Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) badauka hitzak hautatzeko eta nahasteko gaitasun berezko bat, jaiotzetikoa dirudiena. Eta jaiotzetikoa dirudien hori ez da lanaren eta dekantazioaren fruitua baino. Poesia idatzi eta argitaratzearen heroikotasuna ohikotasuna bihurtu du Linazak, eta Balea Zuriakoak izan ditu konplize Lurra bere erro gorrira poemarioan, zeinak tap-tap euria legez bustitzen baitu, aski lirika dentsoan, bihotza.

Liburu honetan bere ibilbideko konstanteak ageri dira. Esaldi beraren xaramela bakoitza daki erabiltzen, eta konpultsiboki idazten duena -nahinoz eta nahinon- galbahetik pasatzen du gero, erritmoa, distira, eite klasikoa emanez: “Hasi eta buka: tarte horretan/ gaude, bitarte horren baitan,/ bizi garen eta bizi dugun bitartean./ Itzala gauk eta geuk itzala,/ elkarri arnas emanez,/ oro itzaliko den egunera arte./ Hori baizik ez eta hori guztia gara, eman diguten eta ematen dugun argia,/ jaulki genuen garrasia haizetean,/ besteon mina hezurretan,/ auzo-musuen zuritasun biluzia,/ eresi guztien miraria eta etxea”. Eta horrela, serios eta zehatz, landu du goitik behera Lurra bere erro gorrira hau.

Karlos Linazasoro zentzu honetan berriro dator artisau, berriro berri-tzaile. Estilo jakin bati eransten dio, lanik lan, ukitu berezia. Oraingoan heriotza gustu bat, lore hilena. Bestalde, badauka bere poesiak -izan aforismoa, izan arnasa luzekoa, izan neurri eta errimaduna- belarriari ezagun egiten zaion kadentzia bat. Beti erreka berberaren eta ur berriaren istorioa da berea: “Hor badago beste zerbait; batzuek filosofiari eusten diote, beste batzuek erlijioari, eta beste batzuk poesian ikusten dugu horra heltzeko bidea. Ezer berririk agian ez badago ere, agian hori da kontua: ahaztu ditugun gauzak berriz begien aurrean jartzea”. Liburuaren aurkezpenean Horazioz gogoratu zen: “Konturatu naiz, mende asko beranduago, gauza berdinez ari garela, modu ezberdinetan, baina gai berberak direla”.

Zohargiaren zilarra, Dena isiltzen denean, Begiaren loreak eta Negu ilunagoan burdina? atalak eurak ere natura beti konstante beti aldakorraren ispilu dira. Linazasororen soiltasun neurtuak eta hunkiberatasunak, ostera, betiko gai horiek aberastu eta edertu egiten ditu, inoiz ilundu eta malenkoniaz bete ere bai: “Zingirari begira nago euripean./ Urak belazeak hartu ditu,/ elurra antxintxika dator negarrez nigana./ Urtarrileko azken egunak dira./ Inoiz ez bezain bare dago dena,/ isiltasuna ur-loak bahituta dauka./ Harri bat daukat eskuetan -zeruaren azala-/ eta jaurtiko banu, urdin-urdin,/ hautsi egingo nuke ura,/ hustu egingo nuke hitzen emaria,/ hil egingo nuke une bakan honek/ marrazten digun ispilu bizirakoa”.

Begien bistakoa idatzi du beraz Karlos Linazasorok berriro. Bihotz begien bistakoa, alegia: modernisten urdina, surrealisten zentzumen-nahastea, erromantikoen natura? baliabide ugari eta tonu sakona erakusten ari da urteokaz Gaur orain da betiko, Hamazazpikotan, Ezer gehiago behar gabe, Zerua beti beherago dago eta beste hainbeste lan poetiko idatzi dituen Karlos Linazasoro. Obra izan minorea zein hau bezalako lan mardula, beti ohoratzen du poesia.