Rock doinuak, fresko eta ilun

Hexen taldeko hainbat partaidek, euren buruak berrasmatu eta Labana rock taldea sortu dute. 'Blacklist' lehen EPa aurkeztu dute dagoeneko

23.04.2021 | 12:24
Virginia, Maria, Ainhoa eta Asierrek osatzen dute Labana.

ROCK talde fresko bat", edo, bestela, "power rock" taldea. Definizioa eskatuta, hala azaltzen du Asier Zugadi musikariak Labana taldearen esentzia. Asier Zugadik (baxua), Ainhoa Unzuetak (gitarra), Virginia Fernandezek (ahotsa) eta Maria Arriagak (bateria) osatzen dute Labana,eta laukote bizkaitarra 2019ko udazkenean agertu zen plazara. Ainhoa, Virginia eta Maria Hexen punk oi taldeko kide ohiak dira, eta Asierrekin batera bueltatu dira oholtzara. Labana izenpean, lehendik zuten musika talde bat berrasmatu du laukoteak. Lagun taldetzat dute euren burua, eta hiru kantuz osatutako Blacklist EPa izan da argitaratuko duten lehen estudioko lana. Estreinako lanaren ale guztiak agortu ondotik, zuzenekoak lotzea eta estudioko lan berri bat ontzea dute helburu orain taldekideek.

Bakoitzak ibilbide musikal oparoa egina duen arren, Hexenen geldiunea eta Labanaren sorrera estuki lotuta daudela azaldu du Unzuetak: "Labana sortu zen Hexen oraindik aktibo zegoen garaian. Hexen osa-tzen genuen bost partaideetako bat atzerrira joan zen bizitzera, eta instrumentu baten faltan estiloa egoki-tzen joan behar izan ginen". Unzuetaren esanetan Hexeni "errespetua mantendu" asmoz erabaki zuten talde berri bat sortzea.

Bilakaera musikal baten nolabaiteko emaitza da Labana, estilo aldaketa baten ondorio. Hexen taldearekin punk oi doinuak ziren nagusi, Labana, berriz, rock talde gisa ikusten du laukoteak. Bertan ari dira burubelarri gaur gaurkoz Hexen osatzen zutenetako gehienak, baina Unzuetak garbi du Hexen stand by-en dagoela, ez dela desagertu: "Urte batzuk barru, denak elkartzen garenean, kontzertu batzuk emango ditugu, seguru. Denak gaude gogoz agertokiak zapaltzeko; Hexen geldiune baten dagoen ente bat da".

Oraindik ez zekiten arren, opor bidaia batean jaio zen taldearen izena. Hexeneko taldekideak La Habana hirian oporretan zeudela, euren burua Labana musika talde gisa aurkeztea erabaki zuten: "Joera genuen joaten ginen toki guztietara gure burua banda bat bezala aurkezteko, eta bidaia hartan Labana taldea asmatu genuen", kontatu du gitarra jotzaileak. Garaiko fikzioa errealitate da egun.

Bilakaera, aukera

Hexen taldearen ezintasuna aukera bihurtu zuten musikariek Labana sortuz, eta horrekin ari dira bidea egiten. Estilo aldaketak bide eta espazio berriak urratzeko aukera eskaintzen diela uste dute, eta ilusioz ari dira entsegu eta sorkuntza artean. Unzuetaren aburuz, punk oi-aren zirkuitu "itxitik" zertxobait atera eta oholtza berriak zapaltzeko aukera da Labanaren sorrera. Oraingoz, ordea, ezin izan dute zuzeneko askorik jo eta sentsazio gutxi batzuekin eraiki dute talde berriaren harrera. Besteak beste, Gernikako Lekuek festibalean jo zuten martxoan.

Rock talde bat izanagatik, kutsu "iluna" badutela nabarmendu du Zugadik. Agerian utzi nahi izan dute joera hori: "Labana, Blacklist€ taldearen zein EParen izenek berehala erakusten dute iluntasuneranzko joera hori, eta jarrera kontu bat ere bada". Norabide horretan, punk rock etiketa ere jaso izan du taldeak maiz. Izendapen horri helduta, punk rock musikaren osasunari buruzko balorazioa egin du Zugadik: "Zorte onekoak garela esango nuke eta Euskal Herriko punk rock eszena nahiko osasuntsu dagoela; ez da 90eko hamarkadako egoerarekin konparagarria, noski, baina nik uste fresko gaudela oraindik, bizirik". Hain zuzen, musikari ez ezik kontzertu antolatzaile lanetan ere ibiltzen dira Zugadi eta Unzueta herrian.

Sortzerakoan, taldean aniztasuna dagoela baieztatu dute partaideek, eta bakoitzak bere erreferente eta iturri propioak dituela. Halere, lortzen dute adostasunera heldu eta denen gustuko emaitzak lortzea. Zertzelada orokor gisa, aitortu dute euskal taldeak kontsumitzen dituzten arren, beste nazio batzuetako musikariak direla euren erreferente nagusiak.

Kantuen sorkuntza prozesuari dagokionez, zeregin bakarti xamarra izaten ari dela azaldu du Unzuetak, eta taldekideetako batek etxeko bakardadean izandako ideietatik tiraka ari direla kantu berriak eraikitzen: "Lehen baino indibidualizatuagoa da sortze prozesua egun; ez da zerbait komunitarioa. Abestiaren hazia ereiten du norbaitek, baina, halere, gero denon artean ematen diogu abesti itxura lokalean".

Kontzertuen premia

2020ko urte bukaeran aurkeztu zuten Blacklist, eta dagoeneko hurrengo ekarpen fisikoaren bila ari da Labana. "Uda partean estudioan sartu nahiko genuke", azaldu du Unzuetak. Horretarako, baina, finantzaketa ezinbestekoa da eta diru iturri faltan dago taldea. Gitarra jotzaileak argitu duenez, estudioko lana bideratu artean, zuzenekoa txukundu eta ahal beste jotzea dute helburu: "Oraingo xede maximoa da ahalik eta zuzeneko gehien jotzea dirua lortu eta gure kantuak erregistratu ahal izateko". Bide hori musikaz gozatuz eta proiektua elikatuz egin nahi dute; izandakotik ikasi eta oholtza zein aukera berrietan sakontzen jarraitu.

noticias de noticiasdealava