Duela gutxi aurkeztu digute ziur aski bideo-jokoen industria eraldatuko duen produktu berria, Google Stadia izenekoa. Plataforma edo jokatzeko moduari buruz ari na-tzaizue. Sinpleki esanda, Googlek bideo-jokoak streaming bidez edonoren eskura jarri nahi ditu. Joka-tzeko, beraz, pantaila bat, aginte bat eta ziurrenik aparailu txiki eta merkeren bat baliatu beharko duzu. Hortik aurrera, ahaztu kontsolak, ordenagailuetako txartel grafiko indar-tsuak eta abarreko ekipamenduak erosteaz. Konektatu eta Stadia plataforman egongo den katalogoko edozein jokotan jolastu ahal izango duzu. Jokoak beharrezkoak dituen prozesamendu eta grafikoen kalkuluak, beraz, Googleren kontura.
Abantailak bistakoak dira, noski. Bideo-jokozale askok espero genuena zen, izan ere, ez da makala plataforma honek dakarren aldaketa. Hogei minutu eskaseko aurkezpenean, hala ere, uste baino sekretu gutxiago azaleratu zituzten. Aurreko batean ikusi genuen zuzenean nola jolas zitekeen inongo konexio atzerapenik gabe AAA motako joko batean, hasi telebista pantaila, ordenagailu eta baita tablet edota mugikor batean ere.
Oraingo honetan honelako beste erakustaldi bat espero genuen, aurreratuagoa, serioagoa agian? baina plataformaren katalogoan aurkituko ditugun jokoen zerrenda bat, zein konexio beharko genukeen eta prezio desberdinak besterik ez zituzten agertu.
HAINBAT JOKO
Horrela bada, hasieratik egongo diren jokoak honako hauek dira: Destiny 2, DOOM Eternal, The Crew 2, Get Packed, GRID, FM, Power Rangers Battle for the Gid, Mortal Kombat 11, Farming Simulator 19, Elder Scrolls Online, Darksiders Genesis, Trials rising, Wolfenstein Young Blood, Baldur’s Gate 3, Just Dance, Shadow of the Tomb Raider, Dragon Ball Xenoberse, Thumper, FFXV, Ghost Recon Breakpoint, Rage 2, The Division 2, Samurai Showdown, Metro Exodus eta Assassin’s Creed Odyssey, besteak beste.
Prezioari dagokionez berriz, Stadian jolasteko 3 modu egongo dira. Alde batetik, Stadia Pro izenekoa, non, hilero 10€ inguru ordainduta, nahi adina eta nahi den joko ezberdinetan jokatzeko aukera egongo den. Ondoren, Stadia Founder’s Edition delako bat ere egongo da, 129€-an aginte bat, jokoak telebistan ikusteko Chromecast bat eta zure lagun bati 3 hilabetez Stadia Pro kontu bat oparitzeko aukerarekin. Eta, azkenik, Stadian harpidetzarik egin gabe, joko solteak erosteko aukera ere egongo omen da. Azken aukera honekin joko hori, “betirako” zurea izango litzateke.
Konexioari dagokionez, berriz, 10Mbps-ko abiadura da gomenda-tzen den baxuena. 720p eta 60-FPS-ko irudi kalitatea lortuko zenuke horrela. Aldiz, 35Mbps-rekin 4K eta 60-FPS-ko bereizmena. Pertsonalki, horrelako kalitatea emateko konexio oso baxuak exijitzen dituela iruditu zait. Halere, probatu egin behar, eta ikusi mozketak suerta-tzen diren edota agindua ematen dugunetik irudia begietara iristen deneraino erantzun denboretan atzerapenik dagoen. Baina esandakoa betetzen badute, ederto.
IRAULTZA
Ikusten denez, bideo-jokoetan jokatzeko modua irauli dezakeen teknologia izango da honakoa. Ez inolako hardware berezirik beharko ez duzulako bakarrik -irudikatu 4 urtetik behin kontsola berri bat erosi beharrik ez izatea-, baizik eta Internet konexio duin bat duen edozein lekutatik jokatzeko aukera ematen duelako. Gainera, harpidetza sistemarekin, jokoen industrian eta tarifetan ere eragin dezake. Zer egingo dute, kontsola propioetan oinarritzen diren Nintendo bezalako etxeek? Hauek ere Streaming sistemara batuko dira? Etorkizunak esango du.
Abantailak azaleratu ditugu, baina, euskal bideo-joko zaleon artean eztabaida sutsua piztu da gai honen inguruan. Izan ere, jokoen jabetzat Google bezalako enpresa bat izateak bere kalteak ere baditu. Zer gertatzen da jokoak moldatzea gustuko duten zaleen artean? Edo adibidez, Game Erauntsia bezalako elkarte batek jokoak itzultzeko aukerarik izango luke? Nola egin hori jokoen fitxategirik eskuan izan gabe? Eta Stadia pikutara badoa, zer gertatuko litzateke erositako jokoekin? Gure jokoen bilduma egun batetik bestera galtzeko arriskua legoke. Eta kontsolek eskaintzen duten xarma hori? Bilduma zaleen galera litzateke.
Aspalditik dakigu Google ez dela santua eta edonolako datu mordoa pilatu, estatistikak atera eta hirugarren enpresei saltzeko ohitura daukala. Teknologia gauza ederra da onerako erabiltzen denean, baina kontuz ibili beharko dugu aurrerantzean emango dituzten pausuekin. Gure komunitatean denetik daukagu, betiko kontsola eta tramankulu zaleak, guztia Googleren esku jartzeko prest daudenak eta tarteko zerbait hobea dela pentsatzen dutenak. Eta zuk zer uste duzu: streaming sistema ote da etorkizuna?