Ibilbide luzea du Alos Quartet hari-laukoteak. Orain dela 19 urte elkartu ziren, eta gutxika-gutxika egin dute bidea. Egiten ari dira. Hiru disko eskutan eta hamaika kolaborazio eginda, gustura ari dira haien soinu propioa lan-tzen. Garden azken diskoarekin taldea finkatu egin da: “2015ean aurkeztu genuen diskoa eta bide luzea egin dugu; oraindik egiten ari gara. Ez du etenik eta hori aprobetxatzen ari gara”, dio Xabier Zeberio taldekideak.
Biolina eta nyckelharpa jotzen ditu Zeberiok. Azken horrek tinbre berezia ematen dio taldeari eta gozotasunez proposatutako dantza ezberdinen giro eta erritmoei esker, arin arinetik tangora edota fandangotik vals gozoetara, eta soinu iradokitzaileei esker, ohikoak ez diren tresnei esker lortuak, mundu magikoetan zehar nabigatzeko aukera ematen du Gardenek. Musika “lasaia, herrikoia, klasikoa eta indartsua” dakar diskoak, Zeberioren aburuz.
LEKUA EGINEZ
Oholtza gainean leku propioa egin du Alos Quartet taldeak urte guzti hauen poderioz. “Azkenaldian askotan esaten digute gure musika entzun bezain pronto ezagutzen dutela ikusleek eta hori oso pozgarria da”, dio Zeberiok. Euskal Herriko hamaika herri eta hiri bisitatu dituzte azken bi urtetan Garden diskoarekin. “Sekulako oihartzuna izan dugu, eta, hainbeste emanaldiren ondoren, segurtasun handiagoa dugu; hori publikoak igartzen du eta erosoago gaude: batak bestea dakar”. Udaberri eta udazken aldera emanaldi gehiago lotzen ari dira, eta aurki iragarriko dituzte haien webgunean.
Laukoteak oso modu berezian gara-tzen ditu bere ibilbidean propio izan dituzten soinu dotorea, intimitatea eta estilo berezi eta eklektikoa. Taldeak hainbat formatutan egin du Garden diskoaren aurkezpenerako bira; batzuetan laukotean, eta sarritan kolaboratzailez inguratuta. Izan ere, hamaika musikari eta artistarekin aritu dira lanean, bi hamarkadatan.
Alos Quartet hari musika tresnak jo-tzen dituzten lau musikarik osatzen dute. Esan bezala, Zeberiok, Oskorrin ibilitakoa, nyckelharpa eta biolina jotzen du, Francisco Herrerok biolina, Lorena Nuñezek biola eta Pello Ramirezek biolontxeloa. Egun, Ramirezek eszedentzia hartu du eta Iban Carmona aritu da azken emanaldietan. Hamahiru abesti bildu dituzte diskoan eta hainbat artista izan dituzte bidaide: Eñaut Elorrieta, Silvia Iriondo, Oreka TX, Harkaitz Cano eta Bill Cooley. Zehazki, Aukeran dantza taldearen Geltokia ikuskizunerako sortu zituzten diskoko zazpi abesti, eta beste sei sorkun-tza berrirekin osatu dute lana. Aurreko diskoetatik badu desberdintasun bat Garden-ek, abestietako bik ahotsa dutela. Hain zuzen ere, Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak Bidaiari ekina abestian kantatu du, Harkaitz Canok idatzitako hitzekin; eta Argentinako Silvia Iriondok, Vuelve abestiari jarri dio ahotsa.
AHOTS PROPIOA
Laukotearen eboluzio natural bat bezala definitu du Zeberiok Garden. Bakarkako hirugarren lana dute, eta musika klasikoaz gain, euskal musikak, funkak eta doinu afrikarrak hartu dute protagonismoa. “Urteen poderioz gure ahotsa aurkitu dugu eta disko honek bide horretan sendotzea ekarri du”. Gainera, aurreko diskoek ez duten zerbait du Gardenek: dantza. Izan ere, dantza egiteko gonbita da. Sarritan aritu dira elkarlanean Aukeran dantza konpainiakoak eta Alos Quarteteko kideak, eta azken lan honetan ere, estuki kolaboratu dute. “Iaz, Aukeran dantza taldeak eskatu zidan Geltokia obrarako musika sortzea, eta hori izan zen Garden-en hazia; hortik tiraka atera genituen beste doinu batzuk; horregatik esan dezakegu dantzaren inguruan jira eta bira doala ikuskizuna eta diskoa”, azaldu du biolin-jotzaileak. Erritmo herrikoiak, fandangoak eta arin-arinak ere bildu dituzte lanean. Dantza ez ezik, Alos Quarteten harizko musika-tresnek Oreka TX-en harrizko eta egurrezko txalapartak izan dituzte lagun hainbatetan.
“Maitasun handiz egindako lana da Garden”, aitortu du Lorena Nuñez taldeko biola-jotzaileak. Gustura gelditu dira taldekideak emaitzarekin, eta are gusturago publikoaren txalo beroak jaso dituztenean. Hainbat formatutan eskaintzeak ere ateak ireki dizkiela badaki Nuñezek. “Akustikoan egiten badugu oso emanaldi polita da, baina dantza sartzean are ikusgarriagoa da”. Txalapartaren indarra ere aipatu du. “Azken finean, uste dut jendeak asko duela entzun eta ikusteko eta hori guztia nahasiz ordubetetik gorako gozamena da”.
