Memoria berreskuratzeko ariketa

Historian zehar hango eta hemengo errefuxiatuen bizipen gogorrak erakusten dituen argazki erakusketa prestatu dute Zarauzko Photomuseumen. Uztailaren 25era bitartean egongo da ikusgai

03.07.2021 | 12:03

Gipuzkoako Foru Aldundiak Errefuxiatuak: Nostalgia, Memoria eta Erbestea erakusketa aurkeztu du Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema museoan. Ekainaren 16tik uztailaren 25era historiako etapa desberdinetan errefuxiatuek bizi dituzten baldintza gogorren testigantzak ezagutzeko aukera izango du bertaratzen den orok. Hamar argazkilariren lan grafikoa jasotzen du erakusketak eta Juantxo Egañak egin du komisario lana. Horrez gain, Gerra Karlistetako eta Gerra Zibileko errefuxiatuen inguruko materiala, azken mendean Europan izandako exodoak jasotzen dituen Karlos Zurutuzaren mapa bat eta Andoni Lubakik zortzi errefuxiaturi egindako erretratuak aurkituko ditu Photomuseumera gerturatzen denak.


Lan honen bitartez memoria historikoa berreskuratu nahi izan dute bai komisario lanak egin dituen Juantxo Egaña argazkilariak, bai erakusketa antolatu duen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, zalantzarik gabe, erakusketa osatzen duten lanen egileek ere. Beste garai batean gure arbasoak gerratik eta errepresiotik ihesean errefuxiatu behar izan zirela gogora ekarri nahi dute, baina, orain ez bezala, pertsona hauek beste herri batzuetan artatuak izan zirela. "Gernika, Durango, Bilbo, Otxandioko eta abarreko bonbardaketen eraginez, beste herrialde batzuetako herritarrek euskal herritar gehienei eman zieten elkartasuna ez dator bat gaur egungo Europan, gerretatik eta goseteetatik ihesi doazenei mugak ixten baitizkie", diote antolatzaileek. Egañak garrantzitsua deritzo gure herria ere migratzaile izan zenekoa ez ahaztea: "Ezin dugu egin hemen ezer gertatu ez balitz bezala, memoria berreskuratu behar dugu eta orain datozenei harrera eman, beste belaunaldi batzuetan gure jendea artatu zuten bezalaxe".


Guztira garai desberdinetako 65 argazkirekin osatu dute erakusketa. Errefuxiatuen gaia asko landu duten egileenak dira eta, komisarioak berak aitortu bezala, "sentsibilitatea, etika eta zuhurtzia erakutsi dute denek". Irudietako ba-tzuk mundu mailako fotokazetaritza sariak jaso dituzte. Karlos Zurutuza kazetariak egindako mapa bat ere ipini dute ikusgai, non azken mendean Europan izandako errefuxiatuen exodo eta migrazio guztiak jasotzen dituen. "Mapan errealitate harrigarriak ikusten dituzu, azken mendean milioika errefuxiatu egon direla, XX. mendean armeniar errefuxiatuetatik gaur egun arte", azaldu du Egañak.


Horrez gain, Andoni Lubakik zortzi errefuxiaturi egindako erretratuak aurkitu daitezke Errefuxiatuak erakusketan. Fondo beltzean ageri dira erretratuok eta argiztapen zainduaren bitartez "dramatismo handia" erakusten dute. Gerra Zibilaren garaiko egunkarien bederatzi argitalpen ere daude, bai eta 1936an bi haurrek Irunetik Baionarako ihesaldia irudikatzen duten marrazki banaren kopiak. Argazki zaharrei dagokienez, 20 erakutsi dituzte. Biltegi desberdinetatik lortutakoak dira, besteak beste, Australiatik, Austriatik, Parisetik (Frantzia) eta Salamancatik (Espainia). Material grafikoaz gain, EHUk prestatuko hainbat testuren bidez gaian eta erakusketan sakontzen lagunduko dute ikuslea.

Sentsazionalismorik gabe

Hurrengo argazkilariek parte hartu dute erakusketan: Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo Garcia Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesus Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz. Komisario lanak egin dituen Egañak berak azaldutakoaren arabera, argazkilarien artean koordinazioa egon da, gaia gertutik ezagutzen dutelako denek.


Argazkilaritzaren bitartez "errealitatea den bezalakoa" erakustearen aldekoa da Egaña. Drama, miseria, sufrimendua eta heriotzak nagusi diren testuinguru honetan, ordea, errealitatea sentsazionalismorik gabe adieraztea erronka bat da. "Gertatzen ari dena erretratatzea baino ez dugu bilatzen, gauzak diren bezala jaso, handitu gabe, baina txikitu gabe ere, soilik dagoena ikuspuntu etiko batetik erakustea", argitu du. Horregatik gorpu eta hildakoen irudiak saihestu dituzte, eta "drama berbera beste modu batean transmititzen" saiatu dira.

Gaur egun argazkilaritzak errealitatea islatzeko duen adierazgarritasuna azpimarratu du Egañak: "Argazkiek errealitatea eta gerta-tzen ari dena erakusten dute, baina, aldi berean, ikuspuntu subjektiboa dute". Sare sozialen eta telebistaren bitartez gertatzen den hori unean bertan erakusteko azkartasunak argazkilaritzari garrantzia berezia eman diola uste du: "Gerra karlistetan, argazki bat egin eta etxera bidaltzen zuten arte, asteak eta hilabeteak behar izaten zituzten. Gaur egun, ia berehalakoa da sare sozialekin".

Hiru zati

Erakusketa hiru gunetan egituratzen da: memoria historikoa, exodoa eta Bidasoa. Era honetan, historian pixkanaka aurrera eginez, iraganaren ezagutza oraina hobeto ulertzeko tresna gisa proposatzen da.

Lehenengo zatian, memoria historikoarenean, hain zuzen, euskaldunek bizi izandako gerra zibiletako irudiak bildu dituzte. Iheslariek egindako zirkuituak erakutsi nahi izan dituzte horrela: "Etxetik alde egitea, ihesa, muga igarotzea, erbestera iristea€".

Erakusketaren lehen argazkia Kuban erbesteratutako Domingo Belaustegiagoitiaren 1850eko dagerrotipo bat da, kobrezko plaka batean egindako argazkia. Lehen eta Bigarren Karlistaldian errefuxiatutako familien argazkiak ageri dira eta, ostean, Guda Zibilekoak.


Atal honetan zenbait puntu nabarmendu ditu Egañak: haurrekin eta maletekin ihesean oinez doazen familiak, Irunen Bidasoa gurutzatzen duen zubia, Frantzian, Belgikan, Ingalaterran eta Hegoamerikan artatuak izan ziren errefuxiatuak, haurrentzako errefuxiatu zelaiak€ Bi argazki dira bereziki aipagarriak. Bata, 1936ko irailaren 12an L´Illustration egunkariak argitaratua, non Raymond Venker kazetari frantziarra ageri den haur bat sugarretatik salbatu eta Irungo nazioarteko zubia Hendaiarantz zeharkatzen. Bestea, 1939an, Le Havreko portuan (Frantzia) euskal errefuxiatuekin betetako Flandre itsasontzia Venezuelarantz abiatzen deneko argazkia, Jesus Elosegik ateratakoa.

Erakusketan barneratu ahala, garaiko zenbait egunkariren zatiak irakur daitezke, testuingurua hobeto ulertzen laguntzen dutenak. Esaterako, L'Illustrationen 1936ko irailaren 13ko azala, non Irunen eta Hondarribiaren ebakuazioa azaltzen den Hendaiarantz; Ce Soir egunkariak 1937ko irailaren 18an argitaratutako artikulua euskal errefuxiatuak Biarritzera, Donibane Lohizunera eta Baionara iritsi zireneko unea kontatzen duena; edo Moskuko 1937ko egunkari bat non euskal futbol selekzioaren iritsiera kontatzen duen.


Erakusketaren bigarren zatia, Exodoa izenekoa, gaur egungo argazkiek osatzen dute. Egañaren hitzetan, "Mediterraneo itsasoan egindako zenbait erreskateren irudi benetan dramatikoak" dira. Aita Mari eta Open Arms erreskate itsasontzien argazkiak, Melillako hesia igarotzen ari diren errefuxiatuenak, edo Lesbosen patera batean erreskatatu berri duten haurtxo batena; "oso irudi dramatikoak eta ikusgarriak", komisarioaren irudimenerako.

Atal honetan lau dira aipatzeko irudiak. Izan ere, binaka bata bestearen alboan ipinita "historia errepikatzen" ari denaren ideia ezin hobeto adierazten dute. Batean, 2013an bost senideko familia bat ageri da Alepon (Siria), inguruko dena suntsituta eta erreskatatu dituzten gauza apurrekin oinez doazela, bizkarrez eta zuribeltzean. Alboan, ordea, argazki zeharo desberdina dago: Alepoko beste familia bat, bost senidekoa hau ere, baina Donostian errefuxiatuak, aurrez eta kolorez.

Kontrajarritako beste irudiek errefuxiatuek gainean eramaten dituzten objektuez hitz egiten dute. Batean, Arkaitz Saiz argazkilariak migratzaileek Bidasoaren bazterretan lagatako pertenentziekin egindako argazki bat. Bestean, Diego Ibarrak Libanoko migra-tzaileek soinean daramatena erretratatzen duen irudi bat. "Era honetan, errefuxiatuek soinean zer daramaten ikusten dugu: panpinak, diru-zorroak, bidaia-txartelak, argazkiak€", adierazi du Egañak.

Azken atalean, Bidasoa deitutakoan, Arkaitz Saizen argazki bat nabarmendu du, non suhiltzaileak Bidasoa ibaitik gorpu bat nola erreskatatzen duten ageri den. Komisarioak azaldu du garai desberdinetan iheslariek ibai hau zeharkatu dutela eta horixe bera bildu dute atal honetako argazkien bitartez.

Harrera beroa

Erakusketaren komisario den Juantxo Egaña "oso harro" agertu da jende asko gerturatu delako. "Jendea argazkiekin harritu da", aipatu du. Bere ustetan, erakusketako 65 argazki eta gainerako materialari esker "hemendik ez hain urrun gertatzen denaren ideia bat egin dezakezu". Horrek guztiak jendea harritzen duela uste du, ikuspegi dramatikoa duen ibilbidea egiten dutelako, eta ohartzen baitira Gipuzkoara ere heltzen dela.


"Irudi gogorrak dira, baina ez normalean ikusten ez dugun ezer", argitu du Egañak. Horregatik, haur, gazte zein helduri gomendatu dio erakusketa "patxadaz eta arretaz bisitatzea". Argazki aukeraketa honen bidez "errealitatearen aurrean kokatzen" lagundu nahi du jendea, eta uste du gu ere errefuxiatuak hartzeko prest egon behar garela, "beste garai batean gurekin egin zuten bezalaxe".

noticias de noticiasdealava