Zer egiten du gure gizarteak langilegoarekin?”, galdera horretatik abiatu zen Ximun Fuchs (Larzabale, 1974) Non izenburua duen bere lehen film luzea izango zenaren gidoia idazten. Zinemagileak “aspaldiko ametsa erail” zuela dio; erail, bere desira bat errealitate bihur-tzeko, alegia. “Amets batengatik eman dugu saltoa oholtzatik pantaila handira”, kontatu du. Orain arte antzokietan ikusi dugu Fuchs, bai aktore eta bai zuzendari lanak egiten. Le Petit Théâtre de Pain an-tzerki taldean ibilitakoa da eta Hamlet eta Francoren bilobari gutuna antzezlan arrakastatsuak zuzendu ditu, besteak beste. “Langilegoaren gaia Hamlet-en jorratu genuen”, dio. Orain berriz, “beste urrats bat” eman nahi izan du eta gai bera landuz, fikziozko istorio bat dekoratu erreal batekin sortu du. “Zinemaren magia zer den deskubritu nahi nuen”, gaineratu du.

2015ean ekin zion Fuchsek pelikularen gidoia idazteari. Hain justu, une horretantxe, Frantziako estatuan atorraren istorioa gertatu zela kontatu du: “Air France hegazkin konpainiak 2.900 langile kaleratuko zituela iragarri zuen eta zuzendaritzako kideak sindikatuekin negoziaketetan bilduta zeudela, langileak bertan sartu eta konpainiako agintariei alkandorak urratu zizkieten; erdi biluzik atera behar izan ziren bilera horretatik, sekulako iskanbila sortu zen”.

Gertatutakoa kondenatzeko, It’s not about France, it’s about stupid people gerora famatu bilakatu zen esaldia bota zuen orduan ekonomiako ministroa zen Emmanuel Macronek, gaur egun Frantziako presidente denak. Une horretan konturatu zen Fuchs Non filmaren funtsaz: “jendea mespretxatua sentitu zen, mundutik kanporatua, langile frantsesak zirenak jada ez ziren frantsesak, ez zeuden munduan, umiliazio oso gordin eta bortitz bat pairatu zuten” eta horren inguruan fikziozko istorio bat lantzen saiatu zen Fuchs. “Langilegoak ere merezi duelako bere fikzioa, asmakizuna, ametsa eta kexa sublimatzeko molde bat”, adierazi du zinemagileak.

EZLEKU BATEN FILMATUA

Filma grabatzerako orduan, Okzitaniako Capdenac-Gare hiria aukeratu zuen Fuchsek bere istorioa kokatzeko. “Askotan egin dut antzerkia hiri honetan eta bertako jendea eta eragile kulturalak ezagutzen ditut. Programatzaileak oso lan berezia eta fina egiten du bere herriarekin. Ekimen ugari antolatzen ditu artista eta tokiko jendearekin, baina hau izan da pelikula batekin egiten zuen lehenengo aldia”, kontatu du zinegileak. Gainera, bere esanetan, hiri horrek transmititzen duen irudiak “xarma berezi” bat du: “hiri txikia da, munduan galdua, eta inori interesatzen ez zaiona, ez da Euskal Herria hain indartua duen nortasun irudi batekin, ezleku bat da, lanaren inguruan eraikia izan den hiri bat, hots, trenbide gurutze handi bat egiteko eraiki zuten hiria da”, adierazi du Fuchsek.

Non filmatzeko, beraz, hainbat herritarren parte-hartzea izan zuten. Fuchs-ek kontatu duenez, atez ate joan ziren jendeak bere denbora, irudia, izaera, etxea, kotxea, arropa? pelikularako oparitu nahi zuen galdezka, eta aitortu du denek eman zutela ahal izan zuten guztia: “Denek eman dute dena, horrek jendearengan, humanitatearengan esperan-tza handia ematen du. Esaten da jendea itxia dela, ez duela ezer nahi eta ez dagoela ezertarako prest, baina ez dut uste horrela denik, jendea asko emateko prest dago”.

Filma frantsesez grabatu zuten. “Ez genuen hizkuntza hautatu, lurralde batean gertatutakoa kontatu nahi genuen eta lurralde horretan frantsesez hitz egiten da. Bertako aktore askok parte hartu zuten, ia 500, eta horietako 480 hangoak dira, gainontzeko 20ak aktore profesionalak dira eta guztien hizkun-tza frantsesa da”, azaldu du Fuchsek.

Fuchs-ek Eñaut Castagnetekin batera zuzendu du filma. Bientzako lehen lan luzea izan da: “Abentura bat izan da guretzat, lehen aldiz Ameriketara joatea bezala, zerbait berria, handia, pozez, euriz, ekaitzez eta itsaso lasaiez betea. Horrek indar nahikoa eman digu beste pelikula batean pentsatzen hasteko”.

BIDEA EGINA

Joan den urtean estreinatu zuten Non filma Zinemaldiko Zinemira sailean eta bertan Euskal Gidoi Onenaren saria jaso zuen. Ipar Euskal Herrian ere aspaldi heldu zen zinema aretoetara. Frantziar estatuan ia 60 aretotan eskaini dute eta, Fuchsen arabera, askotariko iritziak jaso ditu. Jendeak orokorrean horrelako zerbait ez zuela espero aipatu du eta “barrua asko mugitzen duela, onerako, beldurrerako, galderarako?” Oro har, eta nahiz eta drama bat izan, “ikusleek barre asko egin izan dute istorio krudel honekin”.

Hego Euskal Herriko aretoetan dago orain Non ikusteko aukera, bertsio originalean eta gaztelaniazko azpitituluekin.