SONORITATE BEREZIA
Nuñezek dioenez, musika klasikoa izan arren, oso ongi ulertzen dira abestiak. Nyckelharparen soinua ere aipatu du. Biolontxelo eta biolarekin nahastean soinu berezia lortzen da. “Gainera, Euskal Herrian ez gaude ohituta tinbre hauek entzutera eta horregatik jendeari asko gustatzen zaio”. Hainbat instrumentu tartekatzen ditu Zeberiok taula gainean. Biolinaz gain, nyckelharpa jotzen du. Erdi Aroko instrumentua da eta Suedian du jatorria. “Sonoritate berezia ematen dio laukoteari eta jendeak eskertzen du beste tinbre batzuk izatea musikak”, dio. Orain dela 15 urte ezagutu zuen instrumentua Zeberiok. Europako Iparraldera egindako bira aprobetxatu, eta nyckelharpa jotzen zuten hainbat musikarirekin topo egin zuen. Haiekin elkartu eta gutxika-gutxika hasi zen ikasten. “Intuizioz hasi nin-tzen eta gaur egun buru belarri nabil nyckelharparekin. Oso instrumentu berezia da, nire egin dut”.
Iturri guztietatik edan dute Alos Quartetko kideek, eta hori nabari-tzen da haien musikan. Jatorri desberdina dute lau musikariek, ikasketa klasikoak egin badituzte ere. “Baina belarriak eta buruak nahiko irekita izan ditugu eta beste musika estilo batzuk jorratu ditugu denok, oso gaztetatik”. Hamaika kolaborazio egindakoak dira eta horiek guztiak arras aberasgarriak izan direla haientzat dio Zeberiok. “Oso interesgarria da ikustea musika ulertzeko modu ezberdinak; modu horiek xurgatzea eta gero horretatik zure proposamena ateratzea. Guk bizitako guztia transmititzen da diskoan”. Zerbait “propioa” aurkeztea lortu dutela uste du Zeberiok.
ELKARLANA, NATURALA
Alos Quartetek bi esparru landu ohi ditu musikan. Alde batetik, lan handia egin du beste artista batzuekin, bai diskoak grabatzen eta baita zuzenekoetan ere. Horrek aukera eman die estilo desberdinak jorratzeko eta jende desberdina ezagutzeko. Gogoan du Zeberiok Dulce Pontes abeslari portugaldarrarekin egin zuten bira: “Gaztetxoak ginen, eta Espainiako Estatuko naiz Portugalgo antzoki garrantzitsuenetan hainbat bira egin genituen”. Euskal Herriko musikari askorekin ere kolaborazioak egin dituzte, Ken Zazpi, Oskorri eta Kepa Junkera, kasu. Bestetik, haien bide propioa garatu dute. “Bi bide horiek naturalki lotuz, kolaborazioak sor-tzen dira, lagun asko egin ditugulako bidean”. Oreka TX taldeko kideekin, adibidez, estua da elkarlana. Silex diskorako kantu bat sortu zuten, eta ondoren ere laukotearen diskoan sartu dute. “Elkarlan naturalaren emaitza da diskoa”.
Elkar ulertzea oso garrantzitsua dela ere dio Nuñezek. “Musikaren gainetik, lagun handiak gara eta hori nabaritzen da, bai jotzeko orduan eta baita guztia antolatzeko ere”. Aspaldi ezagutzen dute elkar, eta musika modu berean ulertzen dute. Zeberio, Herrero eta Ramirez hasieratik elkartu ziren eta Nuñez orain dela 12 bat urte batu zen taldera. Aurki beteko dituzte 20 urteak, eta zein eratan argi ez badute ere, taldekideak prest daude erronka berriei heltzeko. Bitartean, oraindik badute eszenatokia lorategiz eta dantzaz betetzeko gogoa. “Gure txikitasunean publiko zabalera iritsi gara, esan dezakegu gutxiengo handi batengana iritsi den taldea garela”. Jendeak taldearen soinua errekonozitzea lortu du, eta hori ez dela egun batetik bestera lortzen aitortu dute Zeberiok eta Nuñezek.
FORMATU UGARITAN
Zeberiok sortu ohi ditu abesti gehienak, baina taldean lantzen dituzte beti eta inprobisaziora irekita daudela diote. Hori dela eta, hainbat formatutan eskain-tzen dute Garden. Kontzertu intimo bat emateko gai da Alos Quartet, baina baita ere antzoki handi batean eta ehunka ikusleren aurrean sekulako emanaldia egiteko ere. “Ikuskizun berezia, zuzena eta intimoa egin dezakegu; baina baita festa handi bat ere”, dio Nuñezek. Aukera horrek leku askotara iristeko parada eskaini die eta ibilbide emankorra izan dute azken bi urteetan.
Alos Quartetek 1999an eman zituen lehen pausoak. Musika klasiko naiz modernoan esperientzia zabaleko musikariak dira, eta orkestra ezberdinekin lan egiteaz gain, taldekideak folk talde ezberdinetako partaide ere badira (Oskorri, Benito Lertxundi) eta baita Euskal Herriko hainbat musika proiektutako ohiko kolaboratzaile ere. Ibilian ibilian, laukoteak lortu ditu bere berezko ezaugarriak eta heldutasuna. Lau instrumentu lotzen dituzte akustikoan, eta oso garrantzitsua da elkar ulertzea, Zeberiok azpimarratzen duenez. “Elkar ulertze handia behar dugu gure artean. Gure sekretua, gure ustez, hainbeste urtez elkarrekin jo izana da; jotzeko orduan dugun konplizitatea entzuleak ikusten duela uste dut eta urteen poderioz bakarrik lor-tzen da hori”.
Ziur daude urte gehiagoz jarraituko dutela. “Alos Quartet bide luzeko proiektua da, pixkanaka, mimoz eta inongo presarik gabe egindakoa. Ia 20 urtetan hiru disko baino ez dituzte kaleratu, gauzak presarik gabe, maitasunez eta arreta osoz egiten dituzten seinale. “Helburua beste bat delako”, beraien esanetan.