Argazkilaritza

'Klik', mundua begiratzeko

Berri Txarrak taldearen agur birako argazkiak batzen ditu 'Berba eta Irudia' lanak. Eider Iturriaga da argazkilari lanetan aritu denetako bat. Bere esanetan, "mundua begiratzeko era bat" da argazkilaritza

20.02.2020 | 14:14
Musika da Iturriagaren lanaren ardatza.

Izenburuak dioten eran, hi-tzak eta argazkiak batzen ditu Berri Txarrak musika taldearen Berba eta Irudia argazki bildumak. Ikusi Arte Tour 2019 biran jasotako irudiak jasotzen ditu liburuak, besteak beste. Eider Iturriaga (Bermeo, 1983) argazkilaria aritu da argazkilaritza lanetan, Ibai Arrietarekin batera. Haiek ateratako argazkiez gain, Harkaitz Cano idazlearen testuak tartekatu dituzte argitalpenean. Iturriagak adierazi duenez, biraren parte izatea "esperientzia ederra" izan da eta askatasuna izan du argazkiak egiteko zein hautatzeko orduan. Zuzeneko kontzertuetako irudiez gain, birako beste zenbait momentu ere harrapatu dituzte kamerarekin.

Emailez jaso zuen Berri Txarrak taldearen eskaintza bermeotarrak: "Proposamena jaso nuenean sekulako ilusioa egin zidan, baina segituan jarri nintzen urduri; ardura handia zen azken birako dokumentazioa egitea", kontatu du. Otsailetik azarora bitarteko bira izan zen, eta hamar hilabete horietako jardunean bidelagun izan zuen Ibai Arrieta. Iturriagak jakinarazi duenez, birako kontzertuak banatu egin zituzten eta haietako bakoitza leku ezberdin batera joan zen. Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetan egon zen Arrieta; Iturriaga, berriz, Japonian. "Europako lehen birara ni joan nintzen eta bigarrenera Arrieta; Euskal Herriko kontzertuetan, aldiz, biok batera aritu ginen lanean", gehitu du.

HAUTATZEKO LIBRE

Batetik, libururako argazkiak hautatzen zituzten argazkilariek, eta, bestetik, taldearen sare sozialetara igotzekoak. Iturriagak onartu du, hala ezean, "eromena" izango litzatekeela irudi guztiak aukeratzea. Nabarmendu duenez, argazkiak egiteko orduan ez ezik, hautaketan ere askatasuna eduki du, eta hark aukeratu ditu kontzertuetako eta birako uneak. Are, Iturriagak funtsezkotzat jo du oholtzatik haragoko argazkiak lanean txertatzea: "Talde baten barnean bizi zara, beraz, hori guztia erakustea beharrezkoa da; ikusten genuen bilduma ezin zitekeela soilik zuzeneko kontzertuetan oinarritu", adierazi du. Hala, hoteletan edo furgonetan egindako irudiak jaso dituzte, esate baterako.

Bildumak koloretako eta zuri beltzeko argazkiak jasotzen ditu. Modalitate bakoitza argazkilari banari dagokio. Iturriagak adierazi duenez, proposamena ere hasieratik jaso zuten horrela; Arrietak argazkiak zuri beltzean egingo zituen eta Iturriagak kolore-tan."Liburuan argazkiak modu horretan tartekatzen dira eta horrek arintasuna eskaintzen du; aldi berean, istorio bat ere konta-tzen du", azaldu du argazkilariak.

Gainera, esan du pertsona "umila" dela Arrieta, eta beraz, berarekin lan egitea "erosoa" izan dela: "Askotan argazkilari bakoitzak nahi izaten du soilik bere lana erakutsi, baina kasu honetan bi argazkilarik egin dugu lan eta emaitza ona izan da".

Bi argazkilariek proiektu honetan elkarrekin lan egin arren, Iturriagak adierazi du nork bere aldetik jaso zuela proposamena. Bere kasuan, Berri Txarrak taldearekin lehen harremana 2013an, duela zazpi urte, egin zuen. "Kontzertu ba-tzuetara joaten hasi nintzen, jendea ezagutzen eta lan puntualak egiten; harremana modu profesionalean baino, era natural batean sortu zen", esan du argazkilariak; gaineratu du Arrietaren kasua ezberdina izan zela. Adierazi duenez, ez zuten aurrez harremanik, eta lehen hartu-emana taldeak BECen (Barakaldo) eskainitako kontzertuan egin zuten, 2018ko martxoan.

LEHEN HASTAPENAK

Irudia eta argazkia txikitatik izan ditu gogoko Eider Iturriagak. Bere aitonak etxean kamera analogikoak zituen, eta horrek badu bermeotarraren zaletasunarekin zerikusia, Iturriagak berak aitortzen duenez. Are, egun irakaslea bada ere, Kazetari-tza ikasketak egiten hasi zen, eta gaineratu du horrek ere utzi ziola argazkilaritzarekiko zaletasunean arrasto bat. Halere, gehitu du orain hamar urte ekin ziola jardunari: "Modu profesionalean ez bazen ere, kontzertuetara joaten eta argazkiak egiten hasi nintzen". Musika eta argazkilaritza, gustuko zituen bi arloak uztartzeari ekin zion.

Halere, Iturriagak aitortu du kaleko argazkilaritza ere gogoko duela: "Kanpora bidaian joaten naizenean beti diot arimak lapurtzea gustatzen zaidala; jendeari argazkiak ateratzen dizkiot, baina haiek konturatu gabe". Bere esanetan, argazki horietan ez du ezer konkretua bilatzen, eta "intuizioz" egiten dio klik botoiari. Baina aitortu du pertsona horietako bakoitzarengan zerbait berezia dagoela, edo, behin-tzat, berak hala sentitzen duela.