MARTXOAN aurkeztu zuten Larzabaleko (Behe Nafarroa) Herriko Salan maitasun politikoaz ari den komedia. Ordutik birari ekin eta batez ere Ipar Euskal Herriko hainbat herritan izan du Axut! antzerki kolektiboak Amua lana aurkezteko aukera, Hendaian, Ziburun eta Baionan, besteak beste. Uda ostean biraren bigarren atalari hasiera emango diote.

Zazpi Senideko eta Zaldi Urdina obren ostean, oraingo istorioa Iratiko etxola batean gertatzen da. Anak gaztetan maitale izandako bi lagun gonbidatu ditu bertara, Aitor eta Txolarre. "Aitor eta Txolarre etorriko dira bai, baina bata eta bestea ez dira jakinean hiru izango direla. Elkar asko maitatu dute, elkar asko maite dute, baina zaila da hain intimoa den hori partekatzea." Asteburu bakar batean erromantizismoaren, kulturaren eta kontraesanen izenean gertatzen direnak antzeztuko dituzte taula gainean. Fuchs anaien elkarlana beste hainbat an-tzezlanetan ikusi ahal izan den arren, Maite Larburu musikari hernaniarraren parte hartzea da lan honek dakarren berritasunetako bat. Istorioan zehar gertatzen diren ekintza asko "hitzez marraztu ezin direlako" eta horiek "musikaz esan behar direla uste dugulako".

Beraz musikari eta aldi berean aktore gisa ibiltzeko aukera izan du Larburuk oraingoan. Antzerkiko musika bere esku egoteaz gain, protagonistetako baten azalean jarriko da, Anarenean, hain zuzen. "Idazketa prozesuari hasiera eman genionetik erabaki genuen Larburu gonbidatzea eta berarentzat abentura eder bat izan da halako proiektuan parte hartzea" kontatu du Ximunek. Antzerki musikala izan gabe, musikak, dantzak eta kantuak presentzia handia du Amua-n, "arte guztiei ahalik eta zukurik handiena ateratzea xede". Amodioaren inguruan euskal bertsolariek zein musikariek sortutako kantuak, euskal idazleek idatzitako testuak eta hainbat artisten artelan eta dokumentalak inspirazio iturri gisa izan ditu konpainiak Iratiko oihanean gertatzen den istorio hau garatzerako orduan.

Idazkerari dagokionez feminismo garaikideak jorratzen dituen gaiek eraginda idatzi dute Fuchs anaiek, Larburuk eta Arantxa Hirigoyenek Amua-ren testua. Erromantizismoaren eta amodioaren inguruan hainbat pentsalarik argitaratutako saiakerekin "zutabe sendo bat sortu" dute. Pentsalari horien artean Lorea Agirre, Mari Luz Esteban, Zaloa Basabe eta Jone Arrazola daude, beste hainbaten artean.

Testuaren lehen urratsak 2020ko otsailean eman zituen laukoteak eta egoera medio prozesua irailera arte luzatu behar izan zuten, hots, Zaldi Urdina ikuskizuna "ezker eta eskuin" taularatu bitartean. Nahiz eta idazketa prozesuan luzatu, pandemiak bultzada txiki bat eman die istorio hau ontzeko orduan: "itxialdi garaian ezin izan ginen musukatu, ukitu ezta mugak zeharkatu ere, maitasun distopikoa nagusi zen eta guk amodioaren inguruan hitz egin nahi genuen". Naturan, Iratiko oihanaren alderik salbaienean ematen dira ekintzak Amua-n eta Fuchsen arabera Iratiko ezaugarri mitologikoak baliagarriak izan dira justuki pertsonaiak haiekin jolastu ahal izateko.

Barnetik zein kanpotik

Antzerkia sortu zenean hala egiten zen arren, orain ez dago zuzendari eta aktore papera bateratzeko ohitura askorik. Alabaina Amua-ko zuzendari eta aldi berean aktore lanak egitea egokitu zaio oraingoan Ximun Fuchsi: "egunean zehar aktore lanetan ibili eta gauean zuzendari lanerako buruhauste askotan murgilduta". Zuzendaritza lana oholtzaren kanpoaldetik egiteko ohitura dagoen arren, "badira gauza asko barnetik gehiago eragiten dutenak" eta hori da bi lanak bateratzeko alderik onena. Aktoreei "jolas parkerik alaiena eta askeena" eskaintzen saiatu dela dio. Beraz, interpretatzeaz gain, pertsonaia bakoitzari sortzaile izateko askatasuna ere eskaini dio.

Errealitatea, kontraesanez betea Naturaren, estetikaren eta kulturaren arteko talka agerian utziz, egunerokotasunean norberak dituen kontraesanen bozgorailua ere bada Amua. Batez ere Ximunen ustez "norberaren idealetan, ekintzetan eta maitasunean hainbat kontradikzio ageri direlako eta komedia antzerki honek horietako asko azaltzen ditu". Beraz "bizitza puska bat" ikusi ahalko du publikoak eta "ematen diren ekintzekin identifikatua sentitu ahalko da"; hori da hain zuzen lortu nahi dena. Edaten, mintzatzen eta porrot egiten ageri diren hiru lagunak publikoaren isla garbia izatea du xede lanak, alegia. Zuzendariaren arabera, antzezlaneko pertsonaiek dituzten gogoetez eta printzipioez gain, kontraesan eta eztanda asko ere badira.

Maitasuna berreskuratuz

Pandemiak guztiz ezabatuta utzi dituen maitasuna eta intimitatea ditu hizpide istorioak eta Fuchsen arabera agian horregatik izan du orain arte "publikoaren harrera ona". Elkarrengandik hurbil egotea, maitatzea, besarkatzea€ ia "ilegala" bihurtu den honetan, Amua-k horiek denak eta gehiago taularatzen dituelako. Harremantzeko zailtasunari "Euskal Herri mailan euskaraz bizitzeko zailtasuna" ere gehitu behar zaio eta hortaz, euskara betean sortu eta landutako obra hau aipatutako behar guzti horien konponbidea bilakatu dela esan daiteke.

Zaila, ia ezinezkoa da maitasunaren inguruko definizio zehatz bat ematea, baina Fuchsek argi dauka "maitasunaz hitz egitea gutaz, gure herriaz, askatasunaz eta desioaz hitz egitea ere badela". Alabaina kontzeptu politikotzat ere har daitekeela defendatzen du: "beti pentsatzen dugu politika eta filosofia hotzak direla, baina sentimenduek eragin zuzena dute politikan eta era berean politika sentimenduz betea dago".

Esan bezala ezinezkoa izango zaio ikusleari maitasunaren inguruko erantzunik jasotzea, baina publikoari kontzeptu honekiko "askatasun handiena ematen" saiatu direla azaldu du zuzendariak, istorioan zehar galderak eta erronkak plazaratuz. "Esan nola maitatzen duzun eta esango dizut nor zaren" ideia abiapuntutzat hartuta, maitasuna hizpide duten hainbat idatzietara hurbildu behar izan dira lan honen egileak, "jende askok idatzi duelako horren gainean". Hala ere, belaunaldi bakoitzak "bere maitasun iraultzailea behar du".

Amaigabeak ere badira maitasunaren inguruan dauden galderak eta agian horregatik azalpen bat topatu baino, Amua-k azaleratutako hainbat kontraesan aurkituko ditu ikusleak Iratiko oihanean: "lanak elkarrekin, gai horietaz sentitzeko, pentsatzeko eta haserretzeko aukera ematen du". Publiko gazteagoarentzat ere zuzendua egon daiteke nolabait kolektiboak proposatutako antzezlan hau, "nahiz eta sentimendu berdinak garatu ez, zerbait sentituko dutelako". Komedia antzerkia izateaz gain, antzerki mugalaria ere bilakatu dela dio zuzendariak, mugak zeharkatzea hain zail izan duten honetan, "milaka paper eskuan" Euskal Herriko hainbat teatrotara ailegatzea lortu dutelako. Eta jarraituko dutelako.