Nostalgiarik ez. Geruzak eranzteko garaiak izan dira Garirentzat azken urteak, geroz eta biluziago sentitzeko, bizitza eta musikaren artean oreka osasuntsua lortzeko, norberarekin eroso sentitzeko. 38 urte baino gehiago daramatza musikari lotuta Garik (Legazpi, 1963), baina aurrera begira jarrai-tzeko beharra sentitu du, “atzera begiratzeak ez didalako indarrik emango”. Garai bateko rock erradikaletik urrundu eta orain, pop doinu lasaiak dira nagusi haren lanetan. Bilbon zabaldu berri duen dendan eman ditu Maldanbera taldearekin osatu duen Beste Denbora Batean diskoaren nondik norakoak.

‘Beste denbora batean’ zure bakarkako hamargarren lana.

Hamargarrena da, bai, baina Estutu-rekin (Elkar, 2016) hasitako bide beretik dator disko hau ere. Azkenengo urteetako nire jokaera musikalaren emaitza dira biak. Denbora luzez izan naiz saiatu-erratu delakoa egiten, bila-tzen, aztertzen, zein espaziotan sentitzen naizen eroso. Espazio berri horrekin topo egin nuenean grabatu nuen Estutu, eta Beste denbora batean diskoa bidaia berri horren bigarren alaba da.

Zer aurkituko dugu diskoan?

Zortzi kantaz osatuta dago, aurrekoa bezalaxe, eta bizitzari buruzko gogoeta txikiak biltzen ditu, gogoeta txiki musikatuak. Doinu garaikideak atmosfera garaikide batean txertatu ditut, azkenengo urte hauetan hasitako bidea landuta. Estiloa beretsua, beraz, baina soinu abanikoa zabalagoa. Hala ere, abestiek sinpleak izaten jarraitzen dute, basikoak. Sinpletasun horretan sentitzen naiz ni eroso.

Eroso sentitzen zara orain.

Dudarik gabe. Bai artistikoki, bai musikalki eta baita arlo pertsonalari dagokionez ere. Historikoki musikarekin izan dudan harremana ez da batere sanoa izan, ez da harreman orekatua izan. Orain beste era batera gozatzen dut musikaz, entzulegoarekin harreman naturalagoa dudala uste dut, sanoagoa. Ondo senti-tzen naiz eta perspektiba erabat aldatu zait. Behar nuen orekarekin asmatu dut.

Eta nola lortzen da hori?

Ez dakit. Kontuan hartu, nire lan guztiaren oinarria intuizioa dela. Ni ez naiz diskurtso sendoa duen artista bat. Nire artista ibilbidearen sendotasunik handiena intuizioa izan da beti, baita erruzko bideak hartzeko ere. Orain, ordea, intuizioa errutinara lotu dut, gauza txiki asko sartu ditut nire errutinan eta eguneroko gauza txiki horiek orekatu dute balantza.

Zeintzuk dira gauza txiki horiek?

Kirola, denda, lagunak, entseguak, familia? lehentasunak erabat argi ditut. Nire eguneroko agenda oso lotuta izan behar dut, itxia, bestela animalia basatia izango nintzateke. Pentsa, lehen gaua zen nire lehentasuna, baina orain ez, oso ondo ezagutzen dut eta ez dauka lilurarik. Egun ezarri dudan errutinarekin bizirik sentitzen naiz. Ez dauka glamourrik, akaso, baina ez dut behar, zoriontsua naiz horrela.

Espazio berri horretan, nolakoa suertatu zaizu kanten sortze prozesua?

Oso prozesu naturala izan da. Aspaldiko geruzak kanporatzen zoazen heinean, sinpletasunera hurbiltzen zoaz, eta kantak ikusi baino ez dago horretarako. Oso sinpleak dira, oso basikoak. Egitura oso sinplea da, baina indarra ez dago egitura horretan. Indarra beste elementu batzuetan dago: poesia, emozioak, literatura, naturaltasuna... Gitarra soil batekin, piano batekin, biluzik, emozioak sorraraztea. Hori da benetako artea niretzat.

Poesia eta literatura aipatu dituzu. Euskal Herriko zenbait idazleren testuak musikatu dituzu.

Juan Luis Zabala, Mari Luz Esteban, Igor Elor-tza eta Jon Benitoren testuak musikatu ditut diskoan. Zergatik testu horiek? Ba ez dakit. Norberak harreman ezberdinak sortzen ditu testu bakoitzarekin, eta gero intuizioa eta joerak daude. Nire joera aspaldiko geruzak ken-tzea izan da eta bide horretatik joko zuen nire intuizioak ere. Oro har, disko honetan Gari benetakoagoa entzun eta senti daitekeela uste dut.

Ibilbide berri honetan, noren ispiluan begiratu duzu zure burua?

Denok ditugu gure maisuak, eta bat nabarmentzekotan, Lou Reed aipatu beharko nuke. Velvet Undergroundekin goia jo zuen, hura utzita hamarkada bat pasa zuen galduta eta apurka lortu zuen berpiztea, The Reed Trilogy bezala ezagutzen duguna argitaratu arte. Frontman izatetik intimismora igaro zen, gitarra hartu zuen, sonoritatea aldatu zuen? Tipo arrunta zen jada. Arruntasun horretan artea sortzea, hor dago koska. Ni, beste eskala batean, horrela sentitzen naiz.

Eta non utzi duzu aspaldiko Gari?

80ko hamarkadan nuen abiadura, jarrera gogorra, ezkorra, ezinezkoa dut orain hori guztia adieraztea, ni dagoeneko ez bainaiz hori. Ez ni, ez Hertzainaken nire parean zeudenak ere. Bakoitzak bere eboluzioa izan du eta nik ondo sentitzeko beharra nuen. Erabaki txarrak hartu izan ditut, urte askotan izan naiz bidegurutzean, bueltaka eta bueltaka, ea ze norabide hartu, baina irteera berdina zen beti: beti zulora. Hori dena pasata dago orain eta bestelako egoera batean nago. Orain bai, nire egunerokoaz gozatzen dut eta ez dut nostalgiarik nahi, horrek ez dit indarrik ematen.

Musikak zer pisu du egun zuretzat?

Ez du lehen zuen pisu bera. Oso inportantea izaten jarraitzen du, dudarik gabe, baina oasi bat da niretzako: sartu eta irten egiten naiz, naturaltasunez, eta sartu-irten bakoitzean izugarri gozatzen dut. Musika ofizioa da nire-tzako, baina ez ofizio bakarra. Aspaldi abesten genuen bezala: Euskadin rock and rollak ez du inoiz dirurik ematen (barreak). Zelan azaldu? Musika airea da eta beste guztia zorua da, lurra. Eta orain badakit bien arteko oreka mantentzen. Musikarekin eguneroko harremana dut, baita kirolarekin, lanarekin?

Zer azpimarratuko zenuke euskal musikaren esferatik?

Gaur egun talentu asko dagoela, baina gero eta aitormen gutxiago. Zein da gaurko musikak duen pisua? Ezer gutxi. Musikariak mertzenario gisa aritzen dira askotan, segun eta zein zirkuitutan zauden, txanpon truke bezala erabiliko zaituzte, jaialdi batean karteleko letraren tamainaren arabera tratatuko zaituzte... Nire garaian oso konplikatua zen gauzak egitea, eta gaur ere oso konplikatua da, nahiz eta aukera oso zabala den. Oraingo egoera politikoak ere badu zerikusia, gauzak nahiko baretuta daude eta musikariak kokatu beharrean gaude. Zer da eskaini behar duguna? Zeri kantatu behar diogu? Nik bere garaian borrokatu nuen borrokatu beharrekoa, orain ez zait niri tokatzen. Niri gozatzea egokitzen zait orain.

Eta gozatzeko aukera, zuzenekoetan izango duzu. Donostiako Victoria Eugenian aritu zara, Bilboko Arriaga Antzokian izango zara otsailean. Sarrerak aspaldi agortu ziren.

Izugarri gozatzen ari gara zuzenekoetan. Maldanbera taldearekin ari naiz diskoa defenda-tzen: Borja Barrueta bateria eta perkusioan, Gorka Benitez saxofoi eta txirulan, Jon Agirrezabalaga baxu, gitarra eta teklatuan, Oier Aldekoa pianoan eta Aitziber Omago koruetan. Beste denbora batean eta Estutu diskoetako kanta asko joko ditugu, baita nire errepertorioko kanta garrantzitsua ere. 2019an, gainera, 35 urte beteko dira Hertzainak-en lehen diskoa kaleratu genuenetik eta kontzertuen atal txiki bat horri eskainiko diogu, omenaldi gisa. Josu Zabala eta biok egingo dugu omenalditxo hori, taldearen laguntzaz. Tartean, Aitormena joko dugu.

Kantak berdina izaten jarraitzen du zuretzako?

Jendeak pentsatzen du Aitormena mila aldiz baino gehiago jo izan dudala, eta ez da horrela, oso gutxi jo dut zuzenean. Ez naiz artista tipo hori, kanta bat hartu eta tira eta tira egiten duena. Eta galderari erantzunez, ez daukat oso argi zer izaten jarraitzen duen niretzat, baina oso argi dut abestiaren hitzek ez dutela nire buruan lurrikararik eragiten. Barru- barrutik ateratako gogoeta bat da Aitormena, iraungitze datarik ez duen kanta, eta ez du inoiz izango.

Zalegoaren jarioan, zer nabarmenduko zenuke?

Hertzainak jaio zenean, eztanda garaian, zalego kopuru handia batu zitzaigun. Diskoak egin ahala, desastre. Ordura arteko zalegoak alde batera egin zuen eta askoz ere publiko gazteagoari bide eman zitzaion. Jende askok kritikatu gintuen Aitormena egiteagatik, eta gaur da eguna, 30 urteren ondoren, jende horrek Aitormena abesten jarraitzen duena. Zergatik? Benetako kantek badutelako magia propio bat eta indar saihets ezin bat.