Marbellara joatekoak ziren Etxebestetarrak. Ahoz aho zebilen herritarren artean, baina, isil-isilik, Patriziok azken zentimora arte xahutu zuen enpresako diru guztia. Ez zuten ospa egiteko dirurik, baina herriko alkategaia zen Patrizio, eta ezin egiarekin kalera irten. Zer esango zuketen bizilagunek hori jakinez gero? Itxurak gordetzeagatik eta herritarrei Marbellan zeudela sinestaraziz, pertsianak itxi eta etxeko lau pareten artean igaro zuten 2005eko uda Maria Luisak (Elena Irureta), Patriziok (Ramon Agirre), Luzianok (Paco Sagarzazu) eta Iñakik (Iban Garate). Odisea igaro zuten Etxebestetarrek etxean, baina Patriziok, azkenean, lortu zuen herriko alkate izatea.

Hamalau urteren ondoren, eta hari mutur horri helduta, Aupa Etxebeste! pelikulan aritutako lantalde tekniko eta artistiko bera batu dute Telmo Esnalek eta Asier Altunak. Tramari buruz oso gutxi aurreratu dute: herriko alkatea da Patrizio, baina osasun arazoek postua uztera behartuko dute, eta Maria Luisa emazteak hartuko du haren lekua. Etxeko giroa eta udaletxeko eguneroko martxa hankaz gora jarriko ditu horrek. Aurrekoan egin bezalaxe, Bergaran grabatu dute filmaren gehiena eta Etxebestetarren etxeak berdina izaten jarraituko du. Aurreikuspenen arabera, 2019an estreinatuko dute pelikula.

Familia, elkartuta berriz Ramon Agirre aktorea Patrizio Etxebeste da filmean, herriko alkatea. Ilusio bereziarekin ekin dio aurtengo Zinemira sariak Etxebestetarren bigarren zati honi: “Aupa Etxebeste! euskal zinemaren mugarritzat hartzen da, eta nire ibilbidean ere halakoa izan zen. Ordura arte ez nuen aukerarik izan pertsonaia protagonistarik an-tzezteko. Gaur da eguna pelikula horrek utzitako zapore onaren giroa arnasten jarraitzen duguna eta jendeari bigarren zatia estreinatu behar dugula esaten diogunean, mimo handiz gogoratzen du lehena”, dio aktore donostiarrak.

Elena Irureta Maria Luisa izango da beste behin ere, Patrizioren bikotea: “Etxeko andre indartsua da Maria Luisa, badaki familia aurrera ateratzen, eta alkate bezala ere kemena erakutsiko du”, azaldu du Iruretak. Agur Etxebeste! pelikula egiteko deia jaso zuenean, ordea, zalantzak izan zituela aitortu du zumaiarrak: “Filmen bigarren zatiek sortzen duten eszeptizismo horrek hartu ninduen hasieran. Gidoia irakurri nuenean, ordea, lehenaren parekoa edo hobea zela ikusi nuen”.

Zinemako bere lehen filma izan zen Aupa Etxebeste! Iban Garaterentzat. Iñaki, familiako gazteena, izango da berriz eta oraingoan herriko musika bandaren zuzendaria izatea egokitu zaio: “Bonbardinoa eta klarinetea jo-tzen ikasi behar izan nuen orduan, eta orain, bandako zuzendaria naiz! Eskerrak lantalde izugarria dudan nirekin, musikaz apenas dakit ezer eta”, adierazi du Garatek. Gidoiaren nondik norakoak ere izan ditu hizpide: “Aupa Etxebeste-ren gidoia irakurri nuenean, zaila egin zitzaidan nire pertsonaia nora iritsiko zen asmatzea. Ez da elkarrizketetan oinarri-tzen den umorea, egoeretan baizik, eta ez zidan grazia handirik egiten, paperetan irakurrita behintzat. Grabazioan, ordea, oso ondo pasa genuen guztiok. Orain zuzendariak eta kideak ezagutzen ditut eta badakit nondik nora goazen. Grazia egin dit Agur Etxebeste-ren gidoiak eta oso polita iruditu zait, bai gure-tzat eta bai ikusleentzat, lehenengo pelikulari keinu asko egiten dizkiola ikusteak”.

Paco Sagarzazuk ere ez du hutsik egingo eta Luziano gorpuztuko du, familiako aitona. Hirugarren atala buruan, badu zuzendarien-tzako proposamena: “Ederra litzateke hirugarrena egiten dugunean Iñake Irastorza (Axun) eta biok elkartzea, ahal bada, bera zuriz”, dio barre artean. Aktoreen elenkoa osatuko dute, hain zuzen ere, Iñake Irastorzak Axun bezala eta Patxi Gonzalezek Ezenarro bezala. Pertsonaia berriak ere espero dira, baita aurpegi ezagunen hainbat kameo ere.

Zuzendarien ESTREINUA Esnalek kontatu duenez, Aupa Etxebeste! amaitzean Irusoinen proposamena jaso zuten istorioarekin jarrai-tzeko, baina euren norbanako proiektuei ekitea erabaki zuten. Denbora tarte honetan iritsi dira, besteak beste, Asier Altunaren Amama filma (2015) edota Telmo Esnalen Dantza (2018). Denborarekin, ordea, iritziz aldatu zuten. “Pelikulak hamar urte bete zituenean berriro galdetu ziguten Irusoin ekoiztetxekoek eta une polita zela pentsatu genuen”, dio zuzendari zarauztarrak. “Oso interesgarria iruditu zaigu bizirik dauden pertsonaia horiek 14 urteren ondoren berriz hartzea eta beste istorio batean kokatzea. Zertan dabiltza Etxebestetarrak? Nola aldatu zaie bizitza?”, galdetu du Asier Altunak. Mimo handiz gogora-tzen dute biek Aupa Etxebeste!, zuzendari bezala estreinua izan baitzen Esnal eta Altunarentzat. “Laburmetraia bezala hasi zen Aupa Etxebeste! eta zinemagintzan murgildu ahala, istorioa loditzen joan ginen”, azaldu du Altunak. “Lehen aldia izan zen guretzat film luze bat zuzendu eta horregatik kobratzen genuena”, kontatu du Esnalek.

Zuzendariak bat datoz komedia idaztea ez dela erraza esatean, eta lau eskurekin baino sei eskurekin idaztea beti dela aberasgarriagoa: “Zaila iruditzen zait komedia bakarka idaztea. Idatzitako paperak irakurtzen dituzu eta ez dizu graziarik egiten. Beldur zara sortutako horrek barrea sorraraziko duen ala ez. Alboan norbait edukiz gero, askoz errazagoa bihurtzen da dena”, azaldu du Telmo Esnalek. Hain zuzen ere, Agur Etxebeste! filmerako Nagore Aranburu gehitu zaie gidoilari gisa. Interpretazio munduan eskarmentu handia izatez aparte,Wazemank, Sorginen laratza edota Brinkola telebista saioetako gidoiak ida-tzi ditu Aranburuk.

Mugarria euskal zineman Historia hurbilean bada ere, Aupa Etxebeste! euskal zinemaren mugarritzat hartu behar dugu. Ramon Agirreren zinemako lehen antzezpen nagusia izatez aparte, bai eta Esnalen eta Altunaren lehen film luzea izatez gain, Etxebestetarren istorioak euskarazko film originalen itzulera ekarri zuen 2005ean. 11 urte ziren euskarazko ekoizpenik iristen ez zela zinema aretoetara, eta harrerari dagokionez ere, filmak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: Publikoaren Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, 11 astez egon zen aretoetan, eta ia 72.000 ikusle bildu zituen. Handia (2017) iritsi arte, euskarazko film ikusiena izan da Aupa Etxebeste!.