TOKI ezezagun bat: sumendi bat. Eta sumendiaren magalean bizitzen, norberarekin zerikusirik ez duen komunitatea. Finean, urruti sentitzen den atmosfera. Arraroa denaren bueltan hausnar-tzen hasi ziren udako arratsalde baten Marina Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza eta Andrea Berbois Tripak kolektiboko sortzaileak, eta ideia zaparrada hura antzezlan bihurtu dute bi urte beranduago. Lekutan nabari duten inguru bat eraiki nahian ondu dute Urruna antzezlana. Urriaren 19an estreinatu zuten Bilboko BAD jaialdiaren baitan.

Ezagutzen ez zuten eta arrotz nabari zuten toki horren inguruan istorioak sortzeari ekin zioten antzerkigileek, eta bukaerarako pieza oso bat bihurtu dute eszena sekuentzia. Halere, “ezohiko” antzerkia dela diote. Izan ere, linealki eraikia ez dagoen obra da Urruna; irudi kate baten puzzlea, tonu “absurdoan” kontatua. “Antzezlana oso absurdoa da, eta gure arteko harremana ere bada absurdoa askotan; nolabait gure artean eraiki dugu hizkuntzaren isla da obra”, kontatu du Marina Suarezek. Sortze prozesu guztia “kaotikoa eta oso polita” izan dela azaldu du Suarezek, eta apurka nork bere egitekoa zehazten ikasi dutela.

ESTILOA FINDUZ 2014an sortu zuten Maite lehen pieza laburra, eta 2016an, berriz, ezagun egin zituen Aitaren larrua bigarren antzezlanak. Azken honetan, eta aurreko esperien-tziekin alderatuz, estiloa “findu” dutela nabari du Marina Suarezek. “Nahiko ondo ezagu-tzen dugu elkar eta oraingoan badakigu zeinek egin behar duen zer eta noiz; aurreko obran hori ez zegoen hain argi; nik uste obra honekin buelta bat eman diogula lanari”.

Estilo bat markatzen hasiak dira, eta propioak dituzten moldeen bilakaera nabari dute kolektiboko kideek. Egiteko era berezia, horrek ezaugarritzen du Tripak kolektiboaren antzerki mota. “Askotan mugimenduan dauden koadroak dira eszenak”, hala laburbildu du Natalia Suarezek euren teatroaren arima. Irudiak eraikitzen ahalegintzen dira, konposaketa osoak. “Testua bukaeran dator gehienetan eta guk egiten duguna da ahotsa, soinua, jantziak? elementu guztien plastizitatea arakatu; arreta handia jartzen dugu irudian eta horrek daukan potentzian”, erantsi du Marina Suarezek. Eta, are, teatroa bera osotzen duten ardatz guztien arteko oreka sortu nahi dute: “Maila berdinean daude elementu guztiak eta konposaketa bat sortzea elementu horiekin guztiekin”.

TALDEAN SORTZEN Orain bost urte sortu zuten kolektiboa eta hirugarren obra dute Urruna. Lan taldean ere izan dira aldaketak. Gaur gaurkoz, Marina Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza eta Andrea Berbois dira Tripak konpainia, eta ezohiko antzerkia dute lan esparru. “Lautik hiru arte ederren mundutik gatoz eta hori nabaritu egiten da; oso era plastikoan sortzen dugu”, azaldu du Natalia Suarezek. Antzezlan honetan batu da bera aktore lan taldera, eta aurrekoan ageri zen Mayi Martiarena ez da obra honetan azaltzen. Are, oraingoan kolektiboko kide guztiak dira antzezle: “Andrea (Berbois) biolin-jotzailea da, eta aurrekoan musika egiten ibili zen; orain antzeztera ere animatu da eta izugarrizko saltoa eman du”. Marina Suarez pozik agertu da lau emakumeak eszenan agertzen direla azaltzean.

Guztiak antzezle, eta guztiak maila berean. Filosofia horrekin egiten dute lan Tripak taldeko kideek, eta Suarez ahizpek kontatu dute denen artean betetzen dituztela rol guztiak. Horrek ere ondorioak ditu hedapenean: “Banaketa ere guk geuk egiten dugu, eta horrek zaildu egiten du sortu eta obra mugitzea aldi berean”. Horregatik, lehen estreinaldiaren ondotik eta behin pieza bukatutzat emanda hasiko dira euren lana erakusteko plaza bila. “Egia esan, antzoki asko daude, baina oso gutxi programatzen da; eta are gutxiago gurea bezalako antzerki mota ezohikoan”. Halere, gogo-tsu daude sortzaileak egindakoa taularatzeko, aukera eta espazio berriak bilatzeari ekingo diote aurki.

ARRARO, BAINA GERTUKO Mundu arraro batean murgildu nahi izan dute artistek obra honekin, baina Natalia Suarezek aitortu du zaila dela ezezagun zaizunaren larruan sartzea: “Saiatu gara bilatzen harremanak sortzeko modu ezberdin horiek, eta bakoitza joan da bere pertsonaia ezezaguna bilatzen; baina azkenean konturatu gara bakoitzak berea egiten duela eta oso zaila dela ezezagunean sartzea”. Horregatik uste du obra “arraroa eta erosoa” izan daitekeela aldi berean ikuslearentzat. “Absurdoak hori dauka; ez duzu ulertzen baina oso irekia da”. Marina Suarezek zehaztu du Aitaren larrua-rekin aldea nabari duela horretan ere: “Obra hau errazagoa da publikoarentzat, beharbada ere guk gehiago konektatzen dugulako antzezlan honetan eurekin; begiratu egiten diegu eta gure mundu arraroan sartzeko eskua luzatu”.

Hurrengo proiektua buruan dute jada. Oraingoan euren maneratik urrunago eta konbentzionaletik hurbilago dagoen metodoa baliatu nahi dute: gidoi bat egin. “Buruan dugu hurrengo obra dagoeneko eta orain testua idatzi nahi dugu lehenago: Aitaren larrua argazki batetik abiatu zen; Urruna leku batetik, eta datorrena testutik hasi nahi dugu”. Euren sorkuntza eta esperimentazio ibilbidean beste urrats bat eman nahi dute horrela, sortzaile gisa euren buruak etengabe “harritzeko” prozesuaren parte gisa.