Sortu dira besteak

Garai eta estilo berrien korrontetik gertu kokatzen dira plataforma honen planteamenduak. ELE arkitekturak aurrera eramandako eraberritze honetan iraganaren eta orainaren arteko solasaldia gauzatu dute

18.12.2019 | 10:49
Bilboko P+P etxebizitza sinplea eta aberatsa da aldi berean. Irudietan, bertako hainbat espazio. ele arkitektura

Azken asteetan arkitektoen inguruan aurreiritzi, iritzi eta komentario desberdinak iritsi zaizkit. Irakurle gehienok ezagutuko duzue baten bat. Zer iritzi duzu arkitekto baten inguruan? Erantzun baino lehen, pentsatu: zer da arkitekto bat? Ikasketek soilik ahalbidetzen dute arkitekto izatea? Edo ikasketak burutu ez dituen batek jakintza / formakuntza hobea izan dezake? Historiako arkitekto erreferente askok, maskulinoak eta isilpean izan diren emakumezkoak, ez dute arkitektura ikasketarik burutu. Haatik, euren ekarpenak ogibidean eragina izan dute.

Gure inguruko pertzepzioa ez da asko aldatu belaunaldi berriekin. Ba-tzuk diote beste era bateko eraikinak gauzatu beharko genituzkeela; besteek, teknologia berriek eragin handia izaten ari direla sorkuntzan edota esparru berriak okupatzen hasiak garela. Errealitateak, aldiz, erakusten du beste estilo arkitektoniko bat jorratzen hasiak direla belaunaldi berriak. Horren adierazle dira orain dela gutxi Peña Ganchegui sarietan hautatuak izan direnak. Etorkizuna eta oraina diren arkitektoak azaleratzeko aukera bikaina.

ELE ARKITEKTURA Bertan, aipamen berezia jaso zuen ELE arkitekturak. Estudio txiki hau korronte berri baten barruan kokatzen da. Durangon errotuta dauden Eduardo eta Eloi Landia anaiek osatzen dute. Sorkuntzara bideratutako diziplina anitzeko plataforma gisa definitzen dira eta egin dituzten planteamenduak horren adierazle dira. Eskala handitik xehetasunera, luxutik xumetasunera, landatik urbanora? eta aniztasun horretan kalitateak bere protagonismoa du. Kontestua eta materialak egoki uztartzen dituzte, proiektuaren exekuzioa azken xehetasunera ere eramanez eta amaierako argazkia zainduz.

Aipatutako ezaugarriak bikain jorratzen dituzte Bilbon kokatzen den P+P izeneko etxebizitzan, 185m2-k osatzen dute eta fatxada bakarrera zabaltzen da, argia logela denetara heltzea muga bat izanik. Proiektuak, bere baitan, asko eta gutxi esaten du, sinplea eta aberatsa baita aldi berean. Eraberritze gehienen antzera tabula rassa egin dute, dena kendu eta berria planteatuz. Hala ere, iraganak eta orainak elkarri hitz egiten diote, lehenago zeuden elementu puntualak proiektuan mantenduz, sutondoa kasu, protagonismoa emanez eta altzari berriekin erlazioa sortuz. Egileen hi-tzetan, eraikinaren estetika eta espazioaren potentzialitatea indartzea dute helburu euren planteamenduan. Horretarako, proiektu-sistema bat sortu dute paretaren bidez, espazio desberdinak artikulatuz eta behar funtzional desberdinak integratuz.

ESPAZIO DIAFANOA Paretek, euren funtzioa betetzeaz gain, espazioak zatikatu eta antolatzen dituzte, bere baitan armairu, ate eta sukaldeko elementu desberdinak gordetzen dituztelarik. Jarrera honek, pareta bere baitan dena baino gehiago izateak, argia espazio guztietara sar-tzeko arazoa bertute bihurtzen du eta barnealdeko logela gune argitsu bilakatzen da. Bestetik, sukalde eta egongela artean paretarik ez izateak, espazio diafano bat ahalbidetzeaz gain, egurrezko zutabeen presen-tzia azpimarratzen da, berriz ere iraganeko elementuak proiektuan txertatuz. Pertsona arrunten egunerokotasunean sukaldea eta egongela batera izateak ez da oso funtzionala, otorduak bertan eginez gero.

Planteatu diren materialak neutroak dira eta logika batekin erabili dira etxe guztian. Kontratxapatutako urkiaren bidez materializatu dira funtzio anitzeko paretak, erritmo desberdinak sortuaz gune bakoitzean. Etxeko lurrean egurra da nagusi baina gune hezeetan, sukalde eta komunetan, zoladura desberdina erabili da. Marmolaren erabilera sutiltasunez jorratu da sukaldeko elementutan, hau da, janariak manipulatzeko guneetan soilik dago: suen altzarian eta arraskako gunean. Pintura zuriak dena diskurtso berean sartzen du, sabai berria eta lehenagoko ornamentuak esaterako, eta etxeari lasaitasun bat ematen dio. Nahiz eta protagonismo bisual handia izan altzari koloretsu berriek, proiektua bere osotasunean jorratu izanak altzari zaharrak txertatuta gelditzen dira.

Proiektu minimalista baten aurrean zaude, eskala kontrolagarri batekin diseinua amaierara arte eramana, eta gainera ondo, etxebizitza tipologia batean berrikuntza eta iragana eskutik joan daitezkeela erakusten dutelarik. Baliteke proiektu honek Interneten argitaratzen diren arkitekturen antzekotasun handia izatea eta etorriko direnen aurrerapena ere izan daiteke. Garai berrietan, arkitektura berriak.