Ikusgarria da nola iraultzen zaren. Jaitsierako azelerazioa, adrenalina txute bat, jaun eta jabe zarela sentitzea unetxo batez eta? Patapum! Estropezu egin eta oreka mantentzeko borroka hori eten egiten da bat-batean. Aurrerantz erori eta jaitsieraren bigarren zatia hasten duzu; inolako kontrolik gabe. Bizkarraren gainean hiru bira ematen dituzu, taula bat oinetara lotuta, zerua bi aldiz ikusi eta beste hainbatetan jotzen duzu lurra. Itzulipurdi hirukoitza. Hautsetan biraka amai-tzen duzu, kroketa baten moduan, glamourra eta duintasuna galduta, errautsezko laino batean. Eta hala ere, hautsaren lausotze horrek ere ezin du zure erorialdi baldarra disimulatu. Behintzat, ez da mingarria izan. Ez dago arriskurik, ez dago itsas korronte edo elur-jausien beldurrik. Kolpea biguna da.

Dunaren atzean, bide erdian trabatuta. Ez aurrera, ez atzera. Desertu batean harrapatutako eskiatzaile batek eman dezakeen irudi bitxia. Harez betetako urpekaritza edo elur betaurreko handi batzuekin; dunaz, harriz, sumendiz eta haran mortuz betetako eremu amaigabe baten erdian. Horrekin guztiarekin, abentura-kirol honek barre asko eragiten du hasiberrien artean. Barre egin eta harea irensten duzu. Harea landugabe eta gogorra, planeta osoko basamorturik idorrenean sedimentatua, Atacamako basamortuan. Erregistroen arabera, eremu batzuetan ez da ur tantarik erori 400 urtetan.

Beste edozein kiroletan bezala, harean surf egiten den lehen aldian eragin handia dauka pertsonaren aldez aurretiko esperientziak eta trebetasunak, mugimenduan arintasun eta koordinazioak, norbere gorpu-tzarengan daukagun kontrolak. Nire kasuan, bat ere ez. Baldarra naiz. Baina hareazko dunetan surf egin edo eskiatu dudala esan dezaket. Kirol entretenigarri honen izena sandboard da eta Txileko iparraldean baldintza ezin hobeak ditugu hori praktikatzeko.

ASPERDURATIK SORTUA Beste askotan gertatuko den moduan, asperdura eta buru-azkartasunak eraginda sortu zen kirol hau. Surfarekin ere halaxe gertatu zen. Javier Artechek, 60ko hamarkadan Donostian surfa bultzatu zuenetako batek, kontatu zidan asperdurak eraginda hasi zirela olatuak hartzen. Izan ere, Pirinioetara eskiatzera joatea zuten benetako pasioa, baina udan ez zeukaten aukerarik. Bere anaia Iñaki (egun 85 urte dituena) eskiatzaile aparta, eskultorea eta mendiko gida zen. Aldizkari batetik hartu zuen surfaren ideia eta taula bat egin zuten. Modu guztiz artisauan egindako tramankulu deseroso bat zen, baina horrekin hasi ziren surfean.

Antzeko zerbait gertatu zen sandboarding delakoarekin 80ko hamarkadaren hasieran. Santa Catarina uharteko surflari brasildar ba-tzuk, Florianopolis estatuan, hondartza inguruetako dunetan behera ibiltzen hasi ziren, olaturik ez zegoen egunetan itsasora irten ezin zutela eta. Aldi berean, Europan, skate eta snowboard diziplinek gero eta zale gehiago zituzten, eta uda garaian bati baino gehiagori bururatu zitzaion antzeko alternatibak bilatzea.

Skater eta surflari aspertuen erokeria hori mundu osoan zabaldu zen. Erraza eta arriskurik gabekoa zenez, Frantziako Landetatik Peru, Txile, Ekuador eta Afrikako Namibiako dunetara ere zabaldu zen. San Pedro de Atacaman, Txileko iparraldean, Andeetako mendilerroa Ozeano Pazifikoarekin lotzen duen lur zati lehorra turistentzako erakargarri bihurtu da. Felipe Soler da horietako bat: 25 urteko gazte txiletar bat, Coyahique izeneko hegoaldeko herrixka batekoa, justu herrialdearen beste muturrean, Txileko Patagonia eta Antartidatik gertu. Orain ikusten ari garenaren guztiz bestelako paisaia. Felipe bi lagunekin etorri da egun batzuk pasatzea. Hainbat herrialdetako beste ehunka gaztek ere hala egin dute.

“Uste duzu merezi duela esfor-tzuak?”, galdetu dit Felipek, harean zehar baldarki ibiltzen goazela. Urrats bakoitza geldoa eta itogarria da. Hareazko mendiaren gailurrera heldu behar dugu berriro, beste jaitsiera txiki bat egin ahal izateko. Kirol honen desabantaila hori da, momentuz: deserosotasuna. Ez dago teleaulkirik, ezta pistaren hasierako lekura eramango zaituen bestelako tresna mekanikorik. Ezin da hondartzara korrika itzuli, hareatik arrastaka ibili behar duzu eta duna erraldoietara oinez igo.

Hori bai, gora heltzean ikuspegia paregabea da: Eguzkia sartzear da. Licancabur sumendia ikusten dugu zeru gorrixkan. Elurra kolorez alda-tzen doa kraterraren goialdean. Hodei bat harrapatua gelditu da gainean. Behean Valle de la Luna izenekoa ikus dezakegu. Haizeak leun jotzen du eta zurrunbilo eta formak sortzen ditu harean. Bai, merezi zuen hona igotzeak. Paisaia honen irudia gugan gordeko dugu beti. Egunaren amaieran, dutxa bat hartu eta belarrietatik, atzamar eta azazkalen artetik eta imajina dezakezuen bestelako zirrikitu guztietatik harea atera-tzen jarraitzen dugu. Itzela izan da!