LAUROGEIKO hamarkadako “garai gogorretara” egin du jauzi Itxaro Borda idazle baionarrak Susmaezinak (Alberdania) eleberrian. ETAren Ipar Euskal Herriko komando bateko lau kide dira protagonistak, baina ez horiek bakarrik, izan ere, atentatuen biktimen eta euren ingurukoen azalean ere jarri da Borda. Gatazkaren bi alderdiak tartekatu ditu, “giza kondizioa” istorioaren subjektu izanik.

Zein helbururekin hasi zinen ‘Susmaezinak’ idazten?

Banuen ideia bat thriller bat idazteko, eta, era berean, Euskal Herriko 80ko hamarkadako historiaren zati bat fikzionatzeko. Mugaren bi aldeetan ibiltzen zen ETAko Erauntsi komando ibiltariaren fikziozko istorioa paperera eramateko egokia iruditu zitzaidan.

Eleberria idazteko aukeratu duzun unea ere ez da nolanahikoa.

ETAk armak utzi ditu azken bi urte hauetan eta orain desagertuta dago euskaldunon paisaiatik eta baita paisaia mentaletik ere. Testuingurua hori da. Bestalde, aprobetxatu nahi nuen nobelan ETAren biktimak ere sartzeko. Guardia Zibilak sartu ditut, jeneral baten kontrako atentatua, etab.

Gatazkaren ikuspegi guztiak bildu dituzu istorio honetan. Pertsonaien azalean jartzeko ariketa gogorra izan da?

Ariketa berezia izan da, kasu batzuetan zailagoa. ETAren, euskaldunek “etsaiak” deitzen zituzten pertsonaiak ere sartu ditut. Hasieran zaila egin zitzaidan, adibidez, Guardia Zibil baten azalean jartzea, haren esperientzia, bizipenak, haren euskal gatazkari buruzko sinesmenak eta usteak irudikatzea? Baina literatura horretarako da, bestearen lekuan jartzeko eta ikusteko azkenean denak jendea direla, eta ezinbesteko pertsonaiak nobela batean.

Zelan sortu dituzu protagonistak?Pertsonaia arketipikoak dira. Komandoko kideen artean laborari bat, langile bat, emakume bat eta langabetu bat daude. Berdin beste aldeko pertsonaiekin: badira militarrak, poliziak, amak, etab. Historiaren osotasuna erakutsi nahi izan dut. Giza kondizioa baldintzarik eta egoerarik larrienean jasan dute. Destino partekatua izan dute, ETAren historia ardatz. Bi aldeak diot, baina bi aldeek osatzen duten historia total bat bezala, nahiz eta nobelak 300 orrialde besterik ez dituen.

Protagonisten ahotsak ehuntzeko zailena “distantzia” lortzea izan dela aipatu duzu. Prentsan argitaratutako artikuluak, irratian entzundako elkarrizketak eta dokumentalak baliatu dituzu informazio iturri gisa.

Ez dut ikerketa berezirik egin. Garaiari buruz nituen oroitzapenak erabili ditut, bistan denez inpartzialak ez direnak, prentsako artikuluak atentatuei buruz, ETAren historiari buruz? Gainerakoa irudimenarekin ondu dut.

Fikziozko eleberria da ‘Susmaezinak’, baina benetako gertakariak ere jaso dituzu.

Fikzioa da, bai, baina 80ko hamarkada bizi izan duenak erraz aurkituko ditu ETAren atentatuen hainbat erreferentzia, baita Ipar Euskal Herriaren egoera, GAL? Gertakari horietaz gain, fikzioa da nagusi, errealitateak elikatzen du fikzioa nobela honetan ere.

Zein izan beharko litzateke literaturaren rola?

Uste dut Euskal Herrian azken 50 urte hauetan neurri handi batean ez dugula besterik aipatu. Ehun metro (Ramon Saizarbitoria), Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga), Harkaitz Canoren nobelak, nire zenbait idazki ere? Esango nuke obsesio bat izan dugula, beharbada etikoki onartzen ez genuen borroka hori, eta herritar gisa onartzea zaila zitzaigun borroka hori, fikzioaren bidez plazaratzeko. Beharbada hori izan daiteke literaturaren funtsetariko bat, baina literaturari ez zaio eskatu behar egin dezakeena baino gehiago. Gauza asko lor ditzake, baina beste asko ez, bestela errazegia litzateke.

Azken 50 urteotan gogoetaren eta kritikaren paralisia egon dela diozu.

Aspalditik esaten dudan gauza bat da eta argi dago gauzak aldatu direla. Euskaldunok pixkanaka ari gara borroka armatuari buruzko diskurtsoak libratzen; ETAren zereginari buruz, biktimei buruz ere bai, gutxika? 50 urtez, edo gutxienez 30 urtez, berunezko txapa bat izan dugu gure buruen gainean eta erakunde armatuaren kontra zegoena etsaien zurrunbilorantz botatzen zen. Hori aldatzen ari dela esango nuke.

Orain dela pare bat hilabete argitaratu zenuen ‘Susmaezinak’. Jaso duzu irakurleen iritzirik?

Belaunaldi gazteen aldetik, hau da, ETAren historia bizi izan ez dutenen aldetik, iritzi onak jasotzen ari naiz, liburuan kontatzen dena thriller bezala hartzen baitute, hemendik kanpo gertatuko litzatekeen gauza bat bezala. Gure belaunaldiko kide batzuentzat beharbada ez da hain irakurtzeko erraza izango, baina uste dut badugula gure iraganeko portaerak berrikusteko miraila horren beharra, eta hori literaturak eskaintzen du.