musika

Nolako zura, halako Ezpala

Urtebete igaro da Ezpalak taldeak lehen urratsak eman zituenetik. Laukidez osatutako bandak, ordea, entseatzen hasi eta lau hilabetera kaleratuzuen lehen diskoa. 1990eko hamarkadako rock doinuek osatzen dutetaldearen izen bera daraman lana, bederatzi abestitan banatuta

17.12.2019 | 17:00
Eñaut Gaztañaga, Xabi Arrieta, Unai Eizagirre eta Juanjo Berasain

IBILBIDE laburra izan arren, aurrerapauso handiak eman dituen taldea da Ezpalak. Lau kidek osatzen duten taldea da, eta haietako bakoitzak badu esperientzia beste talde batzuetan ere. 1990eko hamarkadako rocka da erritmoen jabe, eta instrumentuak eta ahotsak ere haren osagai garrantzitsuak dira.

Ezpalak da taldearen lehen diskoaren izena; apirilean kaleratu zuten. Bederatzi kantuk osatutako lana da; guztiak, euskaraz. Enborretatik ateratzen diren ezpalak, proiektu berriak dira taldearen bizi filosofiaren gakoetako batzuk. Orain, diskoa aurkezten eta kontzertuak eskaintzen jarraituko dute; udara arte, bederen. Durangoko Azokan ere egongo da diskoa eskuratzeko aukera.

Urtebete inguru igaro da Ezpalak taldeak lehen urratsak eman zituenetik. Eñaut Gaztañaga musikariak abiatu zuen proiektua, Xabi Arrieta taldeko bateria-jolea lagun zuela. Zestoako Gaztain estudioetan egin zuten lehen hartu-emana, eta orduz geroztik harremana izan dute bi musikariek. "Esan ohi genuen musika talde bat sortu behar genuela; bertsio gau batzuetan jo genuen, eta tartean behin entseatzen genuen, baina taldea sortzeko denbora gutxi genuen", azaldu du Gaztañagak. Izan ere, Grises taldean ere jotzen du, eta sasoi hartan denbora "gutxi" zuela jakinarazi du. Hala ere, taldearekin urtebeteko deskantsua hartzea erabaki, eta buruan zebilkien ideiari ekin zioten. Gerora batu zitzaizkien taldera Unai Eizagirre baxu-jolea eta Juanjo Berasain abeslaria, 2018ko abenduan.

Rockaren influentzia 1990eko hamarkadako rocka da taldearen oinarri nagusienetako bat, nahiz eta aurrez zituzten taldeetan musika estilo ezberdinak landu. "Hasieran asmo handirik gabe hasi ginen lanean, rocka eginez gozatu nahi genuen", adierazi du Gaztañagak. Hasiera batean, hark jada sortuak zituen abesti batzuk entseatzen hasi ziren; "bataren eta bestearen gustuak ezagutzen, eginak zeuden abestiei ekarpenak egiten", gaineratu du. Hala, lauen artean sortu zuten bandaren soinua. Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa egokitu zituzten sortu nahi zituzten melodietarako, besteak beste. Gaztañagaren arabera, osagai horiekin aurrez sortutako kantek "nortasun bateratua" hartu zuten.

Entseatzen hasi eta laster batean sartu ziren estudiora diskoa grabatzera, iazko abenduan bertan. "Momentu horretan nuen estudioa libre; beraz, presaka bospasei entsegu egin, eta estudioan eman genien forma abestiei", jakinarazi du taldeko gitarra-joleak. Hain zuzen ere, bera da estudioaren jabea. Lau hilabeteren ostean kaleratu zuten lehen diskoa, Ezpalak izenburupean. Taldeko kideen nahia "denbora galdu gabe" kon-tzertuak ematen hastea zen. Gaztañagak azaldu du diskoak harrera ona eduki duela, eta irratietan ez ezik, jendartean ere erantzun "ona" eduki duela. Hala ere, nabarmendu du bidea "pixkanaka" dabiltzala egiten: "Gure beste taldeetan ibilbide luzeagoa izan arren, talde hau berria da, eta beraz, hutsetik ari gara lanean". Taldekideen artean "kimika" sortu dela ere ohartarazi du.

IZENAREN ATZEAN "Enborretatik sortzen dira ezpalak, eta horiek izan daitezke sortu berri diren taldeak, sortzear daudenak; hor gaude gu ere, hor dago Ezpalak", aipatu du Gaztañagak. Izan ere, hark jakinarazi duenez, taldearen izenaren esanahia "poetikoa" da, baina baita omenaldi bat egiteko aukera ere. Musikariak azaldu du duela hiru urte, 2016an, Sei urte musika taldearen disko bat produzitu zuela estudioetan, eta Ezpalak titulua jarri ziotela disko hari. Hitzaren sonoritatea gustatu, eta altxorren artean gorde zuen haren esanahia Gaztañagak, harik eta taldea sortu zuten arte. "Beraz, Sei urte taldeari eginiko omenaldi bat ere bada, urteak daramatzatelako musikaren alorrean eta lagunak direlako".

Eta aurrera begira ere, ezpal horiek hazten jarraituko dute, lanean jarraitzeko asmoa baitu taldeak. "Negu honetan diskoa aurkezten eta kontzertuak ematen jarraituko dugu", jakinarazi du Gaztañagak. Durangoko Azokan ere egongo da haien diskoa eskuratzeko aukera.

Gerora, berriz, haien gainontzeko taldeak ere martxan jarriko dira. Esate baterako, Grises taldea oholtzara itzuliko da, deskantsua atzean utzita. Hori dela eta, ohartarazi du udaran gainontzeko proiektuei espazioa eskaini beharko dietela, baina ez du albo batera uzten disko berri bat kaleratzeko aukera. "Hein batean, proiektuak nortasuna hartu du eta aurrera egingo du", ziurtatu du Gaztañagak.