Kazetaria, pentsalaria, proiektu askoren susta-tzailea, euskaltzale su-tsua... Alor ugaritan ekarpen aparta egin zuen Rikardo Arregik (Andoain, 1942 - Eibar, 1969). Hain justu, aurten bete dira 50 urte hil zenetik. Urteurrenaren harira, Maluta Films ekoiztetxeak hari buruzko Zutik 16 minutuko film laburra ekoitzi du, Ainara Mendiolak zuzenduta.

Ibilbide labur baina oparoa izan zuen Arregik. Filosofia ikasketak bukatu ondoren, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan lagundu zuen, eta gerora euskaldunen alfabetatzearen gidarietako bat izan zen. AEKren sorreraren aurrekariak sustatzen ere ibili zen, 1965 inguruan. Tradizioa eta abangoardia uztartzen egindako ahalegina aitortu izan zaio, besteak beste. Izan ere, tradizioaren eta baserriko munduaren mugak gainditu eta euskal gizarte berria sortzea zuten amets: modernoa, euskalduna eta progresista. 1969an, Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala, auto istripu batean hil zen. Hain justu, 1965etik 1969ra arteko ibilbidea islatzen du Zutik filmak; artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jendearekin biltzen eta hainbat proiektu sortzen buru-belarri zebilen garaitik abiatuz, auto istripuz hil zenera artekoa.

IZAERA ERALDATZAILEA Bere pentsamenduan eragina izan zuten hainbat egoeraren bidez irudikatzen da ibilbide hori Zutik filmean, baita egoera horietan bizitako giroaren bidez ere: logelako bakardadea, etxekoen berotasuna, askotariko gizarte eragileekin izandako eztabaidak... Proiektua gauzatu ahal izateko, bere artikulu, hitzaldi eta liburu ugaritan barreiatu zituen iritziak bildu dituzte, eta, ardatz hartu dute, izan zuen eraginaren ondorioz, 1966ko maiatzean Usurbilen eman zuen hitzaldia. Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariari omenaldia egiten ari zitzaizkion eta Rikardo Arregik hitza hartu zuen, euskal gazteriaren eta euskal idazle berrien izenean: “Ez dugu tradizioari eta lege zaharrari begira egon behar (...) Euskal Herria ez da berpiztu behar den gizarte bat: oraindik jasotzeko dagoen gizarte bat da”, esan zuen. Bera baino itzal handikoagoak ziren agintari, eragile eta artisten aurrean (Gaur eta Ez Dok Amairu taldekoak), gauzak aldatu behar zirela aldarrikatzeko ausardia izan zuen Arregik.

Urteetan, hitzaldi haren grabazioa gordeta eduki du Mikel Arregi haren anaiak. Bere heriotzatik 50 urte bete badira ere, hitzaldi horrek gaurkotasuna izaten jarraitzen du, Ainara Mendiola (Errenteria, 1978) filmaren zuzendariaren esanetan. Hain zuzen, grabazio horren zatiak en-tzun daitezke Zutik film dokumental laburrean.

Lan honekin, Mendiolak bere helburua “Rikardo Arregiren bizitzan barrurago sartzea” izan dela jakinarazi du: “Berari buruz argitaratu denean eta familiak kontatutakoan oinarritu naiz filma osatzeko. Ikusleak bere ondorioak ateratzea nahi nuke”, gehitu du zuzendariak.

ILOBA, PROTAGONISTA Andoainen eta Usurbilen grabatu zuten Zutik. Protagonistaren papera Mikel Arregirengan (Andoain, 1988) utzi du zuzendariak, Rikardo Arregiren ilobarengan, hain zuzen. Bere osabaren figura eta hark egindako lana goraipatu du Mikel Arregik: “Nire osaba bere ideiekin oso konbentzitua zegoela uste dut. Garbi zeukan euskarak modernizatu egin behar zuela eta baserritik kalera jaitsi behar zuela, bestela horrek nolabaiteko galbidera eramango zuelako”. Protagonistak lehendabizikoz jarri du bere burua kamera aurrean eta esperientziarekin “pozik” dagoela aitortu du: “Eskertuta nago nigan pentsatu dutelako”.

Azaroan Andoainen estreinatu ondotik, hainbat herri eta hiritan dokumentala eskaintzea da orain lan taldearen helburua. Abenduaren 15ean, adibidez, Usurbilen emango dute.