Batu lauzpabost lagun - gutxiago ere izan daitezke, birekin aski da, Azedoren arabera; pertsonaien artean aukeratu bana, eta beste batek gidariaren edo maizterraren rola har dezala. Azken horrek gidatuko du jolasa, abenturak planteatuz, gertaerak eta bestelako bat-batekoak. Jolaskideek, euren pertsonaietatik, istorioari ekarpena egin beharko diote, istorio propioak asmatuz. Sinpleak bezain dibertigarriak dira rol-jokoak, eta mezu hori bera zabaldu nahian eta euskaraz jolasteko aukera zabaltzeko asmoz, Adur izeneko jolasa ondu du Eneko Azedo gasteiztarrak.

Maiatz amaiera aldera diru-bilketa kolektiboa jarri zuten martxan itsulapikoa.eus atarian, eta ekaina bukatzerako jokoa ekoizteko gutxieneko kopurua gainditu zuten, baita erraz gainditu ere: beharrezkoa baino bi aldiz gehiago lortu zuten. Kanpainarekin "oso eskertuta" azaldu da Azedo, eta honakoa gehitu du: "Liburua inprimatzen dago orain, espero dugu laster bidaltzen hasiko garela". Udan bertan gozatzeko aukera izango dute bilketan parte-hartutakoek.

Bost mende atzera Egileak azaldu duenez, aspaldi idatzi zuen istorioa. Hain zuzen ere, 1990eko hamarkadan, eta ordutik hainbat izan dira jokatu dituen partidak. "Nire-tzako eta lagunekin jolasteko zerbait zen", esan du gasteiztarrak. Iaz, ordea, konfinamendu garaian proiektuari bultzada bat ematea erabaki zuen, eta liburua idazteariekin zion, hori baita erabaki duen formatua. Bertan, istorioa ez ezik, arauak, partidak girotzeko gidalerroak, jokaldi jakin ba-tzuk eta bestelako material lagungarria bildu ditu. Hori guztia egiteko, Imanol Etxeberria irudigilearen eta Eneko Sanchez Navaridas editorearen laguntza izan du.

Istorioa Nafarroako Erresumaren garaian kokatzen da, Erdi Aro "mitologikoan". Azedoren hitzetan, Euskal Herriko historiako gertakizunak eta bertako mitologiako elementuak elkartzen ditu jolasak: "Iruñeko erresuma eta Orreagako guda, adibidez, Basajauna, Mari, Tartalo edo lamiekin nahasten dira". Gerlari edo sorgin izango dira, adibidez, parte-hartzaileak eta istorioa elikatzen eta sortzen lagunduko dute. Egileak azpimarratu du aldebiko jolasa dela honakoa, ondo pasatzearekin batera, Euskal Herriko historiako gertakizunak beste modu batera ikasteko balio duelako.

Jolasak, mahai gainera Rol-jokoak ez dira ohikoak izan Euskal Herrian, azken urteetara arte, behintzat. Gasteiztarra haratago joan da: "Ez bakarrik rol-jokoei dagokienez, mahai jokoak ere, orokorrean, oso gutxi daude euskaraz". Bere ustez, euskaldun asko aritzen da halakoetan, eta gazteleraz daudenetara jo behar izaten dute, halabeharrez. Zaletu batzuek egindako lana azpimarratu nahi izan du, jolas batzuk euskaratu egin baitituzte. Jolas horiek baina, etxeko giroan geratu izan dira betiere. "Euskaraz ere behar ditugu", ondorioztatu du gasteiztarrak.

Bestetik, aurreiri-tziak albo batera uzteko dei egin du: "Adur rol-jokoa mundu guztiarentzat pentsatuta dago. Ez da zertan aditua izan behar", eta ildo horretan erantsi du umeekin ere aritu izan direla mahai-jolasean eta, beraz, animatu egin ditu zaletuak zein jakinmina dutenak.

Rol play-tik Rol joko-ra Ameriketako Estatu Batuetan dute jatorria mota honetako jokoek, eta RPG izenez dira ezagunak (Rol playgame, hitzen laburduratik). Gisa horretako lehenengo jolasa 60ko hamarkadan sortu zuten soziologia eta politika arloko ikerlari batzuek, esparru horietako hainbat jokabide eta estrategia ulertzeko asmoz. Urte batzuk beranduago, gerra estrategietan oinarritutako mekanikak hartu zituzten irizpide beste jokalari batzuek, eta elementu fantastikoak gehitzen hasi ziren. Urteek aurrera egin ahala, askotarikoak dira egun topatu di-tzakegun rol-jokoak. Aitzitik, euskaraz gutxi batzuk baino ez daude eskuragai. Esan daiteke kontu berria direla Euskal Herrian, izan ere, 2019an agertu zen lehenengoa: ATOPIA RPG. Durangoko Azokak antolatzen duen sormen-bekaren lehen deialdian irabazleak izan ziren 2018an. Urtebete beranduago aurkeztu zuten azokan bertan, Euskal Herriko distopia politikoa ardatz, eta Marxialistak, Lur4a eta STMA fakzioak dituen jolasa.

Euskaraz badira itzulpen gutxi batzuk, eta Adur da bigarren sorkuntza lana. Hala ere, komunitate sendoa osatu dute "rolariek". Dozenaka lagunek osatutako taldeak dituzte hainbat sare sozialetan, eta partidak eta jokaldiak prestatzen dituzte elkarrekin. Ekimen bereziak antolatzen ere badabiltza, horien artean iazko urtarrileko Rolaldia eta iragan maiatzeko ATOPIAren Maizter eskola. Horiez guztiez gain, informazioa biltzen duen webgune bat zabaldu zuten orain ez asko: www.rolariak.eus ataria.

Adur rol-jokoaren sortzaile Eneko Azedok uste du esparru honetako bidea zabaltzen hasi dela eta orain arteko garapena ikusita, gero eta gehiago izango direla, bai jokalariak, baina baita jolasak ere.