Iparraldeko bost sortzaileren “kezka eta interes” partekatutik jaio da Gastibeltza ekoiztetxea. Zinea egiteko egiturak sortu behar direla ondorioztatu dute, orain arteko eskasiari aurre egiteko. “Historiari errepasoa ematea baino ez dugu, hemen askorik sortu ez dela konturatzeko”, dio Josu Martinez zinemagile eta Gastibeltza proiektuko kideak. Harekin batera, Ximun eta Manex Fuchs, Eñaut Castagnet eta Katti Pochelu dira ekoiztetxeko kideak. Zinema eta antzerki munduan ezagunak, bostek dute elkarren lanen berri, eta baita elkarrekin egindako proiektuak ere. Horixe izan da Castagnet eta Ximun Fuchsen kasua Non filmarekin, zinema-zuzendaritzan estreinatu baitziren biak. Orain, Gastibeltza ekoiztetxearekin, Hego Euskal Herriko zinema aretoetara eramango dute. Joan den urtean Zinemaldian estreinatu zen Non.
“Orain momentu ona izan daiteke ekoiztetxe bat sortzeko, gauzak aldatu direlako eta tresnak behar ditugulako behar bati erantzuteko”, azaldu du Josu Martinezek. Gastibeltza ez da Ipar Euskal Herriko zinema egitura bakarra, baina bai bakarrenetakoa. Gabarra banatzailea eta Urruñako La Fidele ekoiztetxea daude, esaterako. Kanaldudek ere oraintsu lortu du telebista difusore estatutua eta horrek ahalbidetuko dio filmak erostea. “Finantzabide bat sortzen da filmentzat Iparraldean”, argitu du Martinezek.
Horrekin batera, euskararen ezagu-tzak gora egin du eta euskaraz dakien sortzaile belaunaldia dago orain. “Orain dela gutxira arte kasik ezinezkoa zen zinema egitea; orain, ez dakigu ziur zer gertatuko den, baina saiakerak, behintzat, badaude”, dio Martinezek. Joan den urtean sortutako Euskal Elkargoa ere aipatu du zinemagile bilbotarrak, politika publiko berriak egon daitezkeelako euskara eta euskal kulturari dagokionez.
Ekoizpenetik banaketara hartzen duen zinema enpresa izan nahi du Gastibeltzak, eta hutsune hori bete-tzeko jaio da. Horregatik, egoera onena ez den arren, “ikus-entzunezkoen inguruko ekosistema bat osatzeko lehen urratsetan egon gaitezke”. Filmak egiteko osagaiak egon badaude, baina “sukaldaria” falta dela uste du Martinezek. “Huts hori bete nahian sortu dugu Gastibeltza. Finantziazioa lortzea ere oso zaila zen, eta orain ate bat zabaltzen ari da”.
Senperen kokatu dute ekoiztetxea, baina ez dute Iparraldera mugatu nahi, Euskal Herriko ekoiztetxea izan nahi duelako Gastibeltzak. “Ez gara Iparraldeko ekoiztetxe bat, hemendik aritzen gara, baina euskal zinema da gure helburua”, dio Martinezek. Bide horretatik, Frantzian bilatuko dute finantziazioa, baina ez dute Iparraldeko zinema egin nahi. “Euskal Herri osoari begira egiten dugu euskarazko eta euskal zinema, ez bereziki Iparraldeari begira”, zehaztu du.
Sortu, ekoitzi eta banatu nahi dute. Sortzaileak dira bostak eta, lehenik eta behin, haien proiektuak ekoitzi eta banatzeko erabiliko dute sortu berri duten ekoiztetxea. Haatik, proposamenetara irekita daude eta haienak ez diren filmak ere ekoitziko dituzte. “Proposamenen eta gure ahalmenen arabera ariko gara. Printzipioz, guk euskarazko filmak bultzatu nahi ditugu, baina horrek ez du esan nahi, adibidez, oso interesgarriak iruditzen zaizkigun beste hizkuntza batzuetan egindako proposamenei ezetza emango diegunik”.
Martinezek aitortu duenez, “beharrezkoa” zen horrelako egitura bat sortzea, “eskaera handia” dagoelako. Orain dela gutxi sortu da Gastibeltza baina hainbat proiektu ezin izan dituzte bere gain hartu. “Horrek erakusten du bazegoela gose bat, ur azpian zegoen zerbait”. Egun, lau film dituzte esku artean, gehienak koprodukzioak, Hego Euskal Herriko edo Frantziako ekoiztetxeekin elkarlanean. Proiektuak badaudela argi du Martinezek. Zailagoa da, ordea, guztien-tzat nahikoa diru lortzea. Euskal zinema “inoizko egoerarik onenean” dagoela ez du dudarik, baina “tentuz ibili beharra” defendatzen du: “Distantziarekin ikusi behar dugu, eta ohartu behar dugu oraindik badirela gauza asko hobetzeko; baina, nondik gatozen ikusita, egoera ona da”. Hego Euskal Herrian zinemaren inguruan “mugimendua” dagoela adierazi du, eta Iparraldean urratsak ematen ari dira. Ekosistema osatzen ari dira.