Haize grisarekin dantzan

Amaia Telleriak 'Haize-lekuak' estreinako eleberria argitaratu du. Gerraostean baserritik Altsasura neskame joandako 13 urteko gazte baten "heziketa sentimentala" kontatu du, amonaren bizipenak oinarri

12.07.2020 | 09:29
Amaia Telleria idazle idiazabaldarra bere lehen eleberria eskuetan duela.

Aitortu gabeko heroien" historia jaso nahi izan du Amaia Telleria idazle idiazabaldarrak bere lehen eleberrian. Historiak alde batera utzitako pertsonaiak ekarri ditu lehen lerrora, uste baitu jende arruntak -historian protagonista izan ez direnak- oso gauza interesgarriak eta gogorrak bizi izan dituela; kasurako, gerra. Historiak alboratutako horien ikuspuntua du kontagai Haize-lekuak (Alberdania, 2020) nobelak: emakumeak, herrian geratutakoak, neskameak, baserritarrak...


Hain zuzen, Mikela da kontakizun honen protagonista, 13 urterekin jaioterria utzi eta Altsasura neskame joango dena, amak etxean aho bat arindu asmoz. Neskatoak 36ko gerrak gogor kolpatutako herria aurkituko du bertan, eta ohituta zegoenarekin konparatuz, bizimodu erabat ezberdina. Baserri ingurutik joana, herri handi bateko giroarekin egingo du topo, hizkuntza eta ohitura zeharo desberdinekin. Telleriaren nobelak horixe du ardatz: nola protagonistaren grinak, kezkek eta nahasmenduak talka egiten duten Altsasun aurkituko duen gerraoste triste, ilun eta grisarekin.

Gerraondoa "atzeko oihal" bat baino ez da eleberrian. Kontakizunaren gai nagusia "egosten ari den nortasun bat" da, idazlearen hitzetan. Nerabezaroa lako garai zaurgarrian, emozioak pil-pilean dituela, inguru zeharo arrotz batean aurrera egin beharko du Mikelak. "Biziraupen erronka bat da".

Aitortu gabekoen ahotsa

Kontakizuna ondo kokatzeko dokumentazio lan sakona egin behar izan du idazleak. Alde batetik, amona bera izan du iturri nagusietako bat. "Amonarekin hizketan konturatu nintzen askotan ahaztu egiten zaigula gure aurrekoak gazteak izan zirela noizbait eta oso gauza interesgarriak eta gogorrak bizi izan zituztela, baina ez diegula hori aitortzen". Ume izanagatik ere, 36ko gerra ezagututakoa du amona.


Bere umetako oroitzapenetatik abiatuta osatu du trama. "Zorionez, oraindik oso memoria ona dauka eta xehetasun asko eman dizkit", azaldu du. Berak emandako abiapuntuei tiraka, hariak josten joan da istorio osoa ondu arte. Ondorioz, badu benetako gertakizunetan oinarria, baina pertsonaiek eta tramak fikziotik ere badute. "Hasiera batean amonaren kontakizunak hartu nituen oinarri, zenbait anekdota bereak dira, baina gero fikzioa gehitu diot, irakurlea istorioan sartzeko". Dokumentazio lanean, Ahotsak.eus iturria oso erabilgarri izan zaio, "beste testigantza batzuk jasotzeko". Kontakizuna Altsasun kokatu duenez, Altsasu memoria webgunea baliatu du orduko gertakizunak ezagu-tzeko.

Hizkuntza, jolas

Hizkerarekin jolasteko beta ere izan du. Hizkuntzak garrantzia du istorioan, inguru euskaldunetik erdaldunerako jauzian Mikelak dituen hainbat esperientzia medio. Telleriak amonaren hiztegia eta esapide ugari jaso ditu, paisaia linguistikoa garaira egokitu guran. Izenburua ere amonak erabili ohi duen esamolde batek eman dio. "Amonak leku askori haize-leku esaten zien eta kasu honetan nahiko sinbolikoa iruditzen zitzaidan, gure protagonistak aurre egin beharko dielako alde guztietatik iristen zaizkion haizeteei. Batzuk oso gogorrak izango dira, beste batzuk leunagoak, baina berak ikasi beharko du datorrenari aurre egiten eta ahal duen moduan haizearekin dantza egiten".

Lehen aurkezpena

Orotara, bi urte inguru eman ditu Amaia Telleriak bere lehenengo lana prestatzen eta hori argitaratuta ikusi arte, Covid-19aren pandemia tartean. Nolanahi ere, itxialdiak edizio eta maketazio lanetan harrapatu zuenez, eragozpen handiegirik ez dio sorrarazi, etxetik egin zitezkeelako lanok. Okerrena, aurkezpenaren data atzeratu beharra izan dela aitortu du, izan ere, konfinamendu garaian aurkezterik izan ez duten lanek izan dute lehentasuna argitaratzeko, eta Haize-lekuak liburuak itxaron behar izan du. Merezi izan duela kontatu du, ordea, aurrez aurre egin den lehen liburu aurkezpena izan delako berea, Donostiako Udal liburutegiko sotoan. Oraindik goiz da balan-tzea egiteko, baina momentuz pozik dago nobelak bere inguruan izan duen harrerarekin: "Nire lehen eleberria izanik, interesa piztu du", kontatu du.

Aurrera begira

Idazle gaztea da Telleria, 1993an jaiotakoa, baina dagoeneko hainbat literatur sari eskuratu ditu, batez ere narrazio laburren arloan. Ipuinak ere argitaratu ditu zenbait aldizkaritan, baina formatu luzera jauzia estreinakoz eman du eleberri honekin.

Esan bezala, bi urte inguru eman ditu lanean, baina beste proiektu batzuk alboratu gabe. "Prozesu honek zain egoteko uneak izan dituenez, beste proiektuetan ere lan egiteko aukera izan dut", Telleriak. Orain gutxi, gazte literaturako lan bat bidali du argitaletxe batera, fantasiarekin lotutakoa. Erantzunaren zain dago, horrekin zerbait egiteko esperantzarekin. Hasi duen bidetik jarraitzeko irrikan dago. Lehen narrazio luzea sortzen ondo pasatzeaz gain, asko ikasi duela aitortu du idazle gazteak. "Esperimentatzen joan naiz, oso prozesu interesgarria eta hezigarria izan da niretzako".