Euskarazko ikus-entzunezkoen urteko uzta ezagutaraztea du helburu Laburbira egitasmoak eta horretarako bilduma oparoa prestatu dute aurten ere Euskaltzaleen Topaguneko kideek. Jasotako proposamen guztien artean, orotariko generoak lantzen dituzten 8 film labur aukeratu dira aurtengo ediziorako: animazioa, dokumentala, fikzioa, lan esperimentalak? Guztien artean 77 minutuko proiekzio entretenigarria osotu da publikoari eskaintzeko.
Aukeratutako zortzi filmak Euskal Herri osora zabalduko dituzte eta, ikusteke dago, iaz egin bezala, gure lurretatik kanpo ere erakutsiko diren. Izan ere, iaz, Euskal Herriko 29 herritan emanaldiak egiteaz gain, New Yorken, Londresen eta Parisen ere izan ziren proiekzioak.
Hauexek dira XV. edizioan ikusgai egongo diren filmak eta sortzaileak:
‘Ilunpetan’ (Koldo Carranza, 5’)
Lea da drama erromantiko honen protagonista. Ilunpetan, bere gelan, Leak neska batengan pentsatzen du. Neskak elkartu daitezen proposatzen dionean, Leak erabaki beharko du bere sentimenduak argitara aterako dituen ala ez. Koldo Carranzak (Donostia, 1990) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Zuzendaritzan espezializatu zen. 2015ean Euskal Herriko Zinema Eskolan Argazkilaritza Zuzendaritzan diplomatu zen. Gaur egun Bilbon bizi da eta bertan garatzen ditu bere proiektuak.
‘Night Shift’ (Izaskun Arandia, 15’)
Gaua heldu da Donostiako La Paz auzo txirora. Meryk zigarroari azken zupadak eman dizkio, sorterrian utzi behar izan zituen seme-alabez oroituz. Garbitzaile aritzen da antzoki batean, gaueko txandan. Antzezlana amaitu ostean iritsi da, baina gaur sekula garbitu ez duen leku batera sartuko da: aktoreen kamerinora. Izaskun Arandia Publizitatean lizen-tziaduna eta Gidoigintzan masterduna da. Hamabost urtez telebista eta zine produkzioan lan egin du. 2010ean Izar Films sortu zuen eta Agur esatea bere lehen film luzea ekoitzi zuen. Gaur egun hiru dokumental garatzen ari da: My Way Out, Lander Garroren Intsumituak eta Iban del Camporen Glittering Misfits.
‘Higadurak’ (Amaia Otaola eta Oihane Zunzunegi, 4’)
Amaia Otaola (Eibar, 1995) eta Oihane Zunzunegi (Galdakao, 1995) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatuak dira EHUn. Otaolak ETBn erredaktore eta ekoizpen lanak burutu ditu eta Matilde sorkuntzazko dokumentala izan da bere lehen ekoizpena. Zunzunegik argazkigintza proiektuak lantzen ditu, hala, Pauxa izan da bere lehen bakarkako lana. Laburmetrai esperimental honetan geologiaz dihardute. Higadura bakoitza belaunaldien atal bat dela dio filmaren sinopsiak. Izan ere, egileen esanetan, “badira irakurritako atalak eta irakurtzeko zain daudenak”.
‘Ejecutor’ (Javi Arriaga, 9’)
Javi Arriaga ekoiztetxe eta errealizatzaile askorentzat aritu da zuzendari laguntzaile eta lokalizatzaile lanetan, Euskal Herrian zein nazioartean. Film dokumental batean ekoizle eragile ari da orain, baita beste bi film luzetan atxikitako ekoizle gisa ere. Lehen film laburra 1999an zuzendu zuen eta Ejecutor da bere lan berriena. “Zure txanda denean, ez dago ihes egiterik”, dio lan honen sinopsi labur baina iradokitzaileak.
‘Tazan’ (UDA films, 11’)
Ideia bat obsesio bihurtzen denean, bizitzan eragin handia izan dezake. Gai horren inguruan hitz egiten digu Tazan laburmetrailak. Haizea Azpilikuetak, Mikel Irazustak eta Unai Portillak osatzen dute UDA films taldea. Zinema zaletasuna eta sormena bide dituztela, Euskal Herriko gune ezberdinetatik edukiak sortzeko asmoa daukate beti buruan. Hainbat lan eta sari lortu dituzte jada.
‘Areka’ (Atxur taldea. 6’)
Euxebik 80 urte ditu. Bere aita gerran desagerrarazi zuten eta gertatutakoaren gaineko zurrumurruak entzunak bazituen ere, ez du inoiz jakin non zegoen haren hilobia. Frankismoaren miseria eta errepresio guztiaren gainetik, Euxebik bizirik gorde du aitaren memoria, haren gorpuzkiak aurkitu dituzten arte. Atxur taldea iaz Beti Bezperako Koplak film laburra egiteko osatu zen Ageda Kopla taldearen jarraipena da. Orduan EHUko irakasle, ikasle eta ikasle ohi talde bat batu zen proiektu hura burutzeko. Orain beste talde bat osatu eta irizpide berberekin lanean jarraitu nahi dute
‘Kreba’ (Oier Fuentes)
Zaintzari buruzko hausnarketa proposatzen du Kreba lanak. Definizioz, Kreba hiru gauza izan daiteke: pitzadura edo arrakala, hernia edo etena, eta itsasoak kostaldera itzultzen dituen objektuak. Kontua da: zer egin pitzadura, eten edota objektu horiekin? Oier Fuentes (Arrasate, 1985) Irudi eta Soinuan espezializatutako telekomunikazio ingeniaria da eta ikus-entzunezkoen freelance gisa ari da gaur egun. 2017an Lekeitioko Euskal Zine Bileran zuzendari amateur onenaren saria jaso zuen. Kreba film laburrak Eibar eta Errenteriako film laburren lehiaketetan euskarazko film onenaren saria jaso du, eta gidoi onenarena Beste Begiradak festibalean
‘Zulo’ (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga, 14’)
Denok gara ezberdinak, denok ditugu beldurrak, ezintasunak, mugak? baina adorea? Denok al daukagu adorea? Istorio honetako bi protagonistek elkar maite dute eta maitasun hori elkarrekin bizitzea hautatu dute, adorez. Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) eta Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ecuador, 1980) Euli-giro antzezlanak elkartu zituen. Hauxe dute beraien lehenengo film laburra zuzendari eta gidoilari moduan.