Partitura batean idatzirik dagoena soinua ez bada ere, paperean irudikatua dagoena musika dela diogun era berean baieztatu ahal dugu eraikin baten marrazkia arkitektura dela. Hau da, arkitekturaren definizioa ez dela espazioaren eraikuntza, espazioaren eraikuntzaren atzetik dagoen pentsamendua baizik. Pintura artistikoarekin gertatzen ez den bezala, arkitektoaren helburua ez da marrazki on/polit bat lortzea. Marrazkia egiten den momentuan, bertsolaritzaren an-tzera, bat-batekotasun ariketa da, non arkitektoak pentsamendu espaziala finkatzen duen, aldi berean errealitateaz eta errealitatearen eraldaketaz informatzen duena.
Programa informatikoek arkitektura marrazteko aukerak zabaldu dituzte, ilustrazioan edo komikigintza esparruetan eman den bezala. Digitalizazioak lan esparru guztietara ekarri duen lanaren eraginkortasunaz gain-egitekoak azkarrago gauzatzeko bidea-, arkitekturan espazioa pentsatzeko modua irauli du, hau da, beste mota bateko arkitektura egiteko aukerak zabaldu ditu. Askotan aipatu da, adibidez, Bilboko Guggenheim Museoaren kasuan, katia programagatik ez balitz, bestelako marrazketa medioak ez zirela baliabide nahikoak izango proiektua eraikigarri egiteko. Egungo zenbait arkitektura-forma konplexu tresna digitalen lagun-tzaz soilik dira bideragarriak.
Bestalde, XXI.mendean arkitekturak bigarren iraultza digitala bizi du BIM (Building Information Modeling) softwarea dela eta. Programa digital honek arkitekturaren eraikuntzak ekartzen dituen lan guztien datuak tresna bakar batean bateratzeko aukera ematen du (aurrekontua, kalkulua...). Errebolta digital berriak arkitekturaren ekoizte-prozesuaren denborak murriztuko ditu, baina ez da arkitektura pentsatzeko tresna.
GARUNA, ESKUA, BEGIA
Arkitekto belaunaldi zaharrek defendatzen dute arkitektura pentsatzeko bideak eskuz egindako marrazkia izan behar duela. Analogiko edo digitalaren arteko bataila hutsalean sartu baino -biak beharrezkoak eta erabilgarriak baitira egiteko eta helburuaren arabera eta beraz, oso medio ezberdinak diren arren, ezin da batean edo bestean alineatu-, marrazketan sortzen diren dinamiketan sakondu dezagun. Juhani Pallasmaa arkitekto finlandiarrak, The Thinking Hand liburuan, eskua eta pentsamenduaren arteko loturak azaltzen ditu. Eskua ez omen da garunetik datozen nahien exekutatzaile pasiboa, eskuak bere jakintza eta intentzionalitate propioak dituelako. Garuna-eskua-begia erlazionaturik daude eta eskuak -edo saguak-gure gorputzean gertatzen den errealitatearen pertzepzioa eta irudikapenaren arteko bitartekari funtzioa hartzen du.
John Berger-ek zioen, marraztearen ekintzan artistaren gorputzeko muskulu askok parte hartzen zutela, marrazketa ariketa bisual bat baino gehiago dela argudiatuz. Eskuarekin aritzean, ukimen zentzua gaineratzen da, marrazteko esperientzia bereizi egiten duenak. Arkitekturan, sketch marrazkiak egiten ditugu eskuz, espekulaziorako ariketa gorpuztuak.
Har dezagun Ekain Jimenez arkitekto gasteiztarraren marrazki-lana errelato honen argibidetzat. Jimenezek testuinguru fisikoaren per-tzepzioa marrazkietan islatzen du. Dela hiria, paisaia bat, eraikin bat. Marrazteko abileziaz eta edertasunaz harago, espazioak pentsatzeko eta azaltzeko gaitasun bat antzematen da. Arkitektura egiteko trebetasuna, alegia. Kontakizun bat baino, espazioa ulertzeko sentsibilitatea eta iruditeriak sortzeko lanketa bat agertzen dute marrazkiek.
BILAKETA
Jimenezek kontatzen du egunero ikusitako eta ikusitakoak sorrarazitako irudiak marrazten dituela -liburu batean jasotzeko bidean direnak-. Hots, errealitatearen memoriak gorpuztutako irudiak direla. Espazio-iruditeriek bere eskuan aurkitzen dute kristaliza-tzeko medioa. Marraztearen esperientzia honek arkitektura egiteko prozesuaz hitz egiten digu. Espazio baten formalizazioak ez du arazo-soluzio logikarik erabiltzen, sormen prozesu bat baita. Diseinatzeko prozesuak barne eta kanpoko munduak uztartzen ditu, arkitektoak errealitateaz duen ikuspegiaren proposamen metafisikoa da eta. Marrazkiak prozesu honen berri ematen du, horregatik, kezka eta ziurgabetasun handiko irudiak dira. Irudikapen bukatutzat jo beharrean, bilaketa baten arrastoak marrazten dira, intentzioz eta nahiez jositako marrak.
Arkitekto guztiok ez dugu Ekain Jimenezen adierazkortasuna marrazkian, baina marrazkia pentsatzeko medioa dugu denok.