Euskal literaturaren erdigune izan zen behinola Lapurdi, eta Sarak, zehazki, XVII. mendearen lehen zatian sona handiko idazleak bildu zituen, Axular denen buru. Orduko loraldia apaldu da, baina oraindik ere euskaraz mintzatzen dira Larrun mendiaren magalean. Hain zuzen ere, inguru hartako euskara eta euskaldunak ardatz dituzten bi liburu agertu dira udaberrian.
Batetik, Koldo Zuazo hizkuntzalariak Sarako euskara argitaratu du, herri hartako hizkeraren deskribapen zehatza, hiztegi eta guztikoa. Saran egindako egonaldietan bertako euskaldun andana ezagutu ditu eta haiek emandako azalpenetan oinarritu da. Bestetik, Xabier Elosegik Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean lana plazaratu du, Lapurdi 1609 elkartearen eskutik. Euskarazko agiri zaharrak aurkitu ditu eta duela hiru mende euskarak bazuela nolabaiteko ospea ondorioztatu du.
Sarako, Senpereko eta inguruko hizkuntzak elkarren antzekoak dira eta, euskararen barruan ere, ez direla batere exotikoak azaldu du Koldo Zuazok: “Sara Euskal Herriko erdigunean dago, alderdi horretako hizkeretan oinarritu da euskara batua eta, horrenbestez, ezaguna egiten zaigu”. Berezitasun handiena nor-nori-nork aditz-sailean aurkitu du, nor-nork balira bezala egiten baita: eman dizut-en ordez, eman zaitut entzuten da saratarren ezpainetan.
Iraultza Frantsesaren aurretik, herritar arrunten eguneroko tresna ez ezik, goi mailako zeregin batzuetarako hizkuntza ere bazen euskara Lapurdin, neurri batean behintzat. Xabier Elosegik dio euskarak bazuela “prestigioa” zenbait arlotan. Liburuan 1742 eta 1782 bitarteko testuak bildu ditu, 68 agiri guztira, luzeak batzuk, laburragoak besteak. Testamentuak, salmentak, inbentarioak eta abar aurkitu ditu, denak Senpere, Ahetze, Arrangoitze, Sara eta alderdi horretakoak.
Basoko ondasunak erregistratzeko agiriak euskaraz egitea oso ohikoa zela jakinarazi du Elosegik: “Basoetan zer zegoen, zuhaitzak, lur-sailak... hori dena euskaraz idazten zuten”.
Nolanahi ere, baikorregia ez du izan nahi, “eskolatuak gutxi ziren, hortaz, gehienek euskaraz irakurtzen ote zuten? Ez naiz hain segur”.
INDAR SOZIALA GALDU Koldo Zuazok azaldu duenez, Ziburu eta Donibane Lohizuneren indar ekonomikoa apaldu ahala, Lapurdiko hego-mendebaldeko euskarak ospea galdu zuen. Belaunaldiz belaunaldi igarotako hizkuntza ahulduta iritsi da gaur egunera. Elosegi eta Zuazo ondorio berera iritsi dira: “Haustura” dago belaunaldi zaharren eta gazteen artean. “Saran, zaharren eta gazteen euskarak bi dira”, dio Zuazok. “Frantsesaren eragina nabaria da gazteen artean, hitzetan, ahoskeran zein sintaxian; adineko jendearen euskara betiko euskaratik hurbilago dago”.
Elosegik haustura hori etxe barruraino heldu dela ikusi du: “Haurrak amatxiri esaten dio hori ez da horrela esaten, berak beste molde bat ikasi duelako”. Bere ustez, bizimodu modernoan “indar soziala” galdu du euskarak, frantsesaren mesedetan, eta horrek ataka gaiztoan jarri du transmisioa. “Lehen jende asko etortzen zen Pirinio aldetik lanera eta euskaraz ikasten zuten, inguruak behartuta”.
Euskara batua hobeto ezagutzen dute belaunaldi berriek, eta horrek fenomeno bitxia sortzen duela ikusi du Koldo Zuazok: “Gauza batzuetan haien eta Hegoaldeko gazteen arteko hizkera berdinagoa da, batuan hezi direlako, eta beste gauza batzuetan desberdinagoa, frantsesa eta gaztelania sartu direlako toki bakoitzean”.
Zailtasunak zailtasun, Saran behin-tzat, euskara “pixkanaka suspertzen” ari dela sumatu du hizkuntzalari eibartarrak. “Asko galdu da aurreko belaunaldietan, baina une honetan ikastolak indartzen ari dira eta euskara begirunea eta duintasuna lortzen ari da”.
Sarako euskara libururako materiala biltzeko, herritar ugarirekin harreman estua izan du Zuazok, eta galdutako transmisioa nola berreskuratu den ikusi du. “Etxe askotan gertatzen da aitatxi-amatxiak euskaldunak izatea, seme-alabak ez, eta bilobak euskaldunak. Aitatxi-amatxiek bilobekin euskaraz egiten dute”.
Sarako berezko euskara betiko galdu edo nabarmen kamustuko dela ziurtzat jo du Zuazok. Euskarak berak iraun egingo duelakoan dago, ordea. “Lan luze eta nekeza dago egiteko, baina gauzak zentzuz egiten ari direla iruditzen zait”. Larrunen magaleko euskaldunen geroa ziurtatzeko eta “euskararen erabateko suspertzea gauzatzeko”, dena den, Parisetik datorren hizkuntza politika aldatu beharko dela uste du.