Antzezlanean, Jone izango da Nerea Mazo (Bilbo, 1998), AEBak ezagutzeko irrikitan eta ilusio handiz dagoen gaztea, bere ametsa betetzen ari da. Miren Arrietak (Donostia, 1998), berriz, Mariaren papera egingo du, gurasoek behartuta eta erreparo handiz begiratzen diena yankiei buruzko ideiei. Dallaseko aireportuan ezagutuko dute elkar, eta ostatu emango dien herrialdearen gaineko iritziak trukatuko dituzte. Ez datoz bat, eta inpresio txarra hartuko diote batak besteari.

Halako batean, zerbait jazoko da, gaizki ulertu bat egongo da Jonerekin: deportatzeko agindua jasoko du. Baina Mariak ezagutu berri duen kidea laguntzeko ahalegina egingo du. Gaizki hasitako bidea, beraz, konexio indartsu baten bidez konponduko dute bi lagunek Mireia Gabilondok zuzendu eta Patxo Telleriak idatzi duten obra honetan. Mazok eta Arrietak pertsonaia nagusiak ez ezik, bigarren mailako pertsonaiak ere gorpuztuko dituzte, hala nola, euren harrera familietako kideak edota aireportuko langileak.

Umorea lagun, herrialdearen inguruko aurreiritziak landuko dituzte oholtza gainean. Hain justu, Miren Arrietak urtebete igaro zuen ikasten Estatu Batuetan, eta adierazi duenez, joan aurretik bi pertsonaien arteko iritzien erdibidekoa zuen berak: "Egia da ilusio handiz joan nintzela bertara ikastera, baina, hala ere, nahiko buru itxiak zirela banekien". Ildo horretatik Nevadako herri txiki eta "kontserbadore" batean egon zela azaldu du Arrietak eta horrek kulturalki suposatu zion talkaz mintzatu da. Hala ere, ondorio batera iritsi zen, bere pertsonaiak berak ere esaten duena: "Han ere, hemen bezala, denetariko jendea dago, baita jende zoragarria ere", eta gaineratu du leku berrietara iristerakoan jarrera "irekia" izatea ezinbestekoa dela.

Bere aldetik, Nerea Mazok adierazi du "erraza" izan dela pertsonaiekin konektatzea, izan ere, adin antzekoa duten neskak antzezten ari dira, eta hortaz, erantsi ahal izan dizkiete euren izaeraren eta umorearen elementuak. Gaia "potentea" izanagatik ere, barre egiteko ikuskizuna baita prestatu berri dutena.

Bidea hasi berri, baina ez motz

Askoren-tzat aurpegi ezagunak izango dira gazteenak. Hain zuzen ere ETBren Go!azen telesailean elkarrekin ibilitakoak dira Arrieta eta Mazo. Urte batzuk pasa dira ordutik, eta hainbat antzerki, telesail eta filmetan parte hartu dute biek, nork bere bidetik. Bideak, ordea, berriz elkartu ditu Ameriketako bidaia antzezlanean."Lagun minak egin ginen Go!azen-en, eta harremana mantendu dugu ordutik. Niretzako plazerra da Mirenekin konpartitzea nire lehen antzezlana", esan du Mazok. Lanbideak harremana are gehiago sendotzen lagundu diela adierazi dute, ordu asko ematen baitituzte batera, entseguetan edo joan-etorrietan. Gainera, batera ikasi, eta batera bizi dira orain Madrilen.

Eskertuta ageri dira orain arte izandako aukera mordoagatik, jakin badakiten arren lana ez dagoela bermatuta hilabetetik-hilabetera. Arrietak uste du zortea pisuzko faktorea dela aktoreen munduan, baina, era berean, langilea ere izan behar dela deritzo: "Harro eta pozik gaude, baina hobetzeko ari gara lanean eta ikasten". Lanbidea barrutik ezagutzeko aukera izaten ari direla azpimarratu du Mazok, eta gogorra den arren segitzeko indarra dutela.

Orohar, gustura sentitzen dira edozein dela formatua: telebista, zinema, antzerkia€ "Batzuetan ematen du telesail jakin batzuetan sartu behar dela famatu egiteko. Orain, antzerki honetan oso gustura gaude, txikia bada ere, asko ikasten ari baikara", adierazi du Donostiakoak. Nerea Mazok uste du dizplinetako bakoitzak erritmo desberdina duela, baina denek dutela zer edo zer gustatzen zaiena: "Telesailek lan handiagoa ematen dute, egunero ikasi behar delako gidoia, baina polita da taldean lan egitea. Antzerkian prozesua gehiago gozatzen da istorioa hasi eta bukatzen delako". Emanaldiak egin ahala, antzezlana eta haiek beraiek handitzen ari direla igarri dute. Zinemaren kasuan, "luxu" ugari daudela azaldu dute: hotela, garraioak€ eta erosoena dela onartu du.

Etorkizun hurbilari begiratzean, lanean jarraitzearekin pozik leudeke biak ala biak. Ikus -entzunezko komunikazioan graduatua da bilbotarra, eta aitortu du kameraren atzean jartzea gustatuko litzaiokeela egunen batean. Arrietak, berriz, pantaila handirako zerbait egin nahiko luke, pertsonaiarekin eta lanarekin konektatzeko prozesu luzeagoa baitu. Nazioartera salto egiteak ere tentatzen ditu, eta Frantzia aipatu dute adibide.

Une honetan ordea, buru belarri dabiltza antzerki-ikasketetan eta birarekin. Gazteen arabera, neketsua da biak bateratzea, baina pozarren ari dira herri batetik bestera Gabilondoren zuzendaritzapean. Hurrengo hilabeteetarako dozena emanaldi dituzte aurreikusita Galdakaon, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Zumaian, Bergaran edo Hernanin, eta laster beste data berri batzuk ere iragarriko dituzte.