IAZKO itxialdiak gauza onik ere izan zuen, batzuentzat. Miren Agur Meabe idazleak (Lekeitio, Bizkaia, 1962), liburuari ekin zion etxeko berrogeialdiak iraun bitartean. Elkarrek eta Lezamako Udalak antolatutako gazte literatura lehiaketan aurkezteko propio idatzitako lana dela adierazi du, solasaldi eta aurkezpenei zegokienez, urte zaila aurreikusi baitzuen. Lana aurkeztu, eta epaileek irabazle izendatu. Apirilean aurkeztu zuten Itsasoaren atea, historiaz, itsasoaz eta magiaz bustitako lana. Maite Gurrutxaga ilustratzaileak jarri dizkio irudiak Meaberen obra berriari.

Ubarroi irlara bidaiatuko du irakurleak 'Itsasoaren atea' lanarekin. Eloraren istorioa kontatu duzu bertan, dohain bereziak dituen gaztearena. Zein dira dohain horiek, eta zertarako baliatuko ditu?

-XIX. mendean kokatzen da istorioa. Aitak bapore batean utzi du Elora Duval. Hamahiru urteko neskatxari ama hil zaio eta bizimodu berri bati ekin beharko dio. Lanean hasiko da, umezain Galantenea jauretxean, eta laster estutuko du harremana bertako Ariane umezurtzarekin.

Ez Elora, ez Ariane, ez dira neska arruntak: beste inork igartzen ez dituen mezuak edota gertaerak igartzeko dohaina dute eta, bien indarrak eta adimena batuta, aspaldiko kondaira tragiko baten korapiloa askatuko dute. Batak amaren mezuak jasotzen ditu beste mundutik; besteak, hain dauka intuizio zorrotza, presentziak igar ditzake. Azkenean, biek batera zeharkatuko dute Itsasoaren Atea, pasadizo bat.

Nola sailkatu azkeneko lan hau?

-Obra hau, nolabait, literatura erromantikoaren kutsukoa da. Zer zentzutan da nobela erromantikoa? Giro preindustriala ageri da: natura basatia eta arrantza-portua diren toki batean. Atrezzoan, beraz, ubarroiak, izurdeak, galerna€ Elementu dramatikoak ere baditu: protagonista nagusi biak neska konplexuak dira, samina kudea-tzen ikasten ari dira heldutasunerako bidean. Horri misterioa gehitzen zaio: sekretuak, mehatxuak eta fantasmak, mitoak€ Gainera, neskok badute misioaren edo eginkizunaren pisua: nahigabeen edo zailtasunen aurka borrokatzeko egoskortasuna. Emakume protagonistak heroiak dira, eta batez ere elkarrenganako maitasuna eta elkartasuna lehenesten dute.

Esan daiteke itsasoa zure iruditegiaren parte bihurtu dela. Izan ere, hainbat lanetan ageri dira hari lotutako istorioak. Zer du bada itsasoak zuretzat?

-Betidanik agertu izan da itsasoa nire liburuetan, ikuspegi askotatik, eta hasiera-hasieratik. Liburuen izenburuak errepasatuz gero, Itsaslabarreko etxea gazte-nobelan, misterioa eta amodioa txirikordatuz, trataera lirikoa eman nion; Urtebete itsasargian delakoan, berriz, gerraren kontaera egiteko erabili nuen, karga epikoa zeukan... Itsasoa nire bizitzako hondoko oihala da, betiko paisaia. Batzuetan ispilu moduko bat, gogoeta egiten lagundu didalako; besteetan, gozamen-iturria: urzalea naiz...

Eta, aukeratu beharko bazenu, zein edo zer litzateke zuretzako itsasoaren ate bat?

-Itsasoaren atea ez dakit, baina "bizitzaren atea", sikiera, idaztea da. Niretzat, bizitza biziago sentitzeko modu bat da idaztea, hazteko modu bat eta espero izaten ez ditudan beste toki mental batzuetara iristekoa.

Hainbat dira bizkarrean dituzun sariak. Nola egiten zaio aurre enegarrenez sari bat irabazi izanari? Arduraz, ohoretik, umiltasunetik€

-Gaur egun, pozetik eta baretasunetik. Gaztetan, sarietara aurkeztea bidea urratzeko modu bat izaten dira. Gerora, nire lanaren balioa berresteko balio izan didate. Eta duda barik, maila praktiko batetik begiratuta, sariek luzatu egin dezakete liburuen bizitza.

Liburu hau 2020ko itxialdian idatzi nuen, Mikel Zarate lehiaketara aurkezteko asmoz, urte aldrebesa zetorrelako: jendaurreko saio eta emanaldi asko galtzen ari ginen, eta hutsune hori nolabait orekatu beharra zegoen. Irabazi ala ez, obra berri bat izango nuen eskuartean, argitaletxeren bati eskaintzeko.

Ibilbide luzeko idazlea zara: haur literatura ez ezik, helduentzako literatura ere egin duzu. Zer ematen dizu horietako bakoitzak?

-Haur literaturak, besteak beste, nire esperientzia didaktikoa aplikatzeko aukera ematen dit. Orain, esaterako, Katta urtxintxaren bilduma egitean, errimak, hitz-jokoak, esaera zaharrak, igarkizunak eta abar sar-tzen ditut umeei hitzaren unibertsoa estimatzen laguntzearren. Literaturan ez da jokoan sartzen zer kontatzen den bakarrik, baizik eta zelan kontatzen den. Gazteen-tzat idazten dudanean, neu izandako gaztearekin topatzen naiz berriro, nerabezaroko oroitzapenetatik edaten dut pertsonaien barru-mundua eratzeko. Oso presente izaten dut helburua ez dela denbora-pasako istorio bat eskaintzea, ezpada zer hausnarketa ere eragingo diena. Eta helduentzat idazteak orriaren beste aldean dagoenaren konplizitatea ematen dit, bizi-tzaren joanean berdintsuak izan daitezkeen esperientziak konpartitzeak bermatzen duen komunikazioa.

Eta poesiak? Berezia da adierazpide hori zuretzat, ezta?

-Cristina Peri Rossiri irakurri nion beraren-tzat poesiaren funtzioetako bat zela emozioen eta sentimenduen memoria izatea, identitatea ematen digulako ahazturaren kontra. Identifikatu egiten naiz pentsaera horrekin. Niretzat, poesia neu izateko modu bat da. Pentsatzeko eta sentitzeko oinarrizko era bat da, poesia ez da soilik sentimendutik jaiotzen, ez dago poesiarik sentimendu barik, baina ez dago poesiarik ideiarik gabe, ideia horiek oroitzapenak, oihartzunak, motibazio ideologikoak eta abar izanik. Eta badu balio zibiko eta moral bat, ez iraultzailea, baina bai kontzientziari eragitekoa. Poetak ezin du gizartean nagusi den giroa aldatu, baina banakakoaren bihotzera, belarrira edo kontzientziara jotzen du.

Zure sorkuntza lanez gain, besteenak ere ekarri dituzu euskarara baita hemengoak gaztelerara ere. Itzulpena, baina, ez da oso estimatua irakurle askoren artean. Zer egin horren aurrean?

-Bai, oraintxe bukatu dut, adibidez, Miren Amurizaren Basa nobelaren itzulpena gaztelaniara. Lankidetza ederra izan da. Itzulpenak guztiz beharrezkoak dira gure literatura gure mugetatik kanpo ezagutarazteko. Nola erakutsi, bestela, beste lurralde batzuen mailan gaudela? Eta gure hizkuntza ere hornitu behar dugu han-hemengo idazleen obren laginez, sendotzeko.

Zergatik ez da itzulpena estimatua batzuen artean? Agian beti esan izan delako traduktorea traidorea dela, baina ez ote da areago limurtzailea, seduktorea, jatorrizko lana erakargarri bihurtzeko artisaua?

-Orohar, euskal irakurlea jantzia, aktiboa eta exijentea da, eta apreziatzen ditu itzulpenak. Irakurle-taldeetan aukeratzen dituzten liburuen artean, izaten dira itzulpenak ere.

Literaturaren adar gehien-gehienetan egin duzu ekarpena. Ba al da oraindik ere probatzeko falta zaizunik, kendu nahi zenukeen arantzarik?

-Arantzarik ez. Egia esanda, liburu berri bakoitza erronka gisa hartzen dut. Norberaren burua ez kopiatzea da lehen legea. Baina egia da, baita ere, ia ezinezkoa dela norberaren ahots literarioari eta joerei ihes egitea. Orduan, formarekin eta planteamenduarekin esperimentatzea dagokigu, horrek dakartzan arriskuekin. Bidean egiten dugu bidea, pauso bakoitzak eskatzen du hurrengoa.

Txantxetan diot, baina oraindik ez dut idatzi antzerkirik, kazetaritza narratiborik, epigramarik, saiakerarik... Auskalo zer egarri etorriko zaidan gerora.

Hain zuzen, idazketatik bizi daitekeen gutxi horietako bat zara. Nola ikusten duzu panorama, orokorrean?

-Munduaren martxa ikusita, ez nago seguru gure patuaz. Figura marjinala bihurtuko da idazlea? Baliteke, ezen alde ekonomikotik haratago, zabalik dugu krisialdi moral eta etikoa. Gizartea infektatuta dago, 3 i-en birusak jota: internautika (interneteko idazleak, interneteko dirua, interneteko harremanak€), ikonizazioa (telebistetan bultzatzen den ia guztia lazgarria da) eta balio sakonekiko indiferentzia. Dena den, espektatiba ezezkorren gainetik jarduteko konpromisoa sentitzen dugu eta horri heldu behar.

Mundu hori, oso maskulinoa izan da orain arte, bederen. Azken aldian, berriz, gero eta emakume gehiago entzuten eta irakurtzen ditugu. Aldatzen ari da?

-Erabat aldatzen ari da. Gure literatur sisteman beti egon dira emakume irakurleak, euskarri garrantzitsua; orain bagara emakume idazleak, itzultzaileak, kritikariak, kultur eragileak... Beste esparru batzuetan legez, gure espazioaren alde borrokatu gara, eta horren ondorioa aberatsa da: emakumeok ardatz dituzten liburuak, zentzu zabalean hartuta. Orain ez gaude sistemaren bazterrean, erdigunean baino.

Baina idazle bakarrik ez zara. Zer egiten du Miren Agur Meabek liburu artean ez denean?

-Lagunekin egon, itsasertzean paseatu... Eta hurrengo liburua zelan mamitu pentsatu.