentala" aldarrikatzeko sortu du Bibangek. Dioenez, emakumeei saldu egin zaie gizon batekin egon behar dutela zoriontsu izateko eta beste norbaiten beharra dutela aurrera egin ahal izateko. Horrelako pentsamendu eta sentimenduak gezurra direla azaldu nahi izan du kanta honen bidez: "Ez dugu inoren beharrik zoriontsu izateko, botere-tsuak eta indartsuak gara, gure buruarekin nahikoa dugu".

Ideia honi lotuta dator hurrengo kanta ere: Emakumeak. Adierazpen askatasunaren alde egiten du musikariak abesti honen bidez, emakumeak nahi duten moduan jantzi eta jokatu behar dutela defendatuz: "Ez dugu aintzat hartu behar besteek gutaz diotena. Sexy jantzi nahi badut, zergatik ez dut egingo? Horrek ez dio inori baimenik ematen ni txarto tratatzeko". Hala, garena eta izan nahi duguna izateko eskubidea dugula dio Bibangek, inork baldin-tzatu gabe.

Kristalezko kabian izeneko kanta, amaitzeko, konfinamendu garaian idatzi zuen, eta osasun-krisian sortutako hainbat buruhauste, galdera eta emozio partekatzen ditu bertan abeslariak.

Beraz, emakumeak ahalduntzeko diskoa da Ispiluaren aurrean eta, dioenez, bereziki belaunaldi gazteenei zuzendutako letrez osatuta dago. Horretarako, Soul eta R&b estiloei eutsi die abeslariak.

SOUL EUSKALDUNAREN AITZINDARI

Bere betiko estiloak mantendu baditu ere, disko honetako erritmo eta soinuak "landuagoak" direla aipatu du. Izan ere, Motown estilo klasikoko zertzeladak eta NeoSoule erritmoko notak uztartu ditu musikariak bere proiektu berrian.

Euskaldunen artean aitzindaria dela esan daiteke, Soul musika euskaraz kantatu duen lehenengo emakumea baita Bibang. Azaldutakoaren arabera, euskalduna izan arren, estilo hau euskaraz kanta-tzea ez da, gainera, prozesu natural bat beraren-tzat, hautu bat baizik.

Soul musika ingelesez entzutea da ohikoena, hortaz, sortze-prozesuan ingelesez bururatzen zaizkio bere abestietako letrak eta, ondoren, hitz horiek euskarara ekartzeko lana egiten du. Dena den, aipatu duenez, behin itzulita, erraz ateratzen zaio horiek kantatzea.

Soul euskaldunaren aitzindari izate hori dela eta, Euskal Herrian bere lekua egitea kostatu zaiola aitortu du eta, apurka-apurka, egiten duen musika euskal entzuleen artean zabaltzeko lanean dihardu. Horixe baita etorkizunari begira duen erronka edo helburuetako bat. Horrez gain, musikaz bizitzea gustatuko litzaioke, eta ahalik eta denbora gehien irautea bereziki gustura egiten duen lan honetan..

Erreferente musikal asko dituela aipatu du, besteak beste, Stevie Wonder, Aretha Franklin, Marvin Gaye eta Nina Simone. Gaur egungo musikariei dagokienez, soul estiloan kantatzen duen Anderson Paak musikaria nabarmendu du.

noticias de noticiasdealava