Izenburuko hitz horiekin hasten da Wislawa Zsymborska poeta poloniarrak idazle izan nahi zutenetako bati idatzi zion gutuna. 1960ko hamarkadan Zycie literackie (Bizi-tza literarioa, euskaraz) deituriko aldizkarian kolaboratzen zuen, eta beste kide batzuekin batera sail berri bati ekin zioten, Literatur posta deitu zutena, non idazle gogoko edo usteko irakurleek euren lanak bidaltzen zizkieten, eta haiek aldizkarian ematen zuten argitara lanei buruzko iritzia. Iritzien antologia bat argitaratu du espainolez Nordicalibros argitaletxeak, Correo literario izenburupean. Zsymborskaren poeta ospea sustraitua zen Polonian, baina 1996an eman zioten Nobel sariak bihurtu zuen ezagun mundu osoan. Euskal idazle askok ere aipatu izan du idazle poloniarraren eragina, eta haren poemak erabili euren dibulgazio lanetan.
Eta zergatik udaberria? Bada, udaberriro ikaraturik egoten baitira aldizkariko erredakzioan. Udaberrian neskatxa krudelek poetaz alda-tzen dute, eta poema uholdeak iristen zaizkie zeraz beterik: erruduntasuna, erabaki bortitzak, samintasuna, promesa mengelak? Dena oso gizatiarra eta xarmanta, baina “harritzekoa al da udaberriro zehazten zaila den ikara batek hartzea erredakzioko bihotz barrenak?”, galdetzen du poetak ironiaz. Apunte honek barrenak irazeki dizkit, neu ere sentitua bainaiz udaberrietan poemak idatzi behar uholdetsu bat, izana naiz udazkena heldutakoan higatzen ziren testuen idazle.
Kronikak oso umoretsuak dira (jakin beharko genuke haien hartzaileen iritzia, noski), baina baita patetikoak ere, euren lanak bidaltzen dituzten idazle gazte eta ez hain gazteek dauzkaten jarrerengatik. Batzuek handiuste itzelak dira, “Rimbauden sindromea” deitzen dio Zsymborskak: “Hamasei urteko idazle gehienek dakite, oro har, Rimbaudek haien adinerako idatzi zituela poema jenialak, beraz, zergatik izango dira eurenak eskasagoak?”.
Beste batzuek mehatxu larriekin idazten zieten: “Esaidazue, mesedez, nire testuek ba al duten balio izpirik, zeren, bestela, berehala apurtuko ditut, bota, nire loriazko ametsak abandonatu, sufrituko dut, fedea galduko neuregan, hondoratuko naiz, edanari eman, ea ea”. Batzuek azkar erantzuteko ere eskatzen zieten, bestela izugarrikeriaren bat gertatuko zela eta.
Aipatzen du beste gutun multzo bat, zeinak akats ortografikoz beterik datozen, orri narratsetan, edozein moduz aurkeztuak. “Irakurtzen jarraitzeko gogoa kentzen dute, sentiberatasun estetiko eskasa ageri dute, eta errespetu gutxi egilearen aldetik bere lanarekiko. Oraindik ez da kasu bat eman, halako gutunez lagunduta datorren lan batek gure mirespena bereganatu duenik”. Mamia eta mamiaren aurkezpena zein loturik dauden demostratuz bezala.
Beste batzuetan gutun luzeak jaso-tzen zituzten, baina ezer esaten ez zutenak, erretorika hutsez beteak, eta, tamalez, berriro mamiak aurkezpen formarekin duen lotura berretsiz, literatur lanak ere halakoak ei ziren. Horrela 236 erantzun labur, zorrotz, umoretsu eta sakon. Literatur lezio bikainak pilula txikietan, erruki gozo batean bilduak sarritan, hobe delako hasieran jaso zauri txiki bat, eta ez gero kolpe handi bat.
Ingurukoek egin dezaketen kalteari (“hau oso ona da, argitaratu behar zenuke”) norberaren iritzi estetiko falta gehitzen zaionean, ez baita ikusten ahal begi urdindun neskatxa ederrari gustatu zi-tzaizkion poemak ez zirela eder beste inorentzat.