Nork esango luke kobazulo batean hezurren museo ikusgarria aurkitu zitekeenik? Eta zeinek pentsa liteke toki ilun eta, aldi berean, liluragarri hori munduko hiririk famatuenaren erdian eraikiko zutela? Ez, ez gaude Mexikon, Napolin baizik. Ehun urtetik gorako ohitura makabroa gordetzen duen leku harrigarri batean.

“Hildakoak gurtzeko toki sakratuan sartzen ari zara. Isilik, mesedez”. Gianfrancok diskurtso bera errepikatzen die turista guztiei, bada, ez dago ohituta Napoliko Cimitero delle Fontanelle edo Iturritxoen Hilerrian atzerritar asko jasotzera.

Giro tetrikoa Kobazulo handi batek XVII. mendeko izurriaren eta XIX. mendeko kolera krisiaren ondorioz hildako herritarren hezurrak gordetzen ditu. Gianfrancok zin egin digu txoko guztiak erakutsiko dizkigula. “Hemen barruan espiritualtasun handia sentitzen da, ez duzu nabaritzen?”, galdetu digu gizon napolitarrak. Egiaz, hezetasuna sumatzen dugu bakarrik, baina giro tetrikoaren erdian magia sentitzen saiatu gara.

Originaltasuna ez zaie falta, behin-tzat. Hezurrak bata bestearen gainean pilatuz, eskultura eta aldare handiak eraiki dituzte mendeetan zehar. Batzuk ondo argiztatuta daude; beste batzuk, berriz, hautsez gainezka. Armiarma-sareek beldurrezko filmen kutsua ematen diote tokiari. Gianfrancok toki magikoa dela errepikatzen digu behin eta berriz. Gizon napolitarrak txiki-txikitatik ezagutzen du garezurren hilerria. Bere familiaren etxea kobazulotik metro gutxira dago eta aitak umetan kontatzen zizkion mamuen eta espirituen kondaira herrikoiak. “II. Mundu Gerraren osteko Napoli suntsituan, etorkizunari aurre egiteko modu bakarra bihurtu zen mamuen indarrean sinestea”, erantsi du.

Izan ere, hildakoen kultua gauza serioa da Napolin. Hobe txantxarik ez egitea. Eta are gutxiago Iturritxoen Hilerrian. Hemen asmatu zuten zeharo berezia den tradizio makrabro bezain ederra. XIX. mendean Napoliko herritarrak capuzzella edo garezur bat adoptatzen hasi ziren, trukean espiritu horren babesa jasotzeko.

“Adopzioa zertan zetzan? Garezurra zaindu, garbitu eta inguruan aldare txiki bat eraikitzea”, azaldu du Gianfrancok. Tradizio horri culto delle anime pezzentelle edo arima behartsuen gurtza esaten zaio eta Napoliko ohitura garrantzitsuena izan zen, XX. mende erdialdean Erromako gobernuak debekatu zuen arte. Vatikanoak presio itzela egin zuen praktika debekatzeko, izan ere, profanoegia iruditzen zitzaion.

Kobazuloan barrena pasiatuz gero, aise nabaritu daiteke zeintzuk diren adoptatuta dauden garezurrak. Amabitxia edo aitabitxia duten garezurrek arrosarioak, kandelak eta loreak dituzte inguruan. Edonola ere, hezurrek ez dute izenik edo informaziorik eskaintzen. Fontanellen kobazuloa ez da gainontzeko hilerriak bezalakoa. “Hemen ez dago hilkutxarik edo hilarririk. Baina milaka garezurren artean badago berezia den bat: Kapitainarena”, azaldu du Gianfrancok. Kanpotik hezur zati arrunta dirudi, baina atzean kondaira ezaguna gordetzen du kapitainak.

“Bazen behin garezur batekin maiteminduta zegoen neska bat”, heldu dio istorioari Gianfrancok: “Hain zegoen itsututa, kapitaina izena jarri zion. Urteak pasa ahalean, neskak mutil bat ezagutu zuen eta berarekin ezkontzea onartu. Baina ezin zuen garezurra burutik kendu. Emaztegaiak bere ezkontzara gonbidatu zuen espiritua. Hala, zeremonia egunean, gizon ezezagun bat agertu zen kapitainez jantzita.

-“Nor zara?”, galdetu zion neskaren senarrak.

-“Kapitaina”, erantzun zion gizonak.

Orduan, une batetik bestera, jantzia kendu eta hezurdura erakutsi zuen gonbidatu guztien aurrean. Mamuak senar emazteak akabatu zituen bi aldiz pentsatu gabe.

Funtsean, kapitainaren hamaika istorio daude Iturritxoen Hilerrian. Bakoitzak bere erara kontatzen du mamuaren kondaira. Hori bai, azalpen guztiek argi uzten dute espirituak errespetatu egin behar direla. Bestela...