HITZ joko batetik sortu du bere bigarren lana Onki Xin proiektuak: After-Egon. Zigor Lampre edo Zigor DZ eta Fernando Sapo edo Fer Apoa dira proiektuaren sortzaileak. Biek ala biek aspalditik zuten elkarren berri, baina orain bi urtera arte ez dute elkarrekin lan egin. Iaz kaleratu zuten elkarlanean eginiko lehen diskoa. Orain, bigarren lana kaleratu dute; lau kantaz osatutako EP berria da. Musika elektronikoa eta elektrikoa nahasten dituzte, baita beste estilo batzuk ere. Bietako bakoitzaren adar musikaletatik sortutako lana da, haien fusiotik ondutakoa. Areago, abestietako bakoi-tzak mezu bat darama barnean. Haien lana zabaltzea da hurrengo pausoa, eta horretan arituko dira datozen hilabeteetan.

Lamprek adierazi du azken lanaren izenburuan hitz joko berri bat sortu nahi izan dutela Sapok eta biek: “Bi ideia nagusiren arteko fusioa da After-Egon: batetik, geroago egotea dago; eta, bestetik, alter-ego esanahiaren edo beste ni-aren arteko nahasketa dago”. Hala, gaineratu duenez, proiektu berri honek biei ematen die aukera haien betiko eskemetatik atera eta sormen prozesu berriak garatzeko. Funtsean, azaldu du proiektua haien “beste ni-a” orain askatzeko aukera bat dela. “Sapok eta biok beste estilo batzuk jorratu izan ditugu, bera rocketik dator eta ni hip hopetik; Onki Xinek, ordea, eman digu askatasuna beste estilo batzuk lantzeko”, gehitu du taldeko kideak.

Lehen lana ez bezala, kaleratu berri dutena lau abestik osatzen dute. Biziko bagara erregeen buruak zapaltzeko izango da (2018) lehen diskoaren izenburua da, eta hamabi kantaz osatuta dago. Halere, Lamprek azaldu du azken proiektua EP bat dela; hein batean, disko “motzagoa”. Nabarmendu du gaur egungo garaietara egokitutako lana dela: “Egun, informazioa oso azkar mugi-tzen da, eta zerbait egin orduko bi egunetara zaharkitu egiten da”. Hari horri tiraka ondu dute musika dan-tzagarria eta rock-eroa uztartzen dituen lana; musika pop-eroa eta elektronikoagoa batzen dituen diskoa ondu dute. Lamprek berretsi du musika estilo askoren “elkargunea” dela After-Egon.

Lau abesti Daftne, Apolo 01, Nahia eta 2 urte. Diskoko abestietako bakoitzak mezu bat dakar berarekin, eta eman diezaioke bide norbanako bakoitzaren hausnarketari. “Lehen abestia, Daftne, guretzako desenkantu abesti bat da. Adierazten du pixka bat nola dagoen egun politika, nola dagoen gizartea bera”, esan du Lamprek. Bigarren abestian, berriz, teknologiak dakarren aurrerapena ez ezik, hark dakartzan ondorioak ere izan dituzte gogoan bi musikariek: “Sarri teknologiak ematen digu sentsazioa leku guztietara iristeko gai garela, baina zenbait gauzetatik urrunarazteko gaitasuna ere badu”. Nahia borrokan ari diren herrialdeei eskainitako kantua da. Lamprek jakinarazi duenez, Txileko eta Ekuadorreko herriak izan dituzte gogoan, besteak beste. Aipaturiko hiru kantek haiek sortutako hitzak dituzte. Bada bat, ordea, bertsioa dena: 2 urte. Bloc party talde britainiarraren bertsio bat da, eta adierazi dutenez amodiozko istorio bat du oinarri.

Lanaren produkzioari dagokionean, abuztuan hasi ziren abestiak “sakon” mamitzen. Sapok eta Lamprek aurrez ideia batzuk ordenagailuan zituzten gordeta, baina horiek lantzea zen hurrengo pausoa. “Bion artean ideiak partekatzen ditugu, eta haietako bakoitzari jartzen diogu egitura txiki bat. Horren gainean hasten gara lanean”, dio Lamprek. Eta gehitu du biek egindako musika dela. Halere, hiru hilabete inguruko prozesuan zehar izan dituzte bidelagunak ere. Peio Gorrotxategik moldaketa batzuk egin ditu, Beñat Atorrasagastik gitarrak grabatu ditu eta Jon Ander Artolak, berriz, bateriak. Jonan Ordorika masterizazioaz arduratu da.

Ibilbide laburra Onki Xin proiektuak ibilbide laburra du. Bi kideek bazuten elkarren berri, eta egonak ziren aldez aurretik ere, hala ere, ez zuten sekula elkarrekin lan egin. Egun batean, Lampreren etxean gelditu ziren proiektuko bi kideak. Ordenagailua piztu zuten eta bertan musika jartzaileak zituen baseen gainean lanean hasi ziren, ideiak lantzen. “Momentu hartan pentsatu genuen kanta pare bat egitea posible litzatekeela, baina, azkenean hamabi egin genituen”, kontatu du Lamprek.

kontzertuak Hemendik aurrera kontzertuak eskaintzea da haien nahia. Proiektua zabaldu nahi dute, eta jendeari proposamen berri bat eskaini. Areago, Onki Xineko kideak ohartarazi duenez, egun kontzertu txikien egoera kaskar samarra da festibal handien alboan, eta beraz, formatu “sinpleagoak” babestea beharrezkoa da. Alegiako gaztetxean (Gipuzkoa) eskainiko dute hurrengo kontzertua, abenduaren 20an. Hatortxu Rock jaialdian ere egongo dira abenduaren 28an, Atarrabian (Nafarroa).