BELTZA. Beltzaren argilunak. Beltzaren moduak, formak eta patroi desberdinak dira Karlos Martinez (Bilbao, 1982) artistaren obra berriaren lokarria. Black Patterns edo patroi beltzak. Bilboko Carreras Mugica aretora sartu, eta harreratik bertatik estudio batera gidatzen duen konposizioen sorta egin du Martinezek kautxoz eta larruz, hiru zatitan kokaturik. Beltz kolorea, argi badago ere, nagusi da artistaren azken obra honetan.

Black patterns izena eman dio Martinezek bere obra berriari, izan ere, koloreaz gain, patroigintza izan du oinarri lan honetarako. "Diseinuaren eta marrazketaren mundutik nator ni, eta estuki lotuta dago patroigintza diziplina horiekin", azaldu du. Ildo horretan segituta, esan du artista moduan, materialarekin bainoago, marrazkiarekin eta izaten duela ardura.

Malgutasunaren baldintzapean

Probatzearen probatzez sortutako bilduma dela adierazi du egileak: "probatzeko ariketak egiten hasi nintzenean ez nuen erakusketarik buruan", eta hari horri eutsita erantsi du inoiz landu gabeko materialekin lan egiteko gogoa baino ez zuela: kautxua eta larrua. Biak ala biak dira bigunak, eta ez da nolanahiko erabakia. Izan ere, Martinezek azaldu duenez "zerbait berezia" egin nahi zuen, "ohiko eskulturaren zurruntasuna eta gogortasuna" deseraiki, nolabait.

Diziplina horretan hain ohikoak diren zura eta metal gogorrak alboratu ditu oraingoan artistak. Martinezen hitzetan, kontrolatu ezin zituen gaiekin lan egin nahi zuen, eta erronka gisa definitu du. Hori dela eta, patroiak beste adiera erantsi bat hartu du bere baitara: agintea; eta hala mintzatu da gaiaren gainean artista bilbotarra: "Obra honetarako hautatu ditudan materialak kontrolatu ezin nituela konturatu naiz, normalean ez bezala".

Piezak, handiek zein txikiagoek ere, kremailerekin eta lokarriekin lotu ditu. Horretarako, zuloak erabili ditu, eta zuloek, halaber, sinbologia berezia dute egilearentzat: "Hutsuneak gure egunerokotasunean daude, eta zalantza ugari sor ditzakete nahigabean: non bukatzen da zulo bat, edo zein da zulo bate erdigunea?".

Era berean, teilatuan pieza handi bat jartzeko aukera aipatu du, eta pozik ageri da proposamenarekin, erakusketarekin lan egiten jarraitzeko aukera baita, eta, Martinezen hitzetan, "jarraipena izango du". Bost olana pieza handirekin osatuko du eraikin gaineko erakusketaren partea, beltzak horiek ere. Gainera, pieza eskultoriko horri serie fotografikoa ere gehitu nahi dio, Idoia Zabaleta eta Leticia Morales dantzarien mugimenduak bilduta.

Denbora luzeko emaitza

Martinezen arabera, sorkuntza prozesua luzatu egin bada, erakusketarik ez izatearen arrazoiarengatik izan dela azpimarratu du, izan ere, "probatzeko" ekin zion obrari. Azkenean, erakusketa bihurtu du Carreras Mugica galeriako kideek bultzatuta. Aurretiko harremana zuen espazioko arduradunekin beste egitasmo eta estantzia batzuetan kointziditu izan duela adierazi du, proposamenari gogoz eutsi zion.

Egileak esan du konfinamenduak eta osteko egoera bereziak ez dutela bereziki obra baldintzatu. Espazio desberdinetan osatzen joan den erakusketa dela azaldu du: Euskal Herritik kanpoko estantzietan, bere estudioan€ eta COVIDak, mugikortasun hori baino ez duela mugatu adierazi du.

Estreinatu berri duen Black Patterns bere urteetako lanarekin alderatuta, "apurketa" izan dela azaldu du. Estiloa mantendu du, baina lan egiteko modua aldatzera behartuta ikusi du bere burua. "Beste erritmo batean egin dut honako lana, eta eskaini diodan denbora ere beste era batera egin dut", aldaketez ari dela. Urteekin ohartu da piezekin denbora asko ematen duela eta, batzuetan, pentsatu izan du erakusketarik ez balego etengabe arituko litzatekeela gauzak moldatzen. Emaitza maiatzaren 7ra arte izango da Bilbon, Heros kaleko Carreras Mugica galerian, Txomin Badiolaren Barrez lehertzen naiz, penaz hiltzen naiz lanarekin batera.

Beltzak kontrastean

Badiolaren lanak ere kolore iluna izan du ardatz. Kasu honetan, berriz, zuriarekin eta kolore deigarriekin kontrastea egin du. Aspaldiko ideia batetik abiatuta, bost koadroz egindako erakusketa ondu du batetik, eskaiolaz, zuraz eta baita poesiaz lagundutako irudiekin. Gorputz eskultorikoak ere osatu ditu eta aretoan zintzilik eta paretan jarriak topatuko ditu bisitariak. Galeriako gelan barreiatuta daude elementuak, erdigunerik gabe, artistaren arabera, pieza guztiek garrantzi eta protagonismo bera izan zezaten.

Tituluak hemen ere bi jatorri ditu: koadroetako poema eta egun bizi dugun egoera, irrigarria eta negargarria baita aldi berean, egilearen ustez. Martinezen kasuan ez bezala, atzera begira egin du Badiolak erakusketako piezak egitean, betikora itzuli baita. Ia lau urte ziren egileak erakusketarik egiten ez zuenetik, eta Barrez lehertzen naiz, penaz hiltzen naiz-ekin, erakusteko sorkuntzara itzuli da, beraz.