Bertsolaria eta sortzailea da Ane Labaka (Lasarte, 1992). Bat-batekoa nahiz idatzizkoa jorratzen ditu eta Erradikalak Gara izeneko emanaldi berezia ere sortu zuen iaz, Beatriz Egizabal ipuin-kontalari eta klownarekin batera. Horretaz gain, bertsolaritzaren transmisioan ari da lanean. Euskal Ikasketak ikasi zituen Gasteizen eta Gizarte Antropologiako masterra eta Ikasketa Feministena ere eginak ditu. Duela hiru urte hasi zen bertsolaritzan garatutako umoreak genero-ikuspegitik aztertzen eta lan horretan dabil oraindik. Txakur Gorria sormen kolektiboko kidea ere bada. Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik izeneko infografia landu duten bertsolari taldeko kideetako bat da.
Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Miren Artetxerekin batera hasi zinen ‘Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik’ proiektua lantzen. Nola otu zitzaizuen?
Laurok ari ginen generoa eta bertsolaritzari buruz gogoeta egiten -gutaz aparte jende gehiago ere bai, noski-, eta denok geneukan gogoa horren inguruan zerbait egiteko. Iazko abenduan, El Nadador eleberriari buruzko infografia bat argitaratu zuten El Pais egunkarian. Uxuek (Alberdi) hori ikusi zuen eta gainerakoei formatu bera erabilita zerbait egiteko proposamena egin zigun. Hasieran, Maialen Lujanbioren bertso ibilbideari buruzko infografia bat egitea pentsatu genuen, baina laurak elkartu ginenean, begirada pertsona bakar baten talentuan jarri beharrean, talde ekarpenari erreparatzea egokiagoa izan zitekeela ikusi genuen. Emakumeek oro har eta begirada feministak bertsolaritzari egindako ekarpena adieraztea erabaki kolektibo bat izan zen.
Gainera, infografiak berak aukera gehiago ematen zuen zerbait bisualagoa eta sortzaileagoa egiteko, ikerketa formatu soilak baino. Horrez gain, aukera eman zigun ordura arte bakarka egin genituen lan edo ikerketa horiek kolektibora edo talde lanera bidera-tzeko, eta asko motibatu gintuen.
Nola burutu duzue ikerketa?
Laurak elkartu eta kolektiboki guretzat mugarri izan zitezkeen momentuak, bertsoaldiak, bertso gogoangarriak, pertsonak, topaketak? zerrendatu genituen eta horiei forma ematen saiatu ginen. Hori zilegiztatzeko bertso munduko hainbat emakume bertsolari eta bertsozaleri eta baita mugimendu feministako hainbat kideri ere galdetegi bat bidali genien. Guk aurretik egindako hustuketa horrekin eta galdetegietatik ateratako erantzunekin, beraz, brainstorming moduko bat egin genuen, hori galbahetu genuen eta ideia nagusiak bildu genituen.
Zertan lagundu nahi du proiektu honek?
Batetik, ikusezina dena ikusarazten, oro har; hau da, bertsolaritzak azken lau hamarkadetan genero ikuspegitik zer bilakaera izan duen modu grafiko batean adierazten eta modu artistiko batean biltzen. Bestetik, genero ikuspegia bertsolaritzan txertatu denetik, kultur adierazpen honetan izan diren ekarpenak eta eraldaketak ikusarazten; hau da, pentsamendu eta praktika feministek emakume bertsolariengan izan duten eragina eta horiek bertsolaritzaren sisteman izandakoa ikusarazten. Beste helburuetako bat da bertsolaritzaren historia genero perspektibatik berrikustea eta saldu diguten errealitatearekin kritikoa izango den narrazio bat egitea. Bertsolaritzaren definizio berrien beharra adieraztea ere bai, eta azpimarratzea bertsolaritzako espektro guztia dela emakume bertsolariek kolektiboki egindako lanaren onuradun. Azkenik, eta helburu nagusi bezala, bertsolaritzan generoaren inguruan lanean gabiltzan emakumeon sarea sendotzen saia-tzea edo, behintzat, gure aletxoa jartzea horri ekarpena egiteko.
Eta bertsolaritzan genero ikuspegia txertatu denetik, nolakoak izan dira ekarpen eta eraldaketa horiek?
Garrantzitsua iruditu zaigu azpimarratzea, denbora tarte nahiko laburrean, eta emakumeei esker, aldaketa handiak gertatu direla eta aldaketa horiek ez direla ausazkoak izan, baizik eta kontzientzia, elkarlana eta sare-tze baten ondorioa. Horregatik egin nahi izan dugu prozesu horren kontaketa. Publikoki bertsotan egiten zuen emakumerik ez ezagutzetik emakume bertsolari belaunaldi oso bat plazetan ikustera igarotzea eta, gainera, emakume bertsolariak plazan lekua hartzeaz gain, begirada feministak bertsoetara ekar-tzea izan dira aldaketa nagusiak. Horrek bertsolaritzaren sistema osoa berrikusteko premia ekarri du.
Alde horretatik, esango genuke, bertsolari-tza gizartearen isla dela eta, aldi berean, gizartearen eraldaketarako tresna ere izan daitekeela. Horregatik bildu nahi izan ditugu denbora tarte erlatiboki labur honetan bertsolaritzan emakumeen lanari esker gertatu diren aldaketa, lorpen, bizipen, proiektu, bertso, saretze eta gainontzeko gertaera esanguratsu eta eraldatzaileak.
Orain dela 40 urtetik hona bertsolaritzan izan den bilakaera ikertu duzue. Zergatik urte tarte hori?
Duela 40 urtetik honako bilakaera azaltzen saiatu gara, iruditzen zitzaigulako hortik aurrera gertatu dena nolabait islatu behar genuela. Infografia ahaztuak izeneko kartel batekin hasten gara eta, horrekin, orain dela 40 urte baino lehenago bertsotan saiatu ziren eta egin zuten emakume ikusezin guzti horiei erreferentzia egin nahi diogu. Egia da ez daukagula apenas informaziorik, baina guk aurretik zetozen guztiei keinu hori egin nahi izan diegu eta aurrera begira jarri. Gaur egun bertso eskolan dabilen neska gazteari bera hor egoteko aurretik bide bat egin dela begi bistan jartzea izan da gure asmoa. Horrekin batera, bide horrek oraindik aurrera jarraitzen duela eta neska hori ere bide horren parte izan daitekeela erakutsi nahi izan dugu.
Zure ustez, berdintasunaren bidean, euskalgintza eta kulturgintzari dagokionean, non gaude gaur egun?
Orokorrean, nahiko zaila egiten zait erantzutea. Esan dezaket infografian biltzen den prozesu hau ez dela modu isolatuan bertsolari-tzan bakarrik eman. Batetik, bertsolaritzak, bere hurbileko ekosistema bezala, euskalgin-tza eta euskal kulturaren sortzaile eta kon-tsumitzaileak ditu, eta bestetik, feminismoaren eta bertsoaren arteko sinergia bertsolaritzaren baitan eman den prozesu horren akuilu izan da. Hainbatetan, noranzkoaren argigarria ere bai. Guk argi geneukan proiektuak hiru eremu horietako bidaideak behar zituela, horregatik izan ditugu hasieratik bidaide Argia, Berria, Jakin eta Lanku. Hiru hankako proiektu bat bezala ikusten genuelako
Bertsolaritzan, esan bezala, gero eta nabarmenagoa da emakumeen presentzia eta feminismoarekiko kontzientzia, ez ordea beste diziplina batzuetan... Ez duzu uste?
Ez naiz ausartzen beste diziplina batzuetan zer dagoen eta zer ez dagoen esatera. Egia da bertsolaritzan azken lau hamarkadetan galdera ikur asko ebatzi behar izan direla eta hiru motatako erantzunak behintzat eman direla: batetik, bertsolarien ibilbideak eran-tzun duela; bestetik, mugimendu feminista txertatu dela; eta, hirugarrenik, akademian egin diren zenbait lanetan bertsolaritza eta
genero ikuspegia aztertu dituztela. Hiru horiek bereziki gurutzatu dira azken urteetan. Horrez gain, baita praktika edo saio feministak eta bestelakoak ere, emakumeen topaketak, adibidez, ahalduntze bertso eskola izan daitekeena. Hilean behin hamabost bat emakume bertsolari honen lanketa egiteko eta bertsotan elkarrekin egiteko elkartzeak ere aldaketa bat ekarri du nahitaez, behar bat ikusi delako eta behar horri erantzuten saiatu delako.
Lau hamarkada atzera begiratu duzue oraingoan, baina nolakoa izan daiteke hemendik eta 40 urtera sortutako infografia bat?
Geroz eta gehiago izateagatik ez gara inondik inora gehiengoa. Oraindik ere datuek diote sei bertsolariko saio batean bi emakume daudela gehienez eta lauko batean aldiz, bakarra izan ohi dela, beraz, oso urruti gaude oraindik kontzientzia hori modu oso batean izatetik. Egia da gaien ikuspegitik ere aldaketa bat egon dela eta bertsolaritza sistema osoa ari dela nahitaez aldatzen pixkanaka, baina oraindik asko dago egiteko.
Infografian bide nahiko kronologiko bat egin nahi izan dugu: hasieran, mugarri edo harri garden batzuen bidez adierazita eta, bukaeran, berriz, geroz eta harri gehiagorekin, ani-tzagoekin, kolore eta forma desberdinekin. Horrekin, nolabaiteko leherketa bat islatu nahi izan dugu, hasieratik bukaerara definizio berri horietarantz. Hemendik 40 urtera poztuko nintzateke bukaerako leherketa hori are anitzagoa izango balitz, are zabalagoa. Horretarako, gure iraultza txikia egiten saiatuko gara eta eraldaketarako bidean jarraituko dugu. Zentzu horretan, infografiak eman dezake bidea horretarako. Guk genealogia bat dela ikusten dugu, beste bat izan zitekeen, beste asko, baina bai nahi izan dugu gure aletxoa jarri lehen aipaturiko ekarpen horretan.