Ongi etorri eta agurren testigu, haur parke, itxarongune eta, batez, ere pertsona, objektu eta herrien arteko lokarri. Agertoki bakarrean askotariko paradak eskaintzen dituen ingurua da tren geltoki bat, berezko bizitza duen eraikin bizigabea. Tren geltoki baten biltzen diren istorio guztien erakusleiho bihurtu du Irantzu Lekue artista gasteiztarrak Arraia-Maeztuko horma bat. Izan ere, 1889tik 1967ra bitarte herria zeharkatu zuen Vasco-Navarro trenbidea, El trenico, izan zenaren lagin bat erakusten duen horma irudia egin du.

Paretako irudiak garaiko "itxaropena" islatu nahi du, tren geltokien bueltan garatzen zen bizitzaren zer-tzelada esanguratsuak jasoz. Artistaren aburuz, herriaren bizitza asko garatzen zen geltokitik gertu eta hori da hain justu bere artelanaren asmoa. "Jendea heltzeko itxaropena, alde egiteko itxaropena, geltokian jolasten zuten umeak, bertan biltzen ziren gazteak, hari esker garraiatzen zituzten produktuak€ bizitza hor mugitzen zen".

Lekuek balioan jarri nahi izan du Nafarroa, Gipuzkoa eta Araba lotu zituen Trenico-k garaian eta tokian suposatu zituen aldaketak: "Vasco Navarro trenbidea funtzionatzen egon zen garaia hobekuntza garaia izan zen; arlo industrialean eta ekonomikoan batetik, eta arlo sozial eta kulturalean bestetik", baieztatu du artistak.

Esentzia hori erakusteko, garaiko hainbat objektu eta zehaztasun esanguratsu txertatu ditu irudian Lekuek, fokua "aurrerakuntzetan" jarrita. Horma irudia osatzen dute elementuen artean, garaian Maeztuko Laminarioko geltoki buru izan zen emakumearen irudia nabarmendu du artistak: "Hori ez zen batere ohikoa garai hartan". Hain justu, irudi erraldoia behinola Maeztuko Laminarioko tren geltokia izan zenaren alboan ondu dute, egun Maeztuko udalaren inguruan dagoen porlanezko horma erraldoian.

Artelanaren bidez memoria lantzen du artista gasteiztarrak, "ezkutuan" egon diren istorioak gaur egunera ekarriz; eta, bide batez, era iraunkorrean islatuta utziz.

Maeztuko pareta pintatzeko gaitegia aurreko proiektu baten topatu zuen Lekuek, hain zuzen, Elortza- Zekuianoko tuneleko murala egiten ari zenean. Bidearen aztarnak proiektuaren lehen fasea izan zen tunelaren esku hartze artistikoa, eta hortxe ezagutu zuen Lekuek Trenico. "Iaz garatu genuen tunelaren eskuhartze artistikoa, eta hori garatzeko ikerketa lan sakona egin behar izan nuen. Orduan lortutako dokumentazioari esker hasi nintzen Trenico-ren historian sakontzen".

Erabateko murgiltzea

Ezagutza hedatu eta sakontzeko, pareta soil bat biziz hornitzeko ariketa beste maila batera eraman du oraingoan artistak; izan ere, errealitate areagotuz jantzi du horma irudia. Lekueren esanetan, "leiho" bat da murala, Trenico-ren garai eta errealitatera lekualdatzeko sarbidea. Tecnaliarekin batera garatu duen Flashback: El Trenico aplikazioaren bidez bisitariak trenaren esentzia ikusi ez ezik, egiten zuen ibilbidean murgildu eta garaiko istorioak en-tzun eta sentitzeko aukera du. Aplikazioa Google Play-n deskargatu eta erabiltzaileak sakelakoaren bidez eskuratu ditzake kontakizunak, 3D objektuak eta artxiboko irudiak. Horrez gain, tren txikia bera ikusi ahal izango da berriro martxan burdinbide zaharrean.

Modu horretan, artea eta teknologia uztartzen ditu proiektuak, eta horrela ikusleari informazio gehiago eskaintzen zaio artistaren aburuz. Memoria iraunkorra osatzeko ariketa sakontzen da horrela. Are, estreinakoz sortu da Euskal Herrian errealitate areagotuz hornitutako horma irudi bat.

Prozesu kolektiboa

Proiektua guztia garatzeko ezinbesteko baldintza izan da dokumentazioa, eta ahalik eta kolektiboen bilakatu nahi izan du Lekuek ikerketa lana. Herritarren hitzak eta oroitzapenak jasotzen aritu da artista irudiaren ideia eraikitzeko, eta, ondoren, margoketa fasearen lehen fasean ere hartu zuten parte herritarrek. Artistaren berezko ezaugarri bilakatu da dagoeneko prozesu parte hartzaileen bidez sortzea, era horretan "aberasgarriagoak" direla iritzita: "Nik uste kolektiboki egindako lanak direla etorkizuna, artista genioaren figura galdu behar dugu".

Kolektibotasunaz gaindi, kritikotasuna ere landu ohi du Lekuek bere lanetan, eta oraingoan ere hausnarketarako abiapuntua utzi du paretan betikotua: "Oraingoan, denboraren joana izan du gogoeta gai. Egun, oso azkar goaz, presaka, eta Trenico aldiz oso astiro zihoan". Hor utzi du artistak bisitarien pentsamenduak zirikatzeko amua.