HIROMI Yoshida ezaguna da Japoniako literatura gurera ekartzen. Takiji Kobayashiren Nagusia kanpoan bizi da itzuli zuen iaz Katakrak argitaletxearekin, eta oraingoan irakasle eta itzultzaile honek paratutako poema antologia bat dakargu orrialdeotara: Chuya Nakahararen poema zenbait, Munduko Poesia Kaieren baitan Susak argitaratua.
Itzultzaile lanetan ibili den Hiromi Yoshida euskara irakaslea da Tokion, euskara ikasteko metodoa asmatu du japoniarrentzat, eta ezaguna da Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonierara ekarri zuelako. Yoshidak Chuya Nakahara deskubritu digu beraz, Beñat Sarasolak hitzaurrean dioen moduan, hanka bat korronte surrealista berrietan eta bestea tradizioan zeuzkan poeta: “Haren poemetarik hainbat postal modukoak ditugu, istant baten erretratu poetiko laburzehatzak, eta nahiz eta ez egon emanak neurri klasikoetan, poesia tradizional horren usaina aditzen da berehala. Deigarria da halaber poemetan azaltzen den denboraren kontzientzia; gauzen ahitzea eta denboraren igarotzea gai nagusietakoa da, eta esaterako, sarri erabiltzen ditu urtaroei egindako erreferentziak”.
Nakahara Yamaguchiko hirian jaio zen 1907an. Bere izena daroan poesiako sari literarioa ematen dute Yamaguchin urtero 1996tik. Dadaismoak erakarrita hasi zen idazten ikasle gazte zelarik eta, estilo berezi baten jabe, Nippon Unibertsitatean bor-bor zegoen giro literarioan nabarmentzen hasi zen. Athénneé Françaiseti eta Tokioko Kanpoko Hizkuntzen Unibertsitatetik igarota are nabarmenago bihurtu ziren bere estiloaren parte garaiko abangoardiak. Sinestesiaren, hotsen eta bulkaden poeta bihurtzen ari zen Nakahara: “Orain, neguko gau beltzaren sakonean,/ euria zarra-zarra ari du eta,/ nire amaren gerriko gaineko lokarria/ euriak eraman, eta zimelduta geratu da:/ jendearen gupidak/ noizbait izango ote zuen kolore laranja?”. Sasoi goiztiar horretakoak dira Lau urtaroak eta Ergelen artaldea aldizkarietako kolaborazioak. Chuya Nakahara, apurka-apurka, sinbolismorantz egiten hasi zen. Baudelaire.
Rimbaud. Behar bada larriminari eta oinaze espiritualari bide egiteko formak aurkitu zituen sinbolismoan. Bizitzaren aurrean adoregabe, gogo barik igartzen zaio poetari. Dena da beretzat, uneka, antzua: “Ilargia diz-diz/ Ilargia diz-diz/ Hara, Testilis eta Aminta/ Atera dira belardi gainera/ Gitarra ekarri dute/ Baina jotzeko asmorik ez”.
Meningitisak jota 30 urterekin hil izan ez balitz norantza egingo zuen bere poesiak? Nakaharak aski gaitasun erakutsi zuen japoniar poesia betikoa eta korronte desberdinak nahasteko zein eboluzionatzeko, baina heriotza goiztiar horrek malditismora lotua utzi zuen betiko. Bohemia, parranda, bere poemen belztasuna, gaitza ikusteko zuen joera eta munduaren ikuskera? horiek dira bere marka: “Maite duguna hiltzen denean/ geure buruaz beste egin beharra dago./ Maite duguna hiltzen denean/ ez dago beste aukerarik.// Baina hala ere geure karmaren aginduz,/ biziraun beharrean aurkitzen bagara/ guztion onerako bizitzen jarraitzea da bidea,/ guztion onerako bizitzen jarraitzea da bidea”. Halakoxea egingo zaizu zuri ere liburua: errainu ahul bat ikusiko duzu akaso han edo hemen. Baina iluntasunaren beraren distira baino ez da.