Hasiera berezia izan du Bulego musika taldeak. Otsailean argitaratu zuen Hegan boskote azkoitiarrak, eta lehenengo kontzertua eman berritan ezarri zen Covid 19-ak eragindako itxialdia. Hala ere, abestiak ateratzen aritu dira azken hilabeteetan, eta lehen EP-a eskuragarri dago jada plataforma digitaletan. Horrez gain, datorren astean emango dute konfinamenduaren osteko lehen kontzertua. Taldekideen herrian izango da, Azkoitian (Gipuzkoa), ekainaren 20an. Sarrera guztiak agortuta daude Oteiza pilotalekuan eskainiko duten emanaldirako. Itxialdiaren ostean, etxeko bulegoak utzi, eta oholtzara igoko dira.

Bost musikarik osatzen dute Bulego. Aurretik Passpartout izeneko musika talde bat zeukaten, baina aldaketa bat egiteko beharra nabaritu zuten. Tomas Lizarazu taldeko ahotsa eta gitarra da, eta azaldu duenez, duela kasik bi urte erabaki zuten "zerotik hastea". Izan ere, erreferentzia berriak hartzen ari zirela konturatu ziren, beste interes batzuk zituztela. Horrez gain, igarri dute gaur egun taldeak ez direla mugatzen musika egitera soilik. "Plataforma digitaletan eduki bisual asko dago, sare sozialak publikoarekin konektatzeko modu berria dira eta ia kantu denak bideokliparekin kaleratzen dira", zehaztu du Lizarazuk. Hori dela eta, egungo musika panoraman dauden beharrei erantzun egoki bat eman nahi izan dietela azaldu du. Horretarako, taldea handitu dute: alde batetik, eszenatokira igotzen den musikari boskotea dago, eta bestalde, lantalde bat daukate arlo artistikorako eta sare sozialetarako, besteak bete. Gauzak horrela, talde multidiziplinarra dela azpimarratu dute.

Pop euskalduna egiten du Bulego taldeak, eta erreferente moduan nazioarteko talde ugari dituzte. Alabaina, Lizarazuk nabarmendu du estilo batean zentratu beharrean, nahiago izan dutela musikaren bidez barruan dutena publikoari transmititzea: "Oso ongi moldatzen gara gure artean eta energia positibo hori kanporatu nahi izan dugu". Lizarazuk kontatu du taldearen izena deigarria iruditu zaiola jende askori, baina azaldu du ez daukala "esanahi sekreturik", ezta "asmo berezirik" ere. Izen "praktiko" baten bila aritu zirela adierazi du, ahoskera eta idazkera aldetik arazorik emango ez zuen bat. "Nahi genuena zen norbaitek gure taldea irratian entzun ostean bilatu nahi bazuen, erraz aurkitzea".

ezohiko hasiera

Osasun krisiak eragindako itxialdiak goitik behera aldatu zituen hasiberria zen Bulego taldearen planak. Otsailean Hegan abestia argitaratu ostean, martxoaren 6an kontzertua eskaini zuten Donostiako Tabakaleran. "Gau magikoa izan zen, harriduraz eta pozez betetakoa; posible zen inor ez azaltzea, eta aretoa bete egin zen", adierazi du Lizarazuk. Taldekideen senide eta lagunak joateaz gain, ezagutzen ez zuten jendea ere joan zela azaldu du, eta sekulako "sorpresa" izan zen Bulegoko kideentzat, abesti bakarra baitzuten entzungai.

Astebete beranduago ezarri zen itxialdia eta gainerako musika taldeek bezalaxe, Bulegok ere ezin izan ditu eskaini aurreikusita zituen kontzertuak. Hala ere, lanerako gogoari eta ilusioari esker, konfinamendua "aprobetxatu" zezaketela ikusi zuten: "Gauza negatibo bat bezala ikusi beharrean, aukerak topatzera dedikatu gara". Sare sozialetan "oso presente" egoten ahalegindu direla azaldu du Lizarazuk, eta kaleratu gabe zituzten bost kantuak argitaratu dituzte, bideo banarekin. Gaur gaurkoz, plataforma digitaletan daude EP-a osatzen duten sei abestiak. Disko fisikoak ere jarriko dituzte salgai.

Berpizteko bultzada

"Desiratzen gaude kaleratu ditugun kantuak jendearen aurrean jotzeko eta publikoaren harrera zuzenean ikusteko", aitortu du Lizarazuk. Datorren larunbatean, hilaren 20an, izango dute jarraitzaileekin lehenengo zita. 'Herria berpizten' ekimenaren barruan, kontzertua eskainiko dute Azkoitiko Oteiza pilotalekuan. "Kontzertu soil bat baino gehiago izatea nahi genuen, eta uste genuen aukera polita izan zitekeela herriari bultzadatxo bat emateko". 200 sarrera jarri zituzten salgai, denak herriko saltokietan, eta hiru egunetan agortu ziren. Munizzio, Xabifest eta Elortxa DJ-ek ere eskainiko dute emanaldia. "Hiru diskojartzaile horiek herria animatzen egon dira beraien leihoetatik garai zail hauetan".

Lekua bera berezia da taldekideentzat. Inoiz ez da kontzerturik egin Oteiza pilotalekuan, baina Bulegokoek begiz jota zuten: "Arreta eman izan digu beti, kontzertu bat antolatzeko leku polita iruditzen zitzaigulako". Segurtasuna bermatzeko eta pilaketak saihesteko, emanaldira joango diren 200 pertsonak bost eremutan banatuta egongo dira. Zona bakoitzak sarrera eta irteera bat izango du. "Egungo garaietara egokitutako kontzertu bat izango da", adierazi du.

HURBILETIK

BULEGO

Abesti bat: '15 steps'-Radiohead

Talde bat: Weeknd edo Macklemore, baina azken aurkikuntza X Ambassadors izan da.

Eskaini duzun kontzerturik gustukoena: Baztartxo antzokian emandakoa, Azkoitian.

Ametsetako kontzertua eskaintzeko toki bat: Amestea libre denez, Wembley.

Kantuak sortzeko toki bat: Autobusa.

Abestietarako ideiak, paperean ala mugikorrean? Melodiak mugikorrean eta letrak paperean.