Ekintzek dute hitza izeneko lehenengo diskoak izandako arrakasta nabaria da oraindik Euskal Herriko kale eta bazterretan. Hala ere, Brigade Loco taldeak badu bigarren lan bat: Amets bati lotuta. 2020ko apirilean argitaratzeko asmoa zuten, baina osasun-krisia dela eta, irailean atera dute azkenean.

Orain dela urte gutxi hasi zen boskotea talde modura lan egiten, baina denbora laburrean ospe handia irabazi dute, baita zale eta entzule andana ere.

TALDEAREN SORRERA 2017an sortu zuten bost pertsonez osatutako taldea: Manex Egaña (bateria-jotzailea), Oier Aperribai (baxua), Mikel Soto (gitarra), Alex Arteaga (gitarra) eta Lander Aznal (ahotsa).

Egañak dioenez, baxu-jotzailearena izan zen Brigade Loco osatzeko lehenengo ideia. Azaldutakoaren arabera, Aperribaik bazuen talde txukun bat sortzeko asmoa, formatu serio batean. Beraz, kontaktuan jarri zen herriko bi gitarristekin, eta horiek Egaña berarekin. Entseatzen hasi eta ahotsarekin osatu zuten boskotea.

Forma apur bat eman eta berehala kalera zituzten abesti bi: “modu prekarioan grabatutako maketa nahiko zikin batean” kontatu du Egañak. 2018an, beraien lehenengo diskoa atera zuten: Ekintzek dute hitza.

BILAKAERA Urte bereko martxoaren 10ean eskaini zuten lehenengo kontzertua, Bergarako gaztetxean. Bateria-jo-tzaileak dioenez, izugarria izan zen, jende asko bildu eta aretoa bete zutelako. Izan ere, taldeak arrakasta handia lortu du bere lehenengo diskoa kaleratu ostean: “Ez genuen espero. Gure asmoa gauzak ahalik eta ondoen egitea zen, zerbait txukuna egiteko taldea osatzea, besterik ez”. Horren erakusgarri dira Youtubeko datuak, izan ere, lehen diskoak 50.000 entzunaldi baino gehiago ditu eta Aurrera doa abestiaren bideoklipak 300.000 bisita izan ditu jada.

Orduko Brigade Loco zenaren eta gaur egun direnaren artean, bestalde, badago aldea. Taldearen hastapenetatik musikalki eta teknikoki hobetu dutela adierazi du Egañak: “Kontzertu eta entsegu asko egin ditugu, eta denbora asko eskaini diogu gure musikari. Beraz, bigarren disko honetan hobekuntza hori nabaria dela uste dugu”.

AMETS BATI LOTUTA Lehenengo hori kaleratu eta urte bira sortu du taldeak bere bigarren lana. Zehazki, 2020ko irailean eman dute ezagutzera. Bateria-jotzaileak dioenez, soinu ezberdin eta landuago bat topatuko du entzuleak disko berrian: “Lehenengoarekin kontzertu asko eman ditugu, eta abesti berdinak jotzeaz saturatu garela esan daiteke. Gorputzak proiektu berri bat sortzeko eskatzen zigun, eta horren bila joan gara. Gure izaera mantendu dugu, baina modu landuago batean”.

Dioenez, beraien esentzia nabaria da bigarren disko honetan ere. Hasierako musika estilo bera darabilte oraindik, punk-rock melodikoa. Horrez gain, gai sozial eta politikoak tratatu dituzte letretan. Izan ere, bi alderdi horien arteko oreka mantendu nahi izan dute, Egañak azaldu duenez, politikoki gauza asko esateko eta aldatzeko beharra ikusten baitute.

Esaten dutenez, gozatzea da euren helburu nagusia, eta, dirudienez, bide onetik doaz, Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokoetako pertsonak gozaraztea lortu baitute oso denbora gutxian: “Musikari dagokionez, pribilegiatu batzuk sentitzen gara. Guri gertatu zaiguna ez zaie talde askori gertatzen, eta hainbeste pertsonen babesa jasotzea oso pozgarria da”.

ETORKIZUNARI BEGIRA Izatez, aurtengo udaberri aldera aurkeztu behar zuten bigarren lan hau, eta hainbat kontzertu zituzten lotuta aurkezpen bira horretarako. Osasun-krisia dela eta, asmo horiek bertan behera gelditu ziren, eta azkenean irailean kaleratu behar izan dute diskoa. Gipuzkoarren Amets bati lotuta diskoa (10 euro) eta biniloa (15 euro) Brigade Locoren online dendan daude jada eskuragarri. Baita posterrak, kamisetak eta taldearen merchandising ezberdina ere.

Orain, egoera berriari nola moldatu daitezkeen ikusi nahi dute, Egañaren hitzetan: “Denon segurtasuna bermatu ahal izateko, orain kon-tzertuetan publikoak eserita egon behar du, eta gure moduko talde batentzat kontzertuak horrela ematea ez da batere erraza. Probatu nahi dugu ea gustura sentitzen garen formatu horretan, eta hala bada, kon-tzertuak lotzen hasi”. Dena dela, lehenengo diskoarekin gozatu zuen jende guzti hori, bigarren bat entzuteko desiratzen egongo da. Eta taldea, bere aldetik, amets berari lotuta segitzeko ere bai.

Zuen disko berrirako, beste talde baten bertsioa egin duzue. Zergatik?

Neallta Folaren bertsio bat egin dugu. Bardulia mugimenduko parte ziren, eta oso esanguratsuak izan ziren, Euskal Herri eta bereziki Gipuzkoa mailan. Harremana dugu taldeko baxu-jolearekin, eta hori aprobetxatuz, keinu bat egin nahi izan diegu. Guretzat erreferente bat izan da talde hori, gauza berezia eskaintzen zuten, zerbait diferentea egiten zuten.

Horiez gain, baduzue beste erreferente musikalik?

Noski. Taldeko gazteenok Ameriketako punk-rock estiloko talde asko entzuten ditugu, eta nagusienek Euskal Herriko punk-oi estiloko taldeetara jotzen dute gehiago. Batzuk aipatzearren, esango nuke gure erreferenteak izan daitezkeela, besteak beste, Social Distortion, Bad Religion, Des-kontrol… eta beste asko.