Bi emakume adinduren istorioa kontatzen du Kinka film laburraKinka k. Ez dute elkar ezagutzen, baina batak bestea zaindu behar duenez, elkarrekin igaroko dute itxialdia. 60 urteko langile hegoamerikarra da Doroty, eta kezkaz entzungo ditu nondik datozen ez dakien soinu susmagarriak. Mari gorreria arazoak dituen adineko emakumea da, isolamendua eta munduarekin loturarik gabeko egoera arrotza biziko ditu. Maria Isabel Diazek eta Elena Iruretak jokatzen dituzte Doroty eta Mariren paperak, hurrenez hurren, eta Josean Bengoetxearekin batera osatzen dute pelikularen aktore zerrenda.

Errodajea amaituta, muntaketa prozesu betean murgilduta daude Maider Oleaga zuzendaria eta Maialen Sarasua muntatzailea. "Pelikularen bila gaude oraindik", azaldu du Oleagak. Urtarrilean postprodukzioaren hurrengo fasearekin hasteko asmoa dute, hots, soinua eta etalonajea lantzeko, proiektua udazkenean aurkeztu ahal izateko.

Beldurra eta soinua

Itxialdiko beldurren kontakizunean, soinuak berebiziko garrantzia du. Hirietako eguneroko soinuak desagertzean sortzen den arroztasuna hartu du abiapuntutzat Maider Oleagak. Soinuaren pertzepzioa landu nahi du, hiri bateko etxe baten barruan nola bizi den egoera hori: "Ni Gasteizen bizi naiz eta oso nabaria izan zen nola aldatu zen hiriaren soinua konfinamenduan".

Horrez gain, berrogeialdiko emozioak plazaratu nahi ditu lan honekin, ezjakintasunak sorrarazitako beldurra, zehatzago. Bi helduleku horietatik tiraka, pertsonaiak pentsatu eta garatu ditu, beldur horiei aurre egiten saiatuko direnak.

Erlojupeko aurreprodukzioa

Proiektua garatzeko Zineuskadi elkartearen Itxitik dirulaguntza baliatu du, berrogeialdiaren inguruko film laburren ekoizpenari zuzendutako deialdia. Guztira zazpi lan saritu dituzte, 8 eta 12 minutu arteko lanak ekoitzi beharko dituztenak ildo komun baten inguruan: alarma egoeraren ondoriozko konfinamendua.

Bitxia da, baina, Oleagak deialdia ikusi zuenean ez zuen aurkezteko asmorik, beste proiektu batekin baitzegoen lanpetuta. Baina, halako batean, Galapan ekoiztetxeko Ander Barinaga-Rementeriak deitu zion, haiekin eta Eneko eta Ander Sagardoy anaiek sortu berri duten Sumendi Filmak ekoiztetxearekin batera proiektu komun bat aurkezteko proposatzen. "Ideia bat pentsatzeko tartea hartu nuen eta banuen kontatzeko zerbait barruan". Oinarrizko ideia bat proposatu zien, eta haiek baietz. Hortik aurrera, hiru aste eskasean ideia garatu eta dosierra goitik behera prestatu behar izan zuten, deialdira aurkezteko.

Oso gaur egungo formatuan egin behar izan zuten lan, bideokonferentzia bitartez, alegia. "Ez genuen elkar ezagutzen, elkarrekin lan egiten genuen lehen aldia zen eta gainera online egin behar izan genuen, baina oso azkar ulertu genuen elkar", jarri du azpimarra Oleagak.

Errodajean ere oso gustura egon dira taldekide guztiak. "Hasieran sortutako sentsazio on horrek prozesu osoan zehar iraun du, sorpresa handia izan da", kontatu du zuzendariak. Gidoia Carlota Peredak idatzi du, produkzio burua Idoia Artxanko izan da, Kiko de la Rica arduratu da argazki zuzendaritzaz, Zaloa Ziluaga arte zuzendari-tzaz, Ainhoa Eskisabel makilatzeaz eta ile-apainketez eta Iratxe Sanz jantziteriaz. Zuzeneko soinuaren arduraduna Andrea Saenz izan da, eta Paula Olazek osatuko du musika.

Udazkenean loratu

Oraindik ezin zehatz jakin noiz eta non estreinatuko dituzten Kinka eta Itxitik deialdiaren baitan garatutako gainerako lanak. EAEko A kategoriako zinemaldiek, Donostia Zinemaldiak eta ZineBik - udazkenean biak- , zazpi laburrak eta horiek elkartuko dituen film luzea euren programazioan sartzeko konpromisoa hartu dute; baina, "gauza asko konfirmatzeke daude oraindik", argi utzi nahi izan du Oleagak.

SUMENDI FILMAK

Sumendi Filmak ekoiztetxeak ere badu itxialdiarekin lotura. Izan ere, konfinamenduan sortu zuten ideia Ander eta Eneko Sagardoy anaiek. Bata Bartzelonatik, bestea Euskal Herriko edozein txokotatik, gaurkotasun osoa duen formatuan eraiki zuten: bideokonferentzia bitartez. Ander Bartzelonako Arcadia ekoiztetxeko produkzio koordinatzailea da, Eneko, aldiz, zinema eta telebista aktorea. Proiektu pertsonalagoak garatzeko bide bat zabaldu nahi dute Sumendirekin, eta beste zuzendari eta gidoilarientzako aterpe izan, euren proiektuak aurrera eramaten laguntzeko.

'Kinka' izango da Sumendi Filmak ekoiztetxearen lehen lana, Galapan ekoiztetxearekin batera produzitua. Elkarrekin ondo moldatu direnez, hurrengo proiektuak ere haiekin egiteko asmoa dute. Udaberrian Aitor Gametxoren film labur berria egingo dute, 'Berak baleki', eta uda partean beste labur bat grabatu nahi dute.