Galtzaileen frustrazioak oholtzara

Pandemia dela eta ezin izan zuten aurkeztu 'Loser' dantza ikuskizuna Osak eta Mujika konpainiak. Hil hasieran egin zuten lehen estreinaldia, kultur arloko krisiak ekar ditzakeen ondorioen kezkaz

24.10.2020 | 20:57
Donostian eskainiko dute 'Loser', urriaren 31n.

Aspalditik batera lan egindakoak ziren Jaiotz Osa (Zumaia, Gipuzkoa, 1987) dantzaria eta Xabier Mujika (Donostia, 1986) eszenografoa eta jan-tzigilea. 2017an, berriz, euren kabuz OSA+MUJIKA dantza konpainia sor-tzea erabaki zuten, bien ikuspegiek eta inspirazio iturriek bat egiten zutela ikusi zutenean. Ikuskizun eta pieza ugari sortu dituzte konpainiaren urte hauetan: Suddenly, Kenophobia eta Expectations will not kill you, esaterako. Horiei esker, dantzaren arloko sari ugari jaso izan dituzte nazioartean. Iragan urriaren 7an aurkeztu zuten euren azkeneko lana Bilboko Azkuna Zentroan: Loser (galtzaile).

Ikuskizun berri horretan, millenialen belaunaldiaren irudikapena egin nahi izan dute, eta euren kezkak eta frustrazioak izan dira taularatutakoaren abiapuntu. Hala bada, sare sozialen gaineko mendekotasuna, harremanak edota ikasketa gehien izan dituen belaunaldia izanagatik ere, 30 urteko gazteen emantzipa-tzeko arazoa lantzen ditu ikuskizunak, besteak beste. "Arrakastarako oso ondo prestatutako belaunaldi bat ginela esaten zuten. Baina guztiz kontrakoa dela ikusi dugu". Ideia hori bilduta eman diote izena piezari. Egoera horrek millenialengan sor dezakeen egonezina salatu nahi dute emanaldi honekin. "Ez gaituzte porroterako prestatu", erantsi du ildo beretik zumaiarrak. Funtsean, belaunaldi oso baten arazoaz mintzo da: zoriontasun ezaz.

Dantza garaikidea du oinarri ikuskizunak, baina dramaturgiatik eta performancetik ere edan duela azpimarratu du. Dantza garaikidea abstraktua izan daitekeela azaldu du Osak, baina, hala ere, istorio ulergarriak egitearen aldekoak direla gaineratu du: "guri gustatzen zaigu ikuslea istorioa jarrai-tzeko gai izatea". Halaber, dantzari ez ezik, konpainian eszenografiari ematen dioten garrantziaz ere mintzatu da: "Ideiatik abiatzen gara. Xabier Mujika eta biok oinarriak batera sor-tzen ditugu, eta unibertso hori osorik definitu dugunean hasten gara mugimendua sortzen". Osaren arabera, prozesu horrek bereizten ditu beste dan-tza konpainia gehienetatik.

Dantzaria bere bakardadean Logela batean eta dantzari bakarra. Hala hasten da ikuskizuna. Dantzariak adierazi duenez, logelan bakardadea, babesa eta beldurrak topatzen ditu belaunaldi gazteak eta ingurune hori baliatzea "interesgarria" izan zitekeela pentsatu zuten. Gainera, pertsonen edertasuna adierazten duten elementuak ere txertatu dituzte: "Pelukak eta partxeak erabiltzen ditugu, adibidez. Eta ikuskizunean aurrera egin ahala, pertsonaiak kendu egiten ditu". Elementuok beldurrak estaltzeko erabiltzen ditugula uste du, eta horregatik horiek kentzearekin batera itxaropen-mezu bidali nahi dute: "Beldurrak gainditu eta onartu ostean beste zerbait etorriko da". Dena ez da, beraz, frustrazio OSA+MUJIKA konpainiaren pieza berrian. Etsipenetik abiatu bai, baina borrokatzeko eta arrakastarako gogoak piztu nahi dituzte ikuskizun honekin. "Gure belaunaldiaren kontraesanak eta gorabeherak ere irudikatzen ditugu etsipenetik gauzak egiteko gogoetara egiten dugun bidearekin".

Bilboko Azkuna Zentroak eta Rotterdameko Dansateliers akademiak diruz lagundutako proiektua da Loser. Hain zuzen ere, bi hilabeteko egonaldia egiten ari ziren Osa eta Mujika Herbehereetan, ikuskizuna buru-belarri prestatzen. Bertan aurkeztekoak ziren martxo amaieran, pandemia iritsi, eta dena geldiarazi zuenean. Dantzariak azaldu du prest zutenean ezin erakutsi izanak "haurra galdu duen ama" bezala utzi zituela. Ondorioz, bi hilabetez sorkuntza standby-ean utzi behar izan zutela aitortu du Osak. Konfinamenduaren ostean, berriz, aurkezpen bikoitza egiteko aukera eskaini zietenean, "gogo-tsu" berrekin zioten. Bilbokoa estreinuetako lehenengoa da, bigarrena, urriaren 31n izango da, Donostiako Gasteszena aretoan. "Aukera bikoitz honek egin du Loser-i 'winner' kutsu bat ematea", gaineratu du pozik OSA+MUJIKA konpainiakoak.

Kontrara, kezkaz begiratzen dio Zumaiakoak kulturaren arloko etorkizunari. Kulturgintza lehenagotik ere "prekarioa" zela uste du, bai eta krisi honek are kinka larriagoan jarriko duela sektorea. Era berean, kultur eragile desberdinetako langileei sektorearen alde egiten ari diren ahalegina aitortu nahi die. "Antzokiek eta aretoek, besteak beste, lan handia egin dute kultur adierazpen desberdinetako eskaintza egon dadin". Hari horri eutsita, Osak espero du eragile horien oihartzunak politikarien atxikimendua eta laguntza ekarriko dituela.

Bikote gipuzkoarraren kasuan, udan bueltatu ziren oholtzara, eta momentuz, lana izango dute datozen hilabeteetan: "Guk urte amaiera bitartean baditugu nahiko emankizun. Baina auskalo zer etorriko den". Loser ikuskizunaren bigarren estreinaldiaz gain, Kanariar Uharteetan edota Alemanian egongo dira euren lanak oholtzaratzen.