Bidaia baten kronika. Helburu oso zehatz bat duen bidaia batena. Eta, horren bueltan, inguruan eta bitartean jazotako gertakari sorten inguruko pentsaldia. Hori dena barnebildu du Kattalin Minerrek (Hernani, Gipuzkoa, 1988) plazaratu berri duen Turista klasea (Susa, 2020) eleberrian.

Protagonista Parisera doa bidaian, Fresneseko kartzela du helmuga, eta preso dagoen laguna bisitatzea izan da bidaia abiatzeko motibo. Egun bakarrean egingo du joan etorria, 1.600 kilometro hogei orduan. Egun luze hori xehe eta tentuz kontatu du Minerrek bere bigarren eleberrian. Euskal Herrian "ondo" ezagutzen den, "turismo mota horri" erreparatu nahi izan dio idazleak; dispertsio politikaren ondorioz senide eta lagunak bisitatzeko errepidean distantzia luzeak etengabe egitera behartuta dauden herritarren larruan jarri du pertsonaia nagusia: "Protagonista Parisera doa bidaian, baina ez ditu Louvre edo Eiffel dorrea ikusiko".

Bidaiaren kronika osatzeko, bi agertoki: Bidaia bera eta ibilbidea osatu bitartean protagonistak gogoratzen dituen bizipenak

Zer kontatu eta nola kontatu aukeratzen du idazleak bere eleberrian, eta bidaiaren kronika osatzeko bi agertoki tartekatu ditu Minerrek: Bidaia bera eta ibilbidea osatu bitartean protagonistak gogoratzen dituen bizipenak; urteetan egindako kartzela bisitetan aletutako gertakariak. Bidaia kontatzerakoan, argi izan du idazleak prozesu osoa utzi nahi zuela agerian; kronograma kutsua emanez, pausoz pauso azaltzen ditu bisita bidaia bat buru-tzeko ezinbesteko urrats guztiak: garraiobide saltsa korapilatsutik hasi eta NANa soinean edukitzearen garrantzia nabarmentzeraino. Zeharkaldia xehe-xehe eta detailez kontatu nahi izan du idazleak, espetxe bisita baten bueltan sortzen den prozesua ondo azaldu guran. Urratsez urratseko kontakizuna egiten du, "bidaiaren alde mekanikoa" agerian uzteko.

Bizipenen indarra

Esplikazio horiek bestelako bizipenekin jantzi ditu idazleak, bidaia bitartean gogoratutako memoria forman. Protagonistak uste du espetxera egindako azken bidaia izan daitekeela, eta amaiera horrek bultzatuta jartzen da atzera begira: "Askotan horrelako zapalkuntza bat tokatzen zaigunean, kasu honetan halabeharrezko bidaia bat, horri bakarrik begiratzen diogu. Horrek okupatzen du gure denbora, gure burua, gure borroka, gure hausnarketak€ baina, bukaera hori sumatzen hasten denean, gogoratzen hasten da bidaia horien bueltan bizitu duen guztia". Gomuta horiek eszena moduan azaltzen dira eleberriaren orrietan barrena. Gertakari konkretu horiek parada ematen diote bidaiariari beste gorputz batzuk pairatzen dituzten zapalkuntzak ezagutu eta horiei begira jartzeko.

Gogoratze ariketa, ordea, ez da "memoria ariketa hutsa". Eszenen oroitzak, bestelako hausnarketak bultzatzen ditu protagonistaren baitan. Eta, akaso, hala izango da ere irakurlearen erraietan. Gertakariek agerian uzten dituzte bestelako zapalkuntza ugari; banaka, elkar gurutzatuta eta baita protagonistaren posizioa aldatuta. "Batzuetan da zapaldu, beste batzuetan konplize eta beste batzuetan zapaltzaile". Gertakarien kontakizun praktikoa egin nahi izan du egileak, "irakurketa politikotik" aldendutako zapalkuntzen inguruko gogoeta. "Kontraesanen inguruko liburu bat da, besteak beste, baina kontraesan horiek ez nituen teoriatik planteatu nahi, gertakarien bidez egin dut. Nik uste erraz errekonozitu daitezkeen gatazkak direla, egunerokoan gertatzen direnak, eta bizitzan bezalaxe, askotan ez dugu jakiten esplikazio zehatza zein den". Hain zuzen, gaurkotasun handikoa deritzon kontraesanen inguruko eztabaida proposatu nahi izan du Minerrek horrela, betiere "lezio moralik" ematea saihestuz.

Kontraesan horiek bisitan doan pertsonaiaren gorputzetik kontatu ditu; kontzienteki, xehe deskribatu ez duen protagonista baten bizipenetatik. Izenik ere ez dio jarri protagonistari, baina irakurleak pertsonaiaren izaera eta nolakotasuna ezagutuko ditu. Uste eta espero baino pertsonaia zaurgarriagoa dela ere baieztatu du egileak, nolabait beldurraren inguruko beste gogoeta lerro bat irekiz: "Beldurra arrazoiari ihes egiten dion emozio bat da, eta momentu batean esaten da liburuan: 'bai, zuk pentsatu dezakezu nahi duzuna, baina beldurra beldurra da mon amie'. Eta halaxe uste dut dela. Beldurrak sortzen dizkio kontraesanak pertsonaiari, baina gorputza heltzen dionean gorputza heltzen dio, eta hor ez dago atzera bueltarik".

Zapalkuntza eta eszena sarea josi ahala, gai andana aurkezten ditu eleberriak: beldurra, askatasuna, kartzela, zaurgarritasuna, askatasuna, maitasuna, elkartasuna€ minak eta laztanak batzen dira, une latzak eta xamurtasun keinuak. Eta horiek denak txirikordatzeko bigarren mailako pertsonaia sorta bat ere aurkezten du: Agustin eta Agustina, eta hauen lagun Marce eta Mateo. Pertsonaia horien bidez beste errealitate batzuk ezagutarazi nahi izan ditu Minerrek, edo behintzat, iradoki: "Txiletarrak pertsonaia gakoak dira. Beraien zapalkuntzetatik abiatzen dira, eta beraz, beste toki batetik begiratzen dute protagonista, eta protagonista ere bere lekutik mugitzera behartzen dute".

Kartzela(k)

Aditzera ematen diren gai horien artean bada espazio fisikoaren metaforak bultzatutako gogoeta indartsu bat, egilearen esanetan: kartzelarena. Liburuak espetxera egindako bidaia bat du oinarrian, eta Minerrek bi hausnarketa esparru bultzatu ditu kartzelaren bueltan. Batetik, kartzela bihur daitezkeen beste espazio askotaz ere jarduten da, idealizazioekin hautsiz, errealitate zehatz batzuk agerian utziz: "Batetik kartzela fisikoa deitzen dioguna dago, baina betiko kartzela klasiko horretatik aparte, zer bilakatu daiteke preso sentitzeko espazio?". Barrotez josi daiteke Paris, norberaren etxea, auzo berria edo norberaren burua, besteak beste.

Gaien artean bada espazio fisikoaren metaforak bultzatutako gogoeta indartsu bat, egilearen esanetan: kartzelarena.

Bestetik, espetxearen zentzu hertsiaren inguruko kontakizun propioa ere egin du, presoei egindako bisiten inguruko iruditegia zabaldu asmoz: "Kartzelan ere hitz egin daiteke eguraldiaz, musikaz, pelikulez, ametsez... beste gauza batzuetaz ez daukana zerikusirik kartzelan egotearekin. Momentu batean esaten da liburuan, hitz egiten dute beste edozer gauzez eta batzuetan lortzen zuten une batez ahaztea non zeuden ere. Hori bada lorpenetako bat".

Kanpotik izan daitezkeen usteekin lotuta, hirugarren leiho bat zabaldu du Minerrek espetxearen bueltan: "Kanpokook askotan uste dugu kartzela barruan bizitza izoztu egiten dela, eta ez da horrela. Fisikoki badago izozte bat, gelditze bat; baina, denborari dagokionez, ez. Presoaren ahotsak argi esaten du: 'Bizitzen jarraitu nahi dut hemen ez dut nahi sentitu bizitza gelditzen denik'. Eta hori ere nahi nuen adierazi. Presoak ez daude standby batean gizarteari dagokionez, gizartearen gatazkei dagokionez, haien bizipenei dagokionez, haien harremanei dagokionez€". Kartzelan dagoen kidearen grina, amets, nahi eta gogoen bitartez islatzen du kartzela barneko bizitzaren segida liburuak.

Itxialdiaren alaba

Kartzelan ez, baina bai itxita. Etxeko lau pareten artean, eta bertatik irteteko aukerarik ez zegoen garaian osatu zuen eleberria Minerrek. Hain zuzen, Covid 19aren pandemia dela eta ezarritako itxialdi betean jaio zen Turista klasea. Inongo asmorik gabe, baina bere barnean arakatuz ondu zuen kontakizuna. Uste baino "azkarrago" idatzi duela dio egileak; ziztu bizian eta ezustean: "Idazten jarri eta atera zen oso azkar, pentsatu gabe ere. Nik uste horrek esan nahi duela gogoeta hauek banituela hor nonbait, ganberan, baina ez nuela denbora eta parada izan lehenago horiei begira jartzeko. Baina behin denbora edukita, nire burua topatu dut hor; kontraesan horiek nolabait banituen gorputzean lehenagotik".

Azkar ernaldutako kontakizunarekin bat dator eleberriaren egitura. Arina, irakurterraza eta kapitulu motz eta ugariz osatua. Bizipenen kontakizunarekin lotu du egileak liburuaren egitura: "Laburra izateak ez du esan nahi gai asko ez daudenik, baina iradokitzailea izan nahi zuenez, horrela geratu da, soila. Nahita bilatutako formatu bat da. Askotan ere gauzak gogoratzen ditugunean horrela gogoratzen ditugulako. Datorkigu burura, eta listo; ez gara disertazio bat egiten hasten", azaldu du Minerrek.