FORMA eta kolore anitzeko" 19 kantaz osatutako diskoa eta hainbat metodologia zein partitura biltzen dituen liburu bat kaleratu berri ditu Eñaut Zubizarreta Mendieta 'Triggerrek' (Leintz-Gatzaga, 1992). Forbidden Colours diskoetxearekin argitaratu du eta honen arabera "biolontxeloa beste musika batzuetara hurbiltzeko" saiakera bat da.

Bi urte igaro dira proiektua sortzen hasi zenetik eta esan bezala 19 kantek osatzen dute Poliedro Vol. 1 izeneko proiektua. Abestiok hiru ataletan banatu ditu txelo jotzaile eta konpositoreak. Lehenengo bederatzi kantek Aurretiko bista atala osatzen dute eta batez ere bakarkako abestiak dira. Bigarren atalari Albotiko bista izena jarri dio eta bikote zein hirukote formatuetarako egokiagoak diren sei abestik osatzen dute. Azkenik, Goitiko bista atalean hiru kanta aurkitu daitezke, pedal efektu desberdinekin sortutakoak.

Liburua ere kaleratu du Triggerrek eta teknika zein ideia ezberdinak laburbiltzen dira bertan. "Beste pentsalari batzuen hitzekin indartuta" ikuspuntu kritiko bat garatzeko helburuarekin argitaratu du. Filosofia, historia eta antropologiako ideiak aintzat hartuta hasierako zatian musikaren analisi estetiko bat ageri da liburuan. Jarraitzeko, diskoan landutako errekurtso teknikoen azalpenak eta atal teoriko guztia garatu ditu bigarren zatian, hala nola, kantak nola sortu dituen eta zein ezaugarri dituzten azaltzen da.

Liburuaren amaieran 19 kanten partiturak agertzen dira, "interpreteek ere aukera izan dezaten lengoaia berri honetan trebatzeko". Hala ere, liburuan agertzen diren ideiak lagin bat besterik ez direla gogoratu du aretxabaletarrak, honen arabera, "formakuntza saioekin indartu beharreko teknikak direlako" hori dela eta, irakasle zein ikasleentzako saio ezberdinak ere eskainiko ditu.

Publikoari dagokionean saiakeraren bitartez entzuleria orokorrago batera heltzeko ahalegina egin duela azaldu du, hala eta guztiz ere, atal metodologikoa eta liburu amaieran ageri diren partiturak biolontxelo jotzaileei zuzenduta daude batez ere, baina teknika guzti horiek "estrapolagarriak" dira biola, biolina edota kontrabaxua jotzen duten musikarientzako ere.

Genero bakarrik ez

"Musika klasikoan trebatzen zarenean ohikoa da partituren menpe egotea, hortaz sortze prozesua ere asko mugatzen da. Halaber, musika klasikoa ez den beste esparruetan biolontxeloa jotzen duenik ez dagoenez, erreferente gutxi izatea ere ohikoa da". Muga guzti horiekin apur-tzea lortu du azken urte hauetan Zubizarretak biolontxeloa jotzeko modu berriak ikertuz.

Poliedro Vol.1 proiektuan musika estilo ezberdinak arakatu eta formazio ezberdinekin jolastu du. Zaila da beraz genero bakar bat aipatzea, XX. mendeko mendebaldeko musika modernoa nagusitzen den arren, "txeloarekin landu daitezkeen aukera ezberdin asko" ezagutzera eman nahi izan dituelako. Adibidez, rockaren hainbat esparru zabal landu ditu: metala, grunge, hardcore€ Technoak presen-tzia handia du diskoan eta flamenkoko abesti bat ere badago.

Bide berrietan murgilduta

Arrasate Musikalen biolontxelo ikasketak egin ostean Bartzelonako Goi Mailako Musika Eskolan ikasketak burutu zituen. Horiek amaitutakoan denbora bat "bakarka trebatzen" ibili zen lengoaia modernoarekin lotutako klaseak jasotzen. Alemaniara salto egin eta bertan "biolontxeloa beste era batera jo daitekeela" deskubritu zuen: "txeloarekin jo daitezkeen korronte asko daude, norberak bere esperientzia pertsonaletik sortzen duelako". Horrek animatu zuen, hain zuzen ere, Poliedro Vol. 1 bezalako zerbait egitera "perspektiba horrekin ahalduntzeko eta, aldi berean, Euskal Herriko interpreteek biharko egunean bertoko erreferentziaren bat izateko"

Nahiz eta bakarkako proiektua izan, gertuko lantalde ahaltsua osatu du Triggerrek. Diseinuak Olrait estudioarenak izango dira, Ainhoa Iraolak maketazio zein argazki teknikoen ardura izan du eta Ander Sevillak grabaketak egin ditu. Zuzenekoetan Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo jotzaileekin igoko da oholtzara eta techno abestietan Amaiur Luluaga dantzari garaikideak lagunduko du.

Azaroaren 18an, Ordiziako Herri Antzokian kontzertua eskainiko du formatu osoan. Bakarkako abestiez osatutako zati bat joko du hasieran, ondoren Puges eta Garmendiarekin zuzenekoaren bigarren zatiari hasiera emango dio eta amaitzeko diskoaren Goitiko bista landuko du. Abenduaren 4an, Markinan izango da formatu berdina eskaintzen.

Azaroaren 19an, ordea, Bergarako Zumelaga jatetxean bakarka ibiliko da eta astebete beranduago, azaroaren 26an Soraluzeko Arranoan ere. Abenduaren 6an aldiz, Ahotsenean izango da lantalde osoarekin.

2019ko otsailean Esku bi hamar hatz autoekoiztutako diskoa kaleratu zuen. Halaber, 2020an estreinatutako Mendian Hil Hirian hil dokumentalaren soinu bandaren egilea da. Aretxabaletako Wood Strings musika taldeko kidea ere bada.