Badira bi urte Nintendok mini kontsolak modan jarri zituela. 2016. urtean 8 bit-eko NES kontsolaren mini bertsio bat aterako zutela iragarri zuten, eta urte amaieran kaleratu. NES kontsolaren erreplika txiki honek kontsola honetako 30 joko famatu ditu, hala nola, Super Mario Bros 1, 2 eta 3, Double Dragon, Bubble Bobble edota Legend of Zelda famatua.

Kontsolak baditu baita HDMI irteera, orijinalaren erreplikak diren aginteak, jokoen-tzako filtro ezberdinak, partidak gordetzeko aukera eta beste hainbeste ezaugarri, honen kalitate handia egiaztatzen dutenak. Jokoak emulatuak dira, hau da, NES Miniak ez du NES originalaren hardware berbera eta, ondorioz, jokoak exekutatzeko hardaware hau emulatzen duen software bat darabil. Baina, emulazioa, orokorrean bikaina da. Ondorioz, gailu hau nostalgikoentzat oso erakargarria bihurtu zen, txikitako jokoetan gailu berri baten bidez jokatzeko aukera baitzegoen eta, gainera, prezio onean.

Gailuak arrakasta itzela izan zuen eta ondorioz, iaz, Nintendok SNES Minia atera zuen, formula berdina erabiliz. Honetan, Nintendoren 16 bit-eko kontsolaren erreplika atera zuten katalogoko 21 joko garrantzitsurekin. Gainera, inoiz argitaratu gabeko jokoa ere sartu zuten, Starfox 2, nostalgikoentzat are erakargarriago eginaz gailua. Kasu honetan, Nintendoren esfortzua txikia izan zen, NES Miniarekin egin baitzuten lan handia. Bataren eta bestearen hardwarea berdinak dira, menuak ere antzekoak... Orokorrean, Nintendorentzat ekoizpen gastu txikiagoa duen gailua da eta NES minia baino zertxobait garestiagoa. Beraz, mozkinak sortzeko gailu ezin hobea sortu zuen Nintendok.

Nintendoren esperientzia hau ikusita, gainontzeko konpainiakez zeuden geldirik egoteko asmotan, eta halaxe izan da, mugitu bai, mugitu dira. Segak, adibidez, Megadrive Mini bat izango dugula iragarri du. Ez daukagu datu gehiago, ez ze joko izango dituen ezta ze hardware-ren gainean muntatuko duten. Segak AT Gamesi egin zion kontsola ekoizteko enkargua, baina azken honen fama ez da batere ona horrelako gailuetan, eta Segak atzera egin du erabakiarekin.

SNK-k bere 16 bit-eko Neo Geo arcade kontsola famatuaren Mini bertsioa kaleratu berri du. Hauen kasuan, arcade makina txiki bat egin dute, bere pantaila eta guzti, eta Neo Georen bi aginteren bidez jokatzeko aukera ipini dute. Beraien borroka joko famatuenak sartu dituzte, baina beste mota batekoak (plataformak, akzio jokoak?) kanpoan gelditu dira. Hau dena 170€ inguruan dago salgai, eta esan beharra dago SNKren joko hauek denak beste plataforma askotan jokatzeko aukera izan dugula denboran zehar. Beraz, gailu interesgarria bada ere, oso nostalgikoa izan behar da horrelako gailu garestia erosteko “betiko” jokoetan aritzeko.

Azkenik, Sony PSX Classic kontsola kalera-tzekoa da, Gabonetarako. Aurreko kasuetan bezala, bere lehen Playstation kontsolaren erreplika txikia dugu hau. 100€tan salduko dute eta sartu dizkioten jokoak oso onak badira ere, orokorrean publikoa ez dute guztiz asetu, kontsolako saga famatu batzuk kanpoan gelditu baitira.

Hori gutxi balitz, kontsola probatzeko aukera izan dutenak diote emulazioanegargarria dela. Ez omen doa batere ondo, ez dituzte filtroak sartu, eta menuak oso sinple eta narrasak direla dirudi. Ikusi beharko dugu azkenean zer ateratzen duten eta kritika hauek arrazoizkoak diren hala ez.

Kontsola hauen errepasoa egiteaz gain, hausnarketa bat ere planteatzen du honek guztiak. Garbi dago bideo-jokozalea nostalgikoa dela eta horrelako gailuak erosteko prest dagoela (ni neu tartean). Baina gailu hauei kalitatea exijitu behar diegu. Ez da zilegi 20-30 urte dituzten jokoak bere horretan, gaizki emulatuak eta mimo gabe prezio altuan saldu nahi izatea. Nintendorenak arrakasta izan duten bezala, badirudi azken hauek ez direla hainbesterainokoak izango.

Hortaz, nostalgikoa bazara eta horrelako kontsolak gustatzen bazaizkizu, erosi aurretik kalitate minimo bat exijitu; bestela, konpainiek guztiz amortizatuak dituzten joko zaharrak behin eta berriz aldaketa gabe salduko dizkigute